Tubos Reunidosek CNMVri bidalitako 2026ko lehen seihilekoko emaitzek egoera larria baieztatzen dute; baina, aldi berean, Zuzendaritzak aspalditik datorren krisiaren zama grebari eta plantillari leporatzeko egiten ari den saiakera gezurtatzen dute.
« Galerak grebaren ondorio gisa aurkeztea ez da analisi ekonomikoa, enpresa-propaganda baizik »
Negozio-zifra %51,7 jaitsi zen, 99,4 milioi eurora. EBITDA 30,4 milioi euro negatiboa izan zen; ustiapen-emaitza, 77,5 milioi euro negatiboa; eta galera egozgarriak 88,2 milioira iritsi ziren, 2025eko epe bereko 28,5 milioien aldean. Kontuek, gainera, ibilgetuaren 39,1 milioiko kontabilitate-narriadura eta 10,7 milioiko finantza-emaitza negatiboa jasotzen dituzte. Galera osoa grebaren ondorio gisa aurkeztea ez da azterketa ekonomikoa: enpresa-propaganda da.
Tubos Reunidosek 118,1 milioi euroko galera egozgarriekin eta 263,2 milioi euroko finantza-zor garbiarekin itxi zuen 2025ª. 2026ko ekainaren 30ean, zor hori 298,8 milioira iritsia zen. Enpresak aitortzen du mugaeguneratutako zenbait ordainketa egin gabe dituela eta zor osoa epe laburreko pasibo gisa birsailkatu duela. Zorra eta likidezia nahikorik ez izateko arriskua greba baino lehenagokoak ziren. Plantillak ez zituen sortu.
EEEa ez zen ezinbestekoa
EEEa ezinbestekoa zela ere gezurtaturik geratu da. Zuzendaritzak urtean 9,1 milioi euro baino ez aurreztea kalkulatzen zuen. EREak ez zuen zorra birnegoziatzen, ez zuen finantzaketa berririk ekartzen, ez zuen merkaturik lortzen eta ez zuen industria-bazkiderik erakartzen. 301 kaleratze inposatu, Amurrioko altzairutegia itxi eta logistika kanpora atera nahi zituen. Bideragarritasun Planak zorra birnegoziatzea, finantzaketa berria lortzea eta aliantza estrategikoak bilatzea ere jasotzen zuen. Enpresak CNMVren aurrean aitortu du ez zituela aurreikusitako emaitzak lortu, eta likidezia nahikorik ez izateko aurreikuspena izan zela hartzekodunen konkurtsoa eskatzeko arrazoia. Konkurtsoa ez zen EEEa bertan behera uzteagatik iritsi, enpresa-estrategiaren porrotagatik baizik.
Konkurtso Administrazioak ekainaren 3an jakinarazi zuen EEEa ez gauzatzeko erabakia, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean berretsi zuen; horren ondorioz, prozedura objekturik gabe geratu eta artxibatu egin zen. ESK-ren ustez, espediente hura ez zen ezinbestekoa enpresaren jarraipenerako, eta ez zituen haren egiturazko arazoak konpontzen. Greba enpleguaren eta industria-gaitasunaren aurkako eraso basatiari emandako erantzuna izan zen. Eraso hura gabe, ez zen grebarik izango, ezta Zuzendaritzak orain aitzakia gisa erabiltzen dituen ekoizpen-ondoriorik ere. Gatazka eragin duenak ezin ditu gero beren burua defendatzen dutenak kriminalizatu.

Egoeraz baliatu eskubideak murrizteko
Eta orain, Zuzendaritza konkurtsoa erabiltzen saiatzen ari da eskubideak atzeko atetik murrizteko. Norberaren aukerako egunak baliatzeko eskubidea alde bakarrez blokeatu du, konkurtsoaren aurreko zorra direla argudiatuta. ESK-k interpretazio hori erabat baztertzen du: ez dira ordaintzeke dauden diru-kopuruak; enpresak ezarritako antolaketa-neurriek familia-bizitza, bizitza pertsonala eta gizarte-bizitza uztartzeari eragiten dioten kaltea konpentsatzeko emandako denbora baizik. Plantillari zor zaion denbora «konkurtso-zor» bihurtzea langileen eskubideez jabetzea da.
Halaber, lan-egutegiak, ordutegiak eta txandak aldatu nahi izan zituen legeak ezarritako prozedura bete gabe, ustezko premia baten aitzakian. Langileen ordezkaritzak uko egin zion lan-baldintzen funtsezko aldaketa hori atzeko atetik legitimatzeari. Bi aste baino gehiago igaro ondoren, enpresak ez du kontsulta-aldia hasi ere egin. Premia aitzakia hutsa zen: legezko prozedura saihestu eta sindikatuen txeke zuria lortu nahi zuten.
Horri gehitu behar zaio osasun-zaintza, lan-istripuen arreta eta prebentzio-medikuntza nahitaez kanpora ateratzea, autoaseguru-erregimena galtzearekin batera. Enpresa ez da saiatu enpresa utzi duten osasun-langileak ordezkatzeko inor bilatzen ere, eta egoera baliatzen ari da plantillaren osasun-kudeaketa erabat azpikontratatzeko.
Diziplina-espedienteak
ESK-k, halaber, sare sozialetan iritzi sindikalak argitaratzeagatik ESKren ordezkari bati irekitako diziplina-espedientea salatzen du, baita Kanal Etikoa greban aktiboki aritu diren hainbat langile eta ordezkari sindikal presionatzeko erabili izana ere. Kanal hori ezin da larderia, errepresalia edo sindikalgintza isilarazteko tresna bihurtu.
Plantillak ez du Tubos Reunidos hondoratu. Jarduerari eutsi dio, eta Aiaraldeko enplegua eta industria-gaitasuna defendatu ditu. Enpresa kudeatu, zorpetu eta konkurtso-egoerara eraman dutenek beren erantzukizunak hartu behar dituzte.
ESK-k industria-proiektu bat eskatzen du, enplegua, lantegi guztien jarduera, altzairutegia, logistika, inbertsioak, hitzarmen kolektiboak, lan-osasuna eta borrokaz eskuratutako eskubideak bermatuko dituena. Ez Zuzendaritzak, ez konkurtsoak, ezta etorkizuneko inbertitzaile batek ere, ez dute txeke zuririk izango mobilizazioak geldiaraztea lortu zituen murrizketak inposatzeko.
Grebak ez du krisia eragin eta EEE-k ez zuen Tubos Reunidos salbatuko
Tubos Reunidos: langileok gainditu dugu; Zuzendaritzak suspenditu egin du
Tubos Reunidosek egutegiak aldatu nahi ditu “atzeko atetik”, hartzekodunen konkurtso betean
Tubos Reunidoseko langileok etorkizunaren borroka kongresura eraman dugu
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10









