ESK, klaseko erakunde sindikal borrokalari gisa, gure azterketa apala egiten dugu, gure oraina baldintzatzen ari den eta etorkizuna baldintzatuko duen pandemiaren ondorioei buruz. Gogoeta hau zurekin partekatzen dugu.

 


 

Zalantzarik gabe, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren eta kudeaketaren ondoren, apenas ulertzen hasi garen krisi bati aurre egingo diogu.

Datorren krisia ez da soilik ekonomikoa eta soziala izango. Horrez gain, kulturaren, gizartearen eta politikaren alderdi nagusiak zalantzan jarriko ditu. Asko dugu jokoan krisi honen kudeaketan.

Jokoan dugu eredu neoliberalean sakontzen jarraitzea, eta kapitalak bizitzaren kaltetan aurrera egiten jarraitzea, edo, aitzitik, oinarriak ezartzea bizitzaren zaintza lehentasunen erdigunean egon dadin.

Datozen aste, hilabete eta urteetako borrokan, langile klaseak, langileok, etorkizuna dugu jokoan; horregatik, beste gizarte-mugimendu batzuekin batera (mugimendu feminista edo pentsiodunena, adibidez) mugimendu horren bultzadarik handiena izan behar dugu. Bide horretan, ESKn, klase antolakunde sindikal eta borrokalari gisa, dagokigun ekarpen xumea egitea dagokigu.

 

Shock egoera eta aldaketa soziala

COVID-19ak eragindako pandemiak shock egoeran murgildu du jendartea. Herritar gehienok ez dugu inoiz bizi izan egungoa bezalako egoerarik. Soilik nagusienak direnak edo gure lurraldera beste latitude batzuetatik etorri direnak igaro dira antzeko bizi-esperientzietatik (gerrak, hondamendi naturalak...).

Halako egoera sozialetan, herritar gehienak nahastuta eta blokeatuta sentitzen dira krisi izugarri berriaren eraginez; etorkizunaz beldur dira, erakundeez bestelako ezer proposatzeko aukerarik gabe, eta lau hamarkadako neoliberalismoaren neurrien zama bizkarrean dutela, porrotez porrot. Eta hain zuzen, halako egoerak, orain arte, kapitalaren boterea dutenek erabili izan dituzte, sistema mantentzen jarraitzeko baldintzak ezartzeko.

Baina goiko paragrafoan esandakoak ez gaitu derrotismora eraman behar, irtenbiderik ez dagoela pentsatzera. Gauza bat da sistema kapitalista behartuta egotea krisiekin batera bizitzera, eta krisiok gainditzeko gai izatea, baina beste gauza bat da neoliberalismoak planteatzen dituen alternatibek gero eta eraginkortasun gutxiago izatea finantzarizazioa eta globalizazioa —sistemaren motorrak— kudeatzeko. Nahiz eta gero eta nabarmenagoa izan horiek, globalizazioa eta finantzarizazioa, direla krisiak ohikoagoak, sakonagoak eta kaltegarriagoak bihurtzearen eragileak, ez dute beste aukerarik, jendartea suntsitzen ari diren arren.

Horrek, epe laburrean eta premiaz, pandemia eta ondoriozko lozorro sozialaren sentsazioa gainetik astintzeko (txakur batek estresatuta dagoenean egiten duen bezala) beharra erakusten du, baita gure posizioak ahalik eta gehien indartzeko premia ere, krisiak ireki dizkigun aukerak aprobetxatuz.

Lehenbailehen azaldu behar dugu pandemiaren eta haren kudeaketaren atzean kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka dagoela.

 

Kapitala bizitzaren kontra

Askorentzat bizitza babestea funtsezko kezka izan den une hauetan, inoiz baino gehiago nabarmendu behar ditugu antzinako borroka honen profilak, eta argi eduki borroka horren beste kapitulu bat baino ez dugula bizi; izan ere, kapitulu horrek, neurri handi batean, dimentsio historikoa du, ia zibilizatorioa. Ez dugu erredukzionismo infantilistetara jo nahi, bizitzaren eta heriotzaren arteko borrokaz ari baikara.

Kapitala, birus baten moduan, errealitate hila da: ez da gai bere kabuz ugaltzeko. Hedatu nahi badu, kolonizatu egin behar du, eta bizitza esplotatu edo, maiz, suntsitu. Kapitalisten metaketa errazten duen kapitalaren erreprodukzioa, bizitza bi dimentsiotan ustiatzean datza:

  • Biosferako baliabide naturalak ustiatzea, kontsumo-produktu bihurtu daitezkeen lehengaiak lortzeko.

