Hitzarmenaren negoziazioan aurrerapen nahikorik ez dagoenez, gaurkoan mobilizazio dinamiken intentsitatea areagotu dugu greba baten bidez, ezinbestekoa dena mahaian aurrerapenak egoten jarraitu daitezen.

 

« Administrazioei eskatzen diegu langile publikoen eta azpikontratatutakoen arteko  parekatzea  errealitate bihurtuko duten neurriak bultza ditzatela »

 

15 hilabete baino gehiago pasa dira negoziazioak hasi zirenetik, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuok grebarako deialdi berria egin dugu. Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmenaren negoziazio mahaian 15 bilera egin dira jada, eta AISA patronalak akordiorako borondatea lehenbiziko aldiz erakutsi izanagatik (IT osagarriak, malgutasuna, euskara, telelana edo kontratazioa), negoziazioetan oraindik hainbat kontu zehaztu gabe daudela esan beharrean gaude: soldaten igoerari, lanaldiaren murrizketari, lizentzien eta kontziliazio-eskubideak hobetzeari, erretiro aurreratua hartzeko aukerari edo nahi gabeko partzialtasuna murrizteko neurriei buruzko posizioak urrun egoten jarraitzen dutelako. Ekainaren 4an izango dugu hurrengo negoziazio mahaia eta negoziazio-gai guztietan jarrerak hurbiltzeko benetan borondaterik badagoen ikusiko dugu.

 

 

Lan-baldintzak uneoro prekarizatzen ari diren garai hauetan, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuok lan-baldintzak hobetzeko aldarrikapena defendatu dugu, beste behin ere, arlo publikoko langileekin ekiparaziorako bidean. Horregatik, AISA patronalari ez ezik, sektorearen gaineko erantzukizun zuzena duten Administrazioei euren konpromisoa sendotu dezaten eskatu diegu Araban esku-hartze sozialeko laugarren hitzarmen bat sustatzeko finantzaketa nahikoa bermatzeko eta langile publiko eta pribatuen arteko parekatzea errealitate bihurtu dadin.

Greban dauden langileek gogor kritikatu dute administrazioen jarrera, eta argi eta garbi adierazi diete lan-gatazka konpontzeko erantzukizun politikoa dutenei, orain arte ez dutela horretarako ezer egin, eta hori onartezina dela, eurek pribatizatutako eta azpikontratatutako lan-baldintzen prekarizazioaren erantzuleak baitira. Gaur Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Batzordea bildu da eta, horregatik, langileok Udalean elkartu gara haiei zuzenean interpelatzeko. Gogorarazi nahi dugu Lucho Royero zinegotziak oraindik ez duela sindikatuekin biltzeko gogorik izan, eta duela urte erdi baino gehiago planto egin digula.

 

 

Mobilizazio berriak

Argi dugu patronalaren jarrera aldaketa sektoreko langileek egindako presioari esker izan dela, horregatik, borrokan jarraituko dugu lan-baldintza duinak eta ekiparazioa lortu arte. Greba egun honek argi erakutsi du langileen borroka dela negoziazio kolektiboaren benetako indarra.

Ez dugu inolako atzera pausorik egingo eta gaurko greba eguna ez da azken mobilizazioa izango. Astean zehar beste bi deialdi egin ditugu: ostiralean, maiatzak 29, 18:30etan, Gobernu Militarretik mobilizatuko gara hainbat kolektibo sozial eta sindikalekin batera, gastu militarraren igoera iraingarriarekin amaitzeko eta gizarte-gastua handitzeko unea dela aldarrikatuz, gizarte-zerbitzuen sarea eta lan-baldintzak hobetzeko, eta igandean, maiatzak 31an, kotxe-karabana bat egingo dugu Urizaharrarantz. Bertan, elkarretaratzea egingo dugu Arabako Batzar Nagusien Lur Jareetako Osoko Bilkura egiten den bitartean.

Aurrerapausorik ez ikustekotan, ekainean ere elkar ikusiko gara!


ELA - LAB - CCOO - ESK

 

Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmenari uko egin diogu

LABek eta ESK-k uko egin diogu Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmenari eta ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausuak exijitzen dizkiogu Aldundiari. Akordio… Irakurri

Bizkaiko Esku-hartze sozialaren patronalari negoziazioa desblokeatzeko eskatzen diogu

Bizkaiko Esku-hartze sozialaren patronala negoziazio-mahaia blokeatzeko egoerara eraman duela salatzen dugu. Ez dugu onartuko negoziazio kolektiboa baldintzak izozteko erabiltzen jarraitzea.… Irakurri

Azken uneko aurreakordioa Arabako Esku-hartze Sozialaren hitzarmenean

Zorionak eman nahi dizkiegu langile guztiei, iazko urte amaieratik akordio hau lortzeko etenik gabe borrokan aritu direlako. Akordio honek hobekuntza… Irakurri

Gasteizko Udalari esku-hartze sozialaren sektoreko gatazkaren konponbidean inplikatzea exijitzen diogu

Gasteizko Udalaren osoko bilkuran parte hartu dugu, Udalak negoziazioan inplikazioa har dezan eskatzeko. Izan ere, Arabako erakundeak dira pribatizatuta dagoen… Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12
  • 13
  • 14
  • 15
  • 16
  • 17
  • 18