Langileekiko zaintza eta berdintasun izpirik ez duen enpresa honetan nekez ezar daiteke berme guztidun berdintasun-planik.

 

 

« Mercedesek etengabe jartzen dizkie  trabak eta baldintzak  familia eta lana bateragarri egiteko neurriak eskatzen dituzten langileei »

 

Berdintasun planak nahitaezkoak dira 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan eta, zalantzarik gabe, langileok gure lantokietako desberdintasunei aurre egiteko ditugun tresnetako bat dira.

Gure sindikatuan uste dugu, alde batetik, neurri horien ezarpenak lagundu dezakeela egunez egun kalean aldarrikatzen ditugun eskubide asko konkistatzen eta, bestetik, enpresak beren burua islatuta ikusi nahi ez duten ispilu baten aurrean jartzera behartzen dituela.

Berdintasun-planek aukera ematen digute gure antolakundean ikuspegi feministarekin lantzen ditugun aldaketa eta hobekuntza guztiak islatzeko. Hori dela eta, bai Mercedesen eta baita gainerako enpresetan ere, aukera izan dugun guztietan baliodun berdintasun plan eraginkorrak sortzearen alde egin dugu lan. "Espedientea betetzera" mugatzen ez diren planen alde egiten dugu, berdintasunaren arloan langileentzako eta, batez ere, emakumeentzako hobekuntzak dakartzatenak.

ESK-k Mercedes enpresako aurreko berdintasun-planak sinatu ditu eta hasieratik hartu ditugu horiek ezartzeko konpromisoak. Guk badakigu, eta, batez ere, langileek badakite hori. Ukaezina da berdintasun-politikekin dugun konpromisoa eta hori berdintasun-plan baten derrigortasunetik harago doa.

Oraingoan, hirugarren berdintasun-plana den honekin, aurreko bietan hartutako konpromiso berari eutsi diogu; modu aktiboan parte hartu dugu, proposamenak eta ekarpenak egin ditugu eta azken unera arte egin dugu lan. Hala ere, eta amaieraraino iritsi garen arren, plan berri hau ez babesteko erabakia hartu dugu.

 

 

«  Mercedes-ek behin-behineko langileen  afiliazioak prebendekin erostea  ahalbidetzen eta sustatzen du  »

 

Zergaitik ez du sinatu ESK-k?

Gure ezaugarri nagusiak konpromisoa, independentzia eta osotasuna dira. Horrela erakutsi dugu gure ibilbide sindikal osoan, eta horrela egiten jarraitu nahi dugu. ESK-ko kideontzako ez da erabaki erraza izan plan hau ez sinatzearena, lan handia egin baitugu berau prestatzen eta, gainera, esan dugun bezala, nahiz eta badakigun ez direla ezeren berme, gure ustez berdintasun-planak borrokarako tresna izan daitezke eta izan behar dute. Hala ere, ESK ez dago prest bere sinadurarekin, oso ona izanagatik ere, kide askorentzat oztopo-lasterketa bihurtu den berdintasun-plan bati abala emateko. Langileekiko zaintza eta berdintasun izpirik ez duen enpresa batean nekez ezar daiteke berme guztidun berdintasun-planik.

Mercedesen sinatzen den hirugarren berdintasun-plana da hau eta, hala eta guztiz ere, giza baliabideen arloak etengabe jartzen dizkie trabak eta baldintzak familia eta lana bateragarri egiteko neurriak eskatzen dituzten langileei. Eta, ezin aipatu gabe utzi pertsona horietako askok enpresaren aldetik jasotzen duten tratu txarra. Hori argi eta garbi oso urrun dago kideen zaintzatik eta kontraesankorra da berdintasuna sustatzeko asmoarekin.