  • Giza lana ustiatzea:
    • Enplegua ustiatzea gainbalioa kenduz (ekoizten dugunaren eta ordaintzen digutenaren arteko aldea) eta

    • lan erreproduktiboa eta zaintza-lana ustiatzea. Azken hori gabe, ezinezkoa litzateke pertsonen erreprodukzioa; hala eta guztiz ere, ez da baloratzen ezta monetarizatzen, eremu pribatuan eta emakumeen gain uzten baita.

 

Bizitza ustiatu gabe, kapitala eta dirua ez dira sortzen. Kapitalaren logika bakarra heriotzarena da, tanatos-aren logika: bizitzaren energia zukutzea, hildako ondasun gisa pilatzeko. Gauzak sinpletasun gorenera eramatearen logika da, kultura ezaren logika, ezagutza mespretxatzen dutenen logika. Mundua ideia sinpleetan oinarrituta azaltzen duten faxisten logika bera da.

Aitzitik, bizitzaren logika eros-aren logika da. Elkarreragina bilatzen duen energiaren logika, harreman gero eta konplexuagoak sortzean datzana. Bizitzeko behar dugun ezinbesteko interdependentziaren logika da, zaintzarena. Bizitzaren logika harreman eta egitura konplexuak sortzea da, bizitza bera babestu eta haren biziraupena eta garapena bermatzeko.

Lana, ustiaketa kapitalistatik kanpo, bizitza da. Izan ere, zaintza-lana, elikagaiak ekoizteko lurra lantzea… bizitza da. Ongizate-estatua, boteretsuengandik babesten gaituzten arauak… bizitza dira. Bizitza dira ere ezagutza, kultura, konplexutasunaren beldur ez izatea eta erantzun errazak behar ez izatea.

Kapitalaren interesen aurrean, heriotzaren interesen aurrean, gure logika bizitzaren logika da: bizitzarekin maiteminduta gaude.

 

Krisi hau funtzionala izan daiteke kapitalarentzat

Martxoaren erdialdetik Europako hainbat agintari entzun ditugu krisiari aurre egiteko 'Marshall plan' berri bat eskatzen; askok esperoko zuten mugarri bat biziko dugula, eta gobernuek kapitala kontrolatuko dutela gu salbatzeko. Zorionez edo zoritxarrez, ez gara inozenteak eta badakigu kapitalak egokitzeko gaitasun handia duela. Hain zuzen, osasun-krisiaren unerik basatiena pasata, ezer gutxi geratzen da adierazpen horietatik. 2008ko krisian, hainbat liderrek sistema birsortzeko egindako deiak gutxi iraun zuen, eta oraingoan ere antzekoa ikusi dugu. Krisi honek sistema bera arriskuan jartzeko beldurra galduta, izugarri apaldu dira promesak, asmo eta proposamenen irismena eta intentsitatea.
Badirudi osasun-krisiaren ondoren datorren krisi ekonomikoari irtenbidea emateko, bide hori urratzen ari direla jada. Krisi ekonomikotik irteteko diru publiko asko mobilizatuko da, ekoizpen-sistema abian jartzeko: kreditu-lerroak, abalak, kapital-injekzioak beharra duten enpresetan… Milaka milioi euro, berriz ere esku pribatuetara. Aldaketa sozialik eragiten ez badugu, ezerk ez digu ziurtatzen kapitalari eusteko eta gehiengo sozialaren interesak erdigunean jartzeko bidea egingo denik.

Aditu askok, baita guk ere, horren berri eman genuen. Ohartarazi gintuzten kapitalaren birfundazioa, itzulera-tasak gero eta txikiagoak ziren garaian, suntsipen handi baten ondoren etorriko zela. Planetaren txoko askotako gerrek bezala, pandemiak eta haren kudeaketak, hildakoak uzteaz gain, sistema berreraiki ahal izateko beharrezko suntsipen ekonomikoa eragiten dute (erromatarrek bezala, festetan oka egiten baitzuten jaten jarraitu ahal izateko).
Krisi hau sistemarentzat erabat funtzionala bihurtu dezakeen beste alderdi bat nekropolitikaren eskutik dator. Juan Hernandez Zubizarreta kideak dioen moduan, kapitalismoa estrukturalki oso bortitza da, eta "denbora gutxian asko" bereganatu nahi du. Pertsonak merkantzia bat gehiago bihurtzen ditu, eta beraz, baztergarriak dira. Kapitalismoak, esplotatu eta kanporatzeaz gain, jendea hiltzen uzten du. Indarkeria berezko helburua du, eta bereizteko erabiltzen du: nork duen garrantzia eta nork ez, nor ordezkatu daitekeen erraz eta nor ez. Gogora dezagun Donald Trumpek duela aste batzuk esan zuela krisia arrakastatsua izango zela 200.000-300.000 heriotzarekin amaitzen bazen. Edo Arantxa Tapiak eztarria urratu duela eskatzeko osasun-eskubidea jarduera ekonomikoarekin eta 'normaltasuna' lehenago lortzeko gerrarekin uztartzeko, nahiz eta horretarako estatistikak manipulatu behar izan dituen. Gorago esan bezala: bizitza vs. heriotza.

