Edozein industria-irtenbidek Amurrioko, Trapagarango eta Langraiz Okako lantegien jarraitutasuna bermatu behar du. Tubos Reunidos taldeak industria-instalazioak, ezagutza teknikoa, langile kualifikatuak, bezeroak eta ekoizpen-gaitasuna ditu.

 

 

« Edozein industria-irtenbidek  Amurrioko, Trapagarango eta Langraiz Okako  lantegien jarraitutasuna bermatu behar du »

 

ESK-tik zorroztasunez eta arduraz jokatzeko mezua helarazi nahi dugu Tubos Reunidosen etorkizunari buruz argitaratzen ari diren informazioen aurrean. Enpresaren egoera larria da, baina horrek ez du esan nahi itxiera saihestezina denik, ezta salmenta-prozesuak porrot egin duenik ere. Gertakariak eta hipotesiak bereizi behar dira, eta konkurtso-prozedurako berritasun bakoitza enpresa desagertzeko bidean beste urrats bat balitz bezala aurkeztea saihestu.

 

SEPIren jakinarazpena

Tubos Reunidos S.A.ren likidazio-fasea irekitzeak ez du esan nahi fabrikak ixtea erabaki denik. Ekoizpen-unitateak saltzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, eta bost hautagaitza igaro dira hurrengo fasera, nahiz eta guztiek ez dituzten industria-jarduera eta instalazio berberak barne hartzen. Gainera, azken egunotan SEPIren jakinarazpen baten berri izan dugu. Bertan, Tubos Reunidosi emandako finantzaketa publikoaren baldintza jakin batzuk negoziatzeko prest dagoela adierazi du.

Horrek ez du esan nahi zorra barkatu denik, ezta behin betiko akordiorik dagoenik ere, baina bai irtenbideak bilatzen jarraitzeko tartea dagoela. Hain zuzen ere, finantzaketa publiko horri lotutako zorra da ekoizpen-unitateak erostea errazteko konpondu beharreko oztopo nagusietako bat.

Gogorarazi behar dugu, halaber, merkataritza-jarduera badagoela. Urrian nabarmen egin du gora jasotako eskaeren kopuruak, bereziki Amurrion. Arazoa ez da bezeroak lortzea soilik, baizik eta eskaera horiek ekoizpen bihurtzeko eta jardueraren jarraipena bermatzeko behar adinako finantzaketa izatea.

 

 

Tubos Reunidos Premium Threads

ESKtik ez diegu garrantzirik kenduko zailtasun ekonomikoei, nominen inguruko ziurgabetasunari, ezta enplegua arriskuan jar dezaketen mehatxuei ere. Bereziki jabetzen gara Langraiz Okako Tubos Reunidos Premium Threads fabrikak bizi duen egoera larriaz, bertan lan-arloan oso ondorio larriak izan ditzaketen neurriak planteatu baitira. Baina ez gatoz bat oraindik gertatu ez den amaiera bat saihestezintzat aurkeztearekin ere.

ESK-ren ustez, edozein industria-irtenbidek hiru lantegien jarraipena jaso behar du: Amurriokoa, Trapagarangoa eta Langraiz Okakoa. Ezin da horietako bakar bat ere bere kasa eta babesik gabe utzi.

Tubos Reunidos taldeak industria-instalazioak, ezagutza teknikoa, langile kualifikatuak, bezeroak eta ekoizpen-gaitasuna ditu. Industria- eta giza ondare hori babestu behar da; izan ere, ez da bideragarria Amurrioko, Trapagarango eta Langraiz Okako ekoizpen-jarduerak elkarrekin eta modu integratuan garatu gabe. Horregatik, Konkurtso Administrazioari, erakundeei eta balizko erosleei exijitzen diegu lan egin dezatela hiru fabriken jarraipena bermatzeko, lanpostu guztiak defendatzeko eta lan-baldintzak errespetatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzari deia

Bereziki, Eusko Jaurlaritzari egiten diogu dei. Prozesu oso honetan izan duen eginkizunari buruzko gardentasuna exijitzen diogu. Prozesuaren hasieratik informazioa ezkutatzeko jarrera izan du Tubos Reunidoseko langileekiko, eta saihestu egin du enpresaren kudeaketa eta egungo kudeatzaileak egungo egoeraren erantzule gisa seinalatzea. Hartzekodunen konkurtsoa une erabakigarrian dagoen honetan, langileei argi azaltzea exijitzen diogu zer gestio egin dituen eta zer emaitza izan duten.

Ez dugu itxaropen faltsurik sortu nahi, baina ezta langileei, bezeroei eta salmenta-prozesuari berari kalte egingo dien giro derrotistarik elikatu ere. Egoera kritikoa da, baina Tubos Reunidosen etorkizuna erabakitzeke dago oraindik. Eta ESKtik lanean jarraituko dugu etorkizun horretan Amurriok, Trapagaranek eta Langraiz Okak tokia izan dezaten, industria-jarduerarekin, enpleguarekin eta lan-eskubideekin.

 

Tubos Reunidos taldeko lantegi guztien jarraitutasuna bermatu behar da

Edozein industria-irtenbidek Amurrioko, Trapagarango eta Langraiz Okako lantegien jarraitutasuna bermatu behar du. Tubos Reunidos taldeak industria-instalazioak, ezagutza teknikoa, langile kualifikatuak,… Irakurri

Tubos Reunidos talde osoarentzako enplegu-bermeak eta industria-irtenbidea exijitzen ditugu

Premiazko neurriak eskatzen ditugu jarduerari eta soldatei eusteko, baita talde osoa babestuko duen irtenbide bat ere. Likidezia-faltak eta salmentaren inguruko… Irakurri

Grebak ez du krisia eragin eta EEE-k ez zuen Tubos Reunidos salbatuko

Tubos Reunidosek CNMVri bidalitako 2026ko lehen seihilekoko emaitzek egoera larria baieztatzen dute; baina, aldi berean, Zuzendaritzak aspalditik datorren krisiaren zama… Irakurri

Tubos Reunidos: langileok gainditu dugu; Zuzendaritzak suspenditu egin du

Ikasturte honetan kaleratzeak geldiarazi, altzairutegia defendatu eta logistika kanporatzea eragotzi dugu. Merezitako udako atsedenaren ondoren, erne jarraituko dugu, Konkurtso Administrazioak… Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10