Balorazio positiboa egiten dugu abuztuaren 26ko greba jardunaldiaren inguruan. Horren adibidea egunean zehar bertan behera geratutako 49 ekitaldi...

«Berebiziko larritzat jotzen dugu erakunde publiko bateko ordezkari politikoek oztopoak jartzea oinarrizko eskubide bat baliatzearie»
IKUSKIZUNETAKO ETA EKITALDIETAKO SEKTOREAREN GREBAREN BALANTZEA BIZKAIAN
Teknikariok sindikatutik balorazio positiboa egiten dugu abuztuaren 26ko greba jardunaldiaren inguruan. Horren adibidea egunean zehar bertan behera geratutako 49 ekitaldi. Mobilizazioak luzaroan ezkutuan egon den errealitate bat ikusarazteko balio izan du: ikuskizunen sektorean lan egiten dugunon prekarietatea eta lan baldintzak.
Jardunaldian zehar, azpimarratu beharreko hainbat egoera gertatu ziren. Azkenean, Urtzen kontzertua egin zen, baina normaltasunetik urrun. Harritu egiten gaitu Bilboko Udalak ekitaldiak bai ala bai egin behar direla irizpidetzat izatea, edozein dela ere egoera eta greba jardunaldi baten gainetik.
Pergolan gertatutakoa gertatu behar ez zen egoeraren adibide garbia da. Antolakuntzari aldez aurretik jakinarazi zitzaion piketeak egingo zirela, eta, hala ere, tentsio egoerak sortu ziren, greba eskubidearekiko jarrera errespetuzkoago batekin saihestu zitezkeenak.
Halaber, jardunaldian zehar izandako poliziaren presentzia neurrigabea salatu nahi dugu, istiluen aurkako lau furgoneta ere zabaldu ziren, mobilizazio baten aurrean, non, materialik arriskutsuena plastikozko turuta batzuk ziren.
Bereziki larritzat jotzen dugu greba batzordea Abandoibarrako agertoki gunera sartzen saiatu zenean gertatutakoa, greba eskubidearen balizko urraketak dokumentatzeko duen eskubide sindikala baliatu nahi baitzuen. Bai Amaia Arregik, Segurtasuneko zinegotziak, bai Itziar Urtasunek, Jaietako zinegotziak, hasiera batean sarrera hori eragotzi zuten.
Espazio publikoa zenez, Bilboko Udaltzaingoari zegokion eskumena. Bi ordu baino gehiagoz bitartekaritza egin zen Segurtasuneko arduradunarekin. Testuinguru horretan, udaltzainetako batek honakoa galdetu zuen: «Nork ukatzen die sarbidea, zuk ala nik?». Horrek argi utzi zuen erabakia ez zegokiola polizia agenteari, baizik eta jarraibide politiko bat zegoela.
Azkenik, bi orduko bitartekaritzaren ondoren, Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen. Ertzaintzak argitu zuen greba batzordearen eskubide sindikala urratzen ari zela eta sarbidea baimendu behar zela bere eginkizunak bete ahal izateko.
Berebiziko larritzat jotzen dugu erakunde publiko bateko ordezkari politikoek oztopoak jartzea oinarrizko eskubide bat baliatzeari, eta eskubide hori aitortua izan dadin beste polizia kidego baten esku hartzea beharrezkoa izatea.
Jardunaldi honek beste errealitate bat ere mahai gainean jarri du, sektorean lan egiten duten pertsona guztiek ez dute benetan greba eskubidea baliatzeko gaitasunik. Askotan, taldeek eta konpainiek gehiegizko klausulak dituzten kontratazio baldintzei egin behar diete aurre, eta horiek maniobra marjina oso txikia uzten diete.
Bilboko Orkestra Sinfonikoaren adibide modura.
Horren adibide bereziki esanguratsua Bilboko Orkestra Sinfonikoarena da. Orkestrak berak publikoki adierazi zuen sektorearen aldarrikapenekin bat egiten zuela, baina kontratu baldintzek ez diote grebarekin bat egitea ahalbidetzen. Horrek erakusten du arazoak ez diela soilik teknikariei eragiten; kontratazio eredu bat dago, langileek beren eskubideak defendatzeko duten gaitasuna mugatzen duena.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki herri mugimenduei , baita borroka jardunaldi hau babestu zuten pertsona eta kolektibo guztiei ere. Lehen eskutik ezagutzen dute guk pairatzen dugun prekarietatea, eta beste behin erakutsi dute lan baldintza duinen aldeko defentsa kultura herrikoi eta irisgarriaren defentsaren parte ere badela.
Teknikariok sindikatutik uste dugu greba hau ez dela hilaren 26arekin amaitzen. Aitzitik, ikuskizunen sektoreko lan baldintzak aldatzeko prozesu baten hasiera da.
Gure borroka ez doa publikoaren ezta kulturaren aurka ere. Edozein preziotan ikuskizunek aurrera egitea nahi duen eredu baten aurka doa, ikuskizunak posible egiten ditugunok baldintza prekarioetan lanean jarraitzen dugun bitartean.
TEKNIKARIOK
Ikuskizunetako eta Ekitaldietako sektorearen grebaren balantzea positiboa Bizkaian
Arabako ikuskizun eta ekitaldietako langileen greba Andre Maria Zuriaren jaietan
Ikuskizun eta ekitaldietako langileek greba deitu dute 3 hiriburuetako Aste Nagusietan
Maiatzaren 15ean greba eta mobilizazioak EAEko ikuskizun eta ekitaldien sektorean
- 1
- 2









