Martxoaren 3ko manifestazioan Ertzaintzak izandako karga bortitza salatzen dugu, pertsona asko zaurituz eta atxilotuz. Ertzaintzan erantzukizunak argitzea eta atxilotutako pertsonak aske uztea eskatzen dugu.

 

« Karga basati horretan, Ertzaintza gazte baten gainetik pasatu da  bere furgoietako batekin  »

 

LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok eta Martxoak 3 elkarteak salatu nahi dugu ERTZAINTZAk karga polizial bortitz ikaragarria egin duela, zauritu asko utziz eta hainbait persona atxilotu dituela, gutxienez 3, ditugun datuen arabera. Manifestazioan, urtero bezala, adin guztietako milaka eta milaka pertsonak zeharkatu dituzte Gasteizko kaleak, duela 48 urte Espainiako Poliziak egindako sarraskia gogoratuz, Egia, Justizia eta Erreparazioa exijituz, eta pertsona guztientzako etorkizun justua aldarrikatuz.

 

Borrakadak, pilotakadak eta harrapaketak

Ertzaintzak neurriz kanpoko dispositiboa prestatu du El Corte Ingles ondoan, Bakea kalearen amaieran. Puntu horretan karga guztiz basatiak egin dituzte, ez bakarrik borrekin eta dozenaka foam pilotekin, polizi-furgonetekin ere oldartu dira manifestarien aurka. Oldarraldi horren ondorioz, furgoneta bat gazte baten gainetik igaro da, zaurituta utziz, eta anbulantzia batek artatu behar izan du. Gazte horrekin batera, hamarnaka pertsona zauritu dituzte, eta horietako baten batek konortea galdu du.

Esan bezala, dozenaka foam pilota jaurti dituzte Bakea eta Posta kaleetan, Tolosan polizia-karga batek gazte bat larri zauritu eta aste gutxira. Hori ez ezik, ekitaldia egiten ari zen Foruen Plazara kargatzeko sartu nahi izan du Ertzaintzak Posta kaletik, jendez gainezka bazegoen ere, baina sindikatu deitzaileen antolakuntzako pertsonek hori saihestu dute. Salatu nahi dugu, halaber, hasierako ekitaldian parte hartu duten txistulariei ere eraso egin diela Ertzaintzak, eta danbor bat hautsi dutela.

 

 

Argazkia: Alea

«  Ertzaintzan erantzukizunak argitzea  eta atxilotutako pertsonak aske uztea eskatzen dugu »

 

Erantzunkizunak argitu

Horregatik guztiagatik, karga bortitz hori erabat gaitzesten dugu, eta Ertzaintzan erantzukizunak argitzea eta atxilotutako pertsonak aske uztea eskatzen dugu. Halaber, Eusko Jaurlaritzako eta Ertzaintzako arduradunei eskatzen diegu utz diezagutela martxoaren 3a gogoratzen eta gure aldarrikapenak egiten haien erasoak jasan gabe. Gure elkartasuna helarazi nahi diegu ere zauritutako persona guztiei.

Nolanahi ere, Ertzaintzaren karga bortitza gorabehera, azpimarratu nahi dugu milaka eta milaka pertsona egon direla oroipen-ekitaldian eta manifestazioan. Horietako batzuk martxoaren 3a lehen pertsonan bizi izan zuten, beste batzuk gazteagoak, familia osoak,… Guztiek parte hartu nahi izan dute garai hartan hildako eta zauritutako pertsonei eta beraien borrokari egindako omenaldian, eta aldi beran aitortza berezia eskaini nahi izan diete orduan borroka eta bizitza bera posible egin zituzten emakumeei eta gaur egun zaintza sektorean beren eskubideak aldarrikatzen eta borrokatzen ari direnei.

 


 

 Martxoak 3ko komunikatua 

Atzo eta gaur borrokan. Hacia un futuro justo.

48 urte pasa dira Espainiako polizia armatuak Gasteizen 5 langile hil eta ehunka pertsona zauritu zituenetik eta, ondoren, Basaurin eta Tarragonan beste 2 langile hil zituenetik, langile klaseari eta Gasteizko hiriari elkartasuna adierazteagatik.

Hori izan zen gobernu frankistak hiria, bertako enpresak eta auzoak astindu zituzten mobilizazioekin amaitzeko izan zuen modu bakarra.

Borroka hilabete haietan, fabrikak itxi egin ziren eta Gasteizko bizilagunek egoerak ekarritako ondorio ekonomiko eta emozionalei aurre egin behar izan zieten. Gasteizko langileriaren %80ak bat egin zuen protestekin. Gasteiz osoa kalera atera zen.

Etxe askotan zailtasunak izan ziren egunerokotasunari aurre egiteko. Auzoetako saltokiek auzotarrei ordaindu beharreko kontuak ireki zizkieten.

Emakumeak egoerari erantzuteko antolatu ziren. Herri-jantokiak antolatu ziren, haien artean babestu ziren eta gainerako langileekin batera borrokatu ziren greba eta batzarretan parte hartuz. Ekitaldi esanguratsuenetako bat erakundeen aurrean masiboki kontzentratzea izan zen, kalean eta merkatuan, erosketa-poltsak hutsik zituztela.

Fabriketako borrokari eutsi zion zutabea izan ziren. Bizitza posible egin zuten borroka eta errepresio testuinguru gogor batean. Bere inplikazio eta lanarekin, gaur egun oraindik maitasunez eta mirespenez begiratzen diogun borroka aurrera eraman zen.

