Ikasturte honetan kaleratzeak geldiarazi, altzairutegia defendatu eta logistika kanporatzea eragotzi dugu. Merezitako udako atsedenaren ondoren, erne jarraituko dugu, Konkurtso Administrazioak edo balizko edozein inbertitzailek gure lanpostuen eta lan-baldintzen kontura beren planak aurrera eraman nahi badituzte.

 

«  Langileok ohorezko matrikula lortu dugu ; enpresak eta haren kudeatzaileek, berriz, erabateko hutsegitea »

 

Ikasturte hau oso gogorra izan da. Urtea edozein langilek aurre egin diezaiokeen azterketarik zailenarekin hasi genuen: 301 kaleratze, gure altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzearekin. Hauxe izan zen Tubos Reunidosen grebaren arrazoia, eta ez gero gure borroka gutxiesteko, gu zatitzeko eta enplegua zein lantegien etorkizun industriala defendatzen ari ginenak arduragabetzat aurkezteko erabili diren kontakizun interesatuak.

Langile gutxik egin behar izaten diote aurre halako mehatxu bati, eta, aldi berean, presio, desmobilizazio eta kriminalizazio kanpaina hain gogorrari. Zuzendaritzak, patronalak, zenbait komunikabidek eta erakunde batzuek istilugile edo gaizkile gisa aurkeztu nahi izan gaituzte. Gainera, gutako batzuek salaketa-mezuak eta gutunak, diziplina-espedienteak, Kanal Etikoaren eta Giza Baliabideen jarduketak, administrazio-zehapenak eta gure mobilizazioekin lotutako hainbat prozedura ere jasan behar izan ditugu.

 

Zuzendaritzak huts egin du

Hala ere, urte luzez enpresa hau kudeatu eta zorpetze- eta kaudimengabezia-egoerara eraman dutenak dira orain azalpenak eman behar dituztenak: Condesaren operazioaren arduradunak, hamazazpi urtetan hamar ABEEE ezarri dituztenak, bost urtez soldatak izoztu bitartean goi-zuzendaritzaren ordainsariak handitu dituztenak, eta langileoi sakrifizioak eskatu dizkigutenak, aldi berean diru-laguntza publikoak jasotzen eta industria-aktiboak saltzen zituzten bitartean. Ez gaude itsasontzi berean. Batzuek poltsikoak betetzen zituzten bitartean, guri ABEEEak, ziurgabetasuna eta eskubideen galera ezarri zizkiguten, eta azkenik, enplegua eta gure etorkizuna suntsitzen saiatu dira.

 

Langileok gainditu dugu

Langileok, aldiz, ohorezko matrikula lortu dugu. Gure borroka kalera eraman dugu, eta mobilizazio bakar bat ere ez da oharkabean igaro. Piketeetan ez da inoiz janaririk, adiskidetasunik, solasaldirik, animo edo langileen arteko elkartasunik falta izan. Han eraiki dira lankideen arteko konfiantza, elkarrekiko babesa eta kontzientzia kolektiboa. Denok ez dugu modu berean parte hartu, baina grebak iraun duen bitartean langileok bat eginda egon gara, eta ia inor ez da lanera sartu, Zuzendaritzak errealitatearekin bat ez zetorren kontakizuna eraikitzeko bere ikuskizun partikularra antolatu zuen arte.

Eta uztailera iritsi gara iragarritako 301 kaleratzeak gauzatu gabe, altzairutegia martxan eta logistikan betiko gure lankideak lanean jarraitzen dutela. Hori ez da kasualitatez gertatu. Grebaren, mobilizazioen eta langileen erresistentziaren bidez lortu dugu, gure borrokari balioa kendu nahi diotenek esaten dutena esanda ere.

 

Atseden hartzeko garaia da

Orain atseden hartzeko garaia da. Oporretara joan gaitezke lasai, kontzientzia garbiarekin eta gauzak ondo egin izanaren poztasunarekin. Goza dezagun gure familia eta lagunekin, deskonekta dezagun eta berreskura ditzagun indarrak. Irabazi egin dugu.

Baina ez dugu guardia jaitsi behar. Irailean Zuzendaritzak planteatutako balizko murrizketak eta aldaketak itzuliko dira, eta Tubos Reunidos erosi, bertan inbertitu edo haren kontrola hartu nahi dutenen asmoak ezagutzen hasiko gara. Esperientziak prest egotera behartzen gaitu gure lanpostuak, soldatak eta eskubideak truke-txanpon gisa erabiltzeko edozein saiakeraren aurrean, 'enpresa erosle posible batentzat erakargarriago egiteko'.

 

 

Irailean tinko jarraituko dugu

Inor ez dadila nahastu. Kaleratzeak geldiarazi, altzairutegia defendatu eta logistika kanporatzea eragotzi duen langilego bera hemen izango da irailean ere. Enplegua bermatuko duen, lantegietako jarduera mantenduko duen eta hitzarmenak zein eskubideak errespetatuko dituen benetako industria-proiektu serio bat aurkezten bada, Tubos Reunidosen etorkizunaren alde lan egiteko eta elkarlanean aritzeko prest dagoen langilego bat aurkituko dute.

Baina Zuzendaritzak, Konkurtso Administrazioak edo balizko edozein inbertitzailek beren planak gure lanpostuen eta lan-baldintzen kontura aurrera atera nahi badituzte, berriro aurrean izango gaituzte.

Hemen ez dago langilego garaitu edo etsiturik. Badago borrokatzen, antolatzen eta berea dena defendatzen dakien langilego bat. Ikasturte honetan egin dugu, eta hurrengoan ere egingo dugu.

Oporrak ondo pasatzeko eta indarrak hartzeko garaia da. Irailean batasun berarekin, elkartasun berarekin eta borrokarako gogo berarekin itzuli beharko dugu.

Eta gauza batez ziur egon zaitezkete: ESK-ko kideok hemen izango gara lehen egunetik, eta beti bezala jo ta ke.

Ondo pasa eta gora langileon borroka!

 

Grebak ez du krisia eragin eta EEE-k ez zuen Tubos Reunidos salbatuko

Tubos Reunidosek CNMVri bidalitako 2026ko lehen seihilekoko emaitzek egoera larria baieztatzen dute; baina, aldi berean, Zuzendaritzak aspalditik datorren krisiaren zama Irakurri

Tubos Reunidos: langileok gainditu dugu; Zuzendaritzak suspenditu egin du

Ikasturte honetan kaleratzeak geldiarazi, altzairutegia defendatu eta logistika kanporatzea eragotzi dugu. Merezitako udako atsedenaren ondoren, erne jarraituko dugu, Konkurtso Administrazioak Irakurri

Tubos Reunidosek egutegiak aldatu nahi ditu “atzeko atetik”, hartzekodunen konkurtso betean

Tubos Reunidoseko ESK-ren atal sindikalak enpresak, lan-baldintzen funtsezko aldaketa legezko berme guztiekin izapidetu gabe, txanda eta egutegietan aldaketa kolektiboak ezarri Irakurri

Tubos Reunidoseko langileok etorkizunaren borroka kongresura eraman dugu

Tubos Reunidoseko langileok hartzekodunen konkurtsoari irtenbide industrial eta soziala emateko beharra defendatu dugu Diputatuen Kongresuan, gardentasuna, enpleguaren bermea eta erakundeen Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10