Garbiketa-kontratak eta Osakidetza homologazio-printzipioa urratzen ari dira. Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea eskatzen dugu.
« Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplika diezazkigutela aldarrikatzen ari gara »
Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileok ia 5 urte daramatzagu hitzarmenik gabe, eta enpresekin hamaika bilera burutu ditugun arren (berrogeita hamar inguru), esan dezakegu hasieran bezalaxe gaudela.
Gure hitzarmenak, gure lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea helburu bezala ditu. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeok (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu genuen joku-araua, eta horren arabera jardun dugu urteetan eta urteetan.
Homologazioa
2018an abiatu genuen hitzarmen berriaren negoziazio prozesua, negoziazio erraza izango zelakoan; izan ere, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak, Osakidetzan adostutako gai jakin batzuk egokitu eta eguneratu besterik ez zirela behar esan nahi zuen. Baina hamaika bilera egin ondoren, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da.
Bai enpresak eta bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari direla agerikoa da; are gehiago, sektorean gehiengoa duen enpresaren ahotik – Garbialdi –, duela gutxi jakin dugu Osakidetzako zuzendaritzak adierazi duela ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, garapen profesionalaren osagarria, alegia.
Baldintza berdinak
Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, ez! Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.
Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan ez dute sindikatuekin edozein gai adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.
« Osakidetzak ez digu erantzun ere egin »
Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko; bi urte daramagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez duela guri erantzuteko begirunerik ez edukaziorik erakutsi. 3. mailako langileak al gara? Hori al da gure administrazio publikoetako arduradunek langileekiko duten hezkuntza eta edukazio maila?
Bi gertakari horiek, alegia, duela urte asko hiru aldeek onartu genuen homologazioaren printzipioarekin haustea, eta guri harrera egiteko begirunerik ez izatea, oso larritzat jotzen dugu.
Osakidetza eta azpikontratatutako enpresak
Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez du egin. Enpresa esleipendunak eta Osakidetzako zuzendaritza ez daitezela okertu; Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez gara besoak gurutzatuta geratuko. Gure Hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatuko dugu. Nazkatuta gaude enpresek eta Osakidetzak erakutsitako utzikeriaz. Nazkatuta gaude erakundeetatik hitz hutsalak eta zapladatxoak bizkarrean jasotzeaz, gure lan-baldintza eskasei buruz hitz egiten dugunean beste alde batera begiratzen duten bitartean.
Greba eta mobilizazioak abenduan
Garbiketa zerbitzuko langileok, honaino iritsi garela diogu! Homologazioa defendatzea eta bere alde borrokatzeko garaia heldu da. Egoera kezkagarria ikusita, azaroan, LABek, UGTk, CCOOk eta ESK-k osatutako sektoreko gehiengo sindikalak mobilizazioak abiatu ditugu. Eusko Legebiltzarrera zuzendu gara. Orain, beste pauso bat emateko garaia iritsi da.
Zentzu horretan, sektorean 3 greba egunen deialdia publikoki iragarri nahi dugu. Zehazki, abenduaren 14an, 15ean eta 16an deituta dago lanuztea. Sektoreko langileok geurea dena defendatzeko erabakia dugu. Argi eta garbi adieraziko diegu bai enpresei, bai Osakidetzako zuzendaritzari, homologazioa ez dela ukitzen! Ziur gaude mobilizazioaren eta borrokaren bidez lortuko dugula.
LAB-UGT-CCOO-ESK
Basauriko Udaleko garbiketa-azpikontrataren ez-ordainketak eta ez-betetzeak
Gipuzkoako Foru Aldundiaren garbiketako aurreakordioa sinatu da
Donostiako Udalaren garbiketa-aurreakordioa sinatu da
Bizkaiko Diputazioko garbitzileek % 24ko gutxieneko soldata-igoera lortu dute
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11
- 12