48 urte luze igaro dira jada, JUSTIZIA, EGIA eta AITORTZA oihuka eskatzen denetik. Orain, instituzio batzuk martxoaren 3ra iritsi dira, Memoria Gunea kudeatuko duen fundazioa sortu dute, eta Martxoak 3 elkartearekin prozesu horretan bere parte hartzea bermatu behar duen lankidetza hitzarmena sinatu dute. Urrats txikiak dira, sarraskiaren ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzeko.

Borroka ez zen 76an amaitu, ez da amaitu, lan-baldintzak hobetzeko aldarrikapenak ere indarrean daude oraindik, erosteko ahalmenaren galera salatzen, generoagatiko soldata-arrakalarekin bukatzeko edo lanaldia jeisteko aldarrikatzen.

Borrokan jarraitzen dugu pertsona guztientzako bizia eta bizigarria den planeta baten alde, bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema sozioekonomiko baten alde, aberastasuna banatzearen eta enpleguak duintzearen alde, esparru estrategikoetan kontrol demokratikoa eta erantzukizun kolektiboa izatearen alde, inolako diskriminaziorik gabeko gizartearen alde, gehiengo sozial eta langileen protagonismoa izango duen trantsizio demokratikoaren alde, eta desmilitarizazioaren, bakearen eta subiranotasunaren alde, gatazkara eta gerrara eramaten gaituen mundu honetan.

Etorkizun justu baterantz egin nahi dugu aurrera, eta bide horretan borroka ez da amaituko sistema kapitalista heteropatriarkal hau desagertu arte. Ezinbesteko urratsa bizitza, zaintzak erdigunean jartzea da. Horren erakusle izan zen joan den azaroaren 30eko greba feminista orokorra. Ukaezina da zerbait aldatzen ari dela, Euskal Herriko Mugimendu Feministak gidatutako ahalegin kolektibo handiari esker, haiekin bat egiten baitugu ibilbide horretan.

Mezu argia dugu: garrantzitsua da zaintza-krisiari irmo heltzea, bizitza erdigunean jarriz, eta bide-orri bat dugu: eragile sozial, sindikal eta politikoek bultzatutako Akordio Soziala. Norabide horretan indarrak batzen baditugu, borroka desberdinekin jarraitzen badugu, egungo zaintza-sistema irauli ahal izango dugu, kapitalismo heteropatriarkala oinarritzen den sistema, eta langile-klase osoak jasaten duen zapalkuntza amaitzea izango dugu helburu.

Martxoaren 3 honetan, urteko lehen hilabeteetan lanean hil diren langileak ere ezin ditugu ahaztu. Oraingo patronalak eskuak odolez zikinduta ditu, 76ko patronalak bezala.

Ezin dugu amaitu herri zapalduak gogoratu gabe, hala nola Kurdistan, Sahara eta beste hainbat. Palestinako genozidioa gelditzeko eskatzen dugu. Eta genozidioa hemen hasten dela jakinda, hemendik Israelen gerra, okupazio eta genozidio estrategiarekin dauden konplizitate guztiekin amaitzeko exijitzen dugu. Azken batean, giza eskubideak errespetatzea eta herri horietan konponbide demokratikoa ematea eskatzen dugu.

Borrokan jarraitu behar dugu, borrokan jarraitzea zor diegu Pedro María Martínez Ociori, Francisco Aznarri, Romualdo Barrosori, José Castillori, Bienvenido Peredari, baita Juan Gabriel Rodrigori eta Vicente Antón Ferrerori ere, eta mundu eta gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten alde borrokatu eta borrokatzen duten guztiei. Horregatik, gure aitortza eskaintzen diegu 76an borroka eta bizitzari eusteko funtsezko zutabe izan ziren emakumeei, grebetan, kaleetan, beren etxeetan eta gaur egun pertsona guztiok bizitza duina izan dezagun duintasunez eta modu justu batean banatzeko borrokatzen ari diren emakumeei: etxeko langileei, adinekoen egoitzetakoei, etxez etxeko laguntzakoei... AUPA ZUEK!!

GORA MARTXOAREN 3a!

GORA MUNDUKO LANGILERIA!

GORA LANGILEON BORROKA!

 

Errepresioa eta autoritarismoa Michelinen

Michelinek autoritarismoa handitzen jarraitzen du, batez ere plantillak Lantokien arteko Batzordetik ateratzea erabaki ondoren. Michelinek zigortzen eta arbitrarioki kaleratzen jarraitzen… Irakurri

Akordioa 15 urtez berritu gabe egon ondoren, Arabako GOFEko langileek planto egin dute

Akordioa negoziatzen hasi nahian 15 urte baino gehiago igaro ondoren, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) langileek planto egin dute eta… Irakurri

Correoseko lanuzteak Arabara heldu dira

Arabako Correoseko banaketa-unitateetan langilerik ez egotearen ondorioak herritarrek ordaintzen dute zerbitzu txarra pairatuz eta langileak lan-karga handiegia  sufritzen. Irakurri

Azkenik, Arabako okindegien hitzarmenaren negoziazioari ekin zaio berriro

Arabako okindegien hitzarmenaren indarraldia amaitu zenetik 6 urte baino gehiago igaro ondoren, azkenean negoziazioari ekin zaio berriro. Sektorearen parte-hartzearekin eta… Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12
  • 13
  • 14
  • 15
  • 16
  • 17
  • 18
  • 19
  • 20
  • 21
  • 22
  • 23
  • 24
  • 25
  • 26
  • 27
  • 28

Â