Tubos Reunidoseko langileok hartzekodunen konkurtsoari irtenbide industrial eta soziala emateko beharra defendatu dugu Diputatuen Kongresuan, gardentasuna, enpleguaren bermea eta erakundeen konpromisoa eskatuz enpresaren etorkizuna ziurtatzeko.

« Tubos Reunidosek etorkizuna du industria espekulazio finantzarioaren gainetik jartzen bada »
Ekainaren 17an, Tubos Reunidos-eko langileen ordezkariok bilera bat egin genuen Diputatuen Kongresuan, talde parlamentarioei enpresaren benetako egoera helarazteko eta hartzekodunen konkurtsoari irtenbide industrial, laboral eta sozial bat defendatzeko.
Tubos Reunidos-eko langile gisa joan ginen, Enpresa Batzordeko kide gisa eta ESK sindikatuko ordezkaritza sindikal gisa, plantilla osoaren izenean. Ez dugu onartzen Tubos Reunidosen inguruan erabakiak hartzea gu entzun gabe, urte luzez gure lanaren bitartez enpresa hau aurrera atera baitugu, ERTE, izozketak eta ziurgabetasuna pairatuz.
Legez Besteko Proposamena
Bilera Legez Besteko Proposamena (LBP) baten inguruan egituratu zen, plantillaren aldarrikapenetatik abiatuta eta Podemos eta EH Bilduk erregistratua. Honetan Espainiako Gobernuak, SEPIk, BBVAk eta gainerako hartzekodun pribatuek Tubos Reunidosek duten erantzukizuna bere gain har dezaten proposatzen dugu. Bileran Podemos, EH Bildu, PSOE eta BNGk parte hartu zuten.
Han azaldu genuen krisia ez dela grebaren, langileon edo enpleguaren defentsa sindikalaren ondorio. Krisia kudeaketa enpresarial eta finantzario jakin baten ondorio da, zeinak zorra, interesak, birfinantzaketak, aktiboen salmenta eta oreka kontableak lehenetsi dituen proiektu industrial baten gainetik.
Halaber, SEPI/FASEEren kreditu publikoaren inguruko gardentasun falta salatu genuen. Kreditu hau enpresa indartzeko, ekoizpena dibertsifikatzeko eta mendekotasun estrategikoak murrizteko sortu zen. Gaur, ordea, hartzekodunen konkurtso baten aurrean gaude, eta taldea zatituta saltzeko arriskuaren aurrean.
Denbora guzti honetan zuzendaritzak EEEa, Amurrioko altzairutegiaren itxiera eta logistika azpikontratatzea justifikatu ditu “bideragarritasun plan” gisa. Baina hori ez zen industria-plana, ahultze-plana baizik. Altzairutegia ixteak, logistika kanporatzeak eta plantilla murrizteak ez du Tubos Reunidos indartzen: mendekotasun handiagoan eta desagerpen edo zatika salmentaren arriskuan uzten du.

Proposamenak eskatzen du SEPIren eta Enpresa Batzordeen arteko premiazko bilera bat. Baita SEPIri aurkeztutako planaren eta bilera-aktak entregatzea ere eta zor publikoa akzioetan bihurtzea. Amurrio, Trapagaran eta Langraitz mantentzen dituen industria-plana (altzairutegia, logistika eta altzairu bereziak barne) ere eskatzen dugu, lanpostu guztiak bermatuz. Azkenik jarduerari eta plantillari baldintzatutako laguntza publikoak eta BBVA eta gainerako bankuen inplikazioa eskatzen dugu, zorraren kitatze edo akzio bihurketaren bidez.
Podemosek LBP eta plantillaren borroka babestu zituen. EH Bilduk Gobernuaren gaineko presioa jarraitzeko baliagarria izan dadila defendatu zuen. BNGk aldeko botoa iragarri zuen. PSOEk bileran parte hartu zuen, entzun zuen eta LBP aztertzeko eta Gobernuari helarazteko konpromisoa hartu zuen, baina ez zuen babes espliziturik adierazi. EAJk, deitua izan arren, ez zuen parte hartu eta ez du azalpenik eman; hori onartezina iruditzen zaigu, duen erantzukizun politiko eta instituzionala kontuan hartuta, eta Lakuan aurreko astean ere bere inplikazio falta argi utzi zigun.
Botere politikoa, finantzarioa eta enpresariala
ESK-tik eta langileen ordezkaritzatik berretsi nahi dugu plantilla ez dela kudeaketa txarraren, zorpetzearen, enpresa-erabakien edo ustezko ustelkeria politiko edo enpresarialaren erantzule. Plantillak ezin du eragin ez duenaren ordaina ordaindu.
Irtenbidea ezin da izan kaleratzea, altzairutegia ixtea, logistika kanporatzea edo Tubos Reunidos zatitzea. Irteera gardentasunetik, kontrol publikoetik, SEPIren erantzukizunetik, BBVAren eta gainerako hartzekodunen inplikaziotik, zentro guztien mantentzetik, jarduera industrialaren defentsatik eta enpleguaren bermetik pasatzen da.
Tubos Reunidosek etorkizuna du industria espekulazio finantzarioaren gainetik jartzen bada. Plantillak jada ahalegin gehiegi egin ditu. Orain, erantzun behar dute botere politikoa, finantzarioa eta enpresariala dutenek.
Enplegua eta etorkizun industriala da bidea

Grebak ez du krisia eragin eta EEE-k ez zuen Tubos Reunidos salbatuko
Tubos Reunidos: langileok gainditu dugu; Zuzendaritzak suspenditu egin du
Tubos Reunidosek egutegiak aldatu nahi ditu “atzeko atetik”, hartzekodunen konkurtso betean
Tubos Reunidoseko langileok etorkizunaren borroka kongresura eraman dugu
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10