Guztiok ezagutzen ditugu gure sindikatuaren printzipio ideologikoak. Gurea klase sindikatu feminista da, berdintasunaren eta langileen eskubideen aldeko apustu irmoa egiten duena, eta sekula ez dugu zalantzarik izaten printzipio horiek errespetatzen ez direnean patronalari aurre egiteko. Mercedesi ez zaio hori gustatzen, eta hala jakinarazten digu aukera duen bakoitzean, ESK-ko kide direnak edo ESKra hurbiltzen direnak jazarri eta seinalatuz. Jarrera horiek status quo-a betikotzea eta langileak beldurtzea eta azpiratzea besterik ez dute bilatzen, eta ez dira bateragarriak feminismoarekin.

Berdintasun planek balio behar digute gure lan-baldintzak hobetzeko, enpresetan sistema patriarkala arrakalatzeko, genero-desberdintasunekin amaitzeko, pertsonak gure lan-ingurunearen erdigunean jartzeko eta espazio hori segurua eta berdinzalea bihurtzeko. Azken batean, gure lan-harremanetan ere pertsonen bizitzak erdigunean jartzen lagunduko diguten elementuak izan behar dute. Eta hori, hamaika berdintasun-plan eginagatik ere, ez da posible izango sindikatuetako ordezkariek behin-behineko langileen afiliazioak prebendekin erostea ahalbidetzen eta sustatzen duen enpresa batean.

 

ESK-k lanean jarraituko du Mercedes enpresa parekidea izan dadin

Berdintasun plan honen sortzen prozesuan egokitzat jo ditugun ekarpen guztiak egin ditugu. Ekarpen horiek guztion onerako enpresaren proposamena hobetzera bideratuta egon dira eta lehenbailehen landu beharreko gaiak planteatu ditugu.

ESK-k ez du onartuko azken berdintasun planek ekarritako onurak eta lorpen txiki baina beharrezko horiek paper erre bihurtzea, eta, batez ere, ez dugu papoa hanpatzeko berdintasun-plan hau atera nahi duen enpresa baten konplize izan nahi, ez baitu horretan sinesten eta, gainera, bere ekintzekin kontraesankorra baita.

 

Orain inoiz baino gehiago, greba feminista orokorra

Aurrerapausoak emateko garaia iritsi da, Mercedesi eta gainerako enpresei ulertarazteko gure bizitzek eta gure ongizateak haien onurek baino askoz gehiago balio dutela. Guztion bizitzak erdigunean jartzeko unea da, bizitzaren aurkako etengabeko gerran dagoen sistema hau behingoz apurtzekoa. Ez da onargarria gure bizitzak, emakumeen eskubideak eta berdintasuna patronalaren apeten edo berdintasun plan baten esku egotea. Eredu hori aldatu behar dugu, zaintza-lanei ― bai beste pertsona batzuentzat egiten ditugunak zein gure buruak zaintzeko beharrezkoak direnak ere― merezi duten lekua eman behar diegu; horregatik, azaroaren 30ean ezinbestekoa da guk planto egitea eta denok greba orokor feministara ateratzea.

 

ESK-k ez du Mercedesen berdintasun plana sinatu

Langileekiko zaintza eta berdintasun izpirik ez duen enpresa honetan nekez ezar daiteke berme guztidun berdintasun-planik. Irakurri

Bermerik gabeko bozka elektronikoa Mercedesen

Mercedeseko aurreko erreferenduman bozka elektronikoa irregulartasun argiz inguratuta egon. Botoa aurrez aurre edo posta bidezko botoaren bidez emateko eskubidea erabil Irakurri

Greba Mercedesen, malgutasunaren abusuaren aurka

Larunbatetan greba deitzen dugu langileei malgutasunaren gehiegizko erabileraren aurkako protesta mekanismo bat eskaintzeko. Irakurri

Mercedesen aurkako salaketa, zerbitzu medikoak okerrera egiteagatik

Mercedesi zerbitzu mediko propioak eskatzen dizkiogu. Osasun zerbitzua okertu ditu eta Lan-Ikuskaritzan salatu dugu. Irakurri
  • 1
  • 2