Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, hori baita bere garaian alderdi guztiek adostu genuena eta betetzen ez dutena.

 

 

«  Garbiketa-azpikontratak eta Osakidetza  homologazio-printzipioa urratzen  ari dira »

 

Osakidetzako lan zentroetako garbiketa zerbitzuko langileok 5 urte daramatzagu hitzarmenik gabe, eta enpresekin hamaika bilera burutu diren arren (berrogeita hamar inguru), ez da aurrera pausurik eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da.

Hitzarmenak, gure lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea helburu bezala ditu. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeak (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu genuen joku-araua, eta horren arabera jardun dugu urteetan eta urteetan. Hala ere, bai enpresak eta bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari dira.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, ez! Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.

 

Jarrera erosoa

Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan ez dute sindikatuekin edozein gai adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.

Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko; bi urte daramagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez duela guri erantzuteko begirunerik ez edukaziorik erakutsi. Duela hilabete gutxi, blokeo-egoeraren aurrean, gure hitzarmenak jasotzen duen bitartekaritza-prozedura ireki genuen. Baina Osakidetzak izendatutako bitartekariak mezulari soil gisa helarazi digu proposamen pobre, zehaztugabe eta labur bat, eskasa iruditzen zaiguna eta gai asko airean uzten dituena.

Zergatik Euskal Administrazioa sektore maskulinizatutako gatazketan (Bizkaiko metalaren kasuan) inplikatzen da, eta bizkarra ematen du lan-gatazkaren protagonistak emakumeak garenean?, 3. mailako langileak al gara? Ez al daki Eusko Jaurlaritzak bere jarrerak emakumeoi erabateko prekarietatera kondenatzen gaituen sexuagatiko diskriminazioa  erreproduzitu eta kronifikatu besterik ez duela egiten? Mespretxu horren ondorioz, datozen egunetan Martxoaren 8aren inguruan entzungo ditugun adierazpen adierazpen instituzionalak hitz hutsalak dira gure belarrietan, eta marketing hutsa dira gure begien aurrean.

 

Osakidetzako garbikuntza azpikontratetako langileak pankartarekin

 

«  Dagokiguna  aldarrikatzen ari garen langileak gara »

 

Poliziaren jazarpena

Azkenik, aste honetan zehar jasan dugun jazarpen poliziala salatu nahi dugu. Deigarriak izan ziren astelehenean Gurutzetan bizitzea egokitu zitzaigun irudiak: Ertzaintzak jo eta eraso egin zigun. Erasotzaileetako batek larrialdietan amaitu zuen, eta, gainera, 2 lagun atxilotu zituzten. Baina poliziaren presio itogarria egunero jasan dugu. Identifikatuak izan gara, piketeen lana oztopatu dute, eta Greba Batzordeari bere lana egitea ere eragotzi diote. Gaizkileek bezala tratatu gaituzte, dagokiguna aldarrikatzen ari garen langileak garenean.

Gogora ekarri behar dugu duela 3 urte konfinamenduan Osakidetzako komunitatea osatzen duten gainerako langileekin jokatu genuen papera. Lehen lerroan egon ginen gure osasuna arriskuan jartzen, plastikozko poltsekin egindako EPIekin lan egiten. Garai hartan merezi izan genituen esker oneko txalo haiek, 3 urte geroago
zaplazteko eta jipoi bihurtu dira.

 

Ez gara geldirik geratuko

Hala eta guztiz ere, argi izan dezatela, ez gaituzte geldituko; Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileok ez gara geldirik geratuko. Dagokiguna defendatzen jarraituko dugu: Osakidetzako langileen baldintzen homologazioa. Ez gaude bere garaian lortu genuena galtzeko prest.

Datozen egunetan aurrerapausorik ez badago, datozen asteetan protesta gogortu egingo dugu. Ziur gaude erakusten ari garen duintasun eredugarria ez dela ezer ezean geratuko.

LAB-UGT-CCOO-ESK

 

Bilboko udal-zentroetako garbitzaileekin elkartasuna!

Bilboko eskolen eta gainerako udal-zentroen garbiketa-zerbitzuko grebak 9 aste bete dituen honetan, berriro exijitzen diogu FCCri hitzarmena negoziatzeari ekin diezaiola, Irakurri

EAE-ko garbiketa eta jantokietako greba

Feminizatutako, prekarizatutako eta denbora luzeegian ikusezin bihurtutako sektoreetakoak gara. Grebara atera gara dagozkigun eskubideak eta errekonozimendua eskatzeko. Irakurri

3 eguneko greba mugagabearen ondoren, akordioa Kursaaleko garbiketa-zerbitzuan

Kursaaleko garbikuntzako greba mugagabea soldata eta lan hobekuntza garrantzitsuekin amaitu da. Langileek % 15,7ko igoera, baimenak eta plusak lortzen dituzte plantilla Irakurri

ESK-k Bizkaiko garbikuntza sektoreko grebetan parte hartzeko deia egin du

ESK-tik dei argia eta irmoa egiten dugu abenduaren 17ko eta urtarrilaren 14ko eta 15eko grebetan parte hartzeko. Murrizketarik gabeko Bizkaiko Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12
  • 13
  • 14