Pobreak soberan daude sistema kapitalistan, baina gero eta gehiago dira, ekoizpen-kopuru berdina lortzeko lan-indar gutxiago behar delako. Gaixotasuna, zalantzarik gabe (AEBko pertsona beltzengan COVID19-ak eragindako afekzioan ikusten dugun bezala),  larriagoa eta arriskutsuagoa da eta eragin handiagoa du gutxien dutenengan; kasu batzuetan, funtzionala ez den biztanleria "ezabatu" egiten du. “Ez-pertsonak” dira, sistemak aukerarik gabe uzten dituen pertsonak, edozer gauza onartu dezaten giza bizitzen ikuspegi erabat utilitaristatik funtzionalak diren jardueretan (adibidez, sasoilariak landa-eremuan).

Nekropolitika honek lege-arkitektura behar du, inpunitatearen lege-arkitektura bat (Juan Hernandez Zubizarreta aipatzen jarraitzen dugu), bizitza merkantilizatzeko kapitalak duen beharra asetzeko baimena ematen diona. Eztabaida bizia ikusi dugu Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Espainiako Estatuan benetako babes judizialerako eskubidea ahultzeko saiakerari buruz. Eta ikusi dugu ere, politikariek eta administrazioek, beren jarduerak oztoporik gabe antolatzen zituzten bitartean, manifestazio eskubidea murriztu egiten zutela.

Sistemarentzat oso funtzionala izan daitekeen beste joera sozial bat indibidualismo erreaktiboa edo beldurrean oinarritutakoa indartzea da. Joera indibidualista gero eta nabarmenagoa izan da azken hamarkadetan, eta hain zuzen ere, faxismo berrien gorakadaren eta kutsatzeko beldurraren oinarrian, lehen mailako komunitateen elkartasuna eta estatu babeslea galtzen dituen gizabanakoak sentitzen duen beldurra dago; ondorioz, babes-neurri gisa isolatzeko joerak indartu egin dezake joera indibidualista.

 

Sistemaren baitako lehia

Espainiako Estatuaren testuinguruan, baina baita Europan eta mundu mailan ere, lehia ikusi dugu irtenbide sozio-liberala (estatuaren arabera intentsitate gehiago ala gutxiago duena) defendatzen ari direnen artean, eta horrez gain, tesi neoliberal basatienetan sakondu da.

Espainiako Estatuaren kasuan, larrialdi egoeraren lehen adierazpenaren ondoren, mundu guztiak bere gain hartu zituen Pedro Sanchezen tesiak estatu-itun handiak bultzatzeko beharrari buruz, edo Europa mailako 'Marshall Plan' berri baten inguruan. Baina egunak eta asteak igaro ahala, ikusi dugu eskuineko alderdiak eta patronala birkokatu egin direla eta ez dutela nahi. Guztiok dakigu PP, VOX eta EAJren mugimenduen atzean, besteak beste, kapitalaren interesen defentsa dagoela.

PSOE eta Unidas-Podemosen gobernua krisiaz egiten ari den kudeaketak nolabaiteko logika erakusten digu:

  • Autonomien Estatuak dituen tresna guztiak gobernu zentralaren eskuetan bateratzearen ondorioz, indartu egin dira Espainiako jendartean dauden ideia zentralistenak, eta espainiar sentimendu nazionalistarentzat bultzada izan da ere. Ikusi beharko da interes nagusia pandemiaren aurkako borroka izan den, ala sakoneko interes politikoa egon den.

  • “Autoritarismora” itzultzea. Ikusi dugunez, boterearen hainbat esparrutatik (gobernu zentraletik edo autonomikoetatik, baina baita Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen arduradunengandik ere) autoritate-printzipioaren defentsa zorrotza egin dute egoerari aurre egiteko modu bakar gisa, "nirekin edo nire kontra" diskurtsoa elikatuz, eta kritika politiko edo sozialaren edozein zantzu deuseztatuz.

  • Hainbat neurri sozial jarri dira martxan oso modu epel, nahasi eta inprobisatuan, eta gobernuaren barne-tentsioak agerian geratu dira. Iragarritako neurri sozialak adabaki sorta baino ez dira, baina gainera, ez dago argi sistemak administratiboki kudeatu ahal izango dituen ala ez. Horren adibiderik onena bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzea izan da, zehatz-mehatz aztertu dena dokumentu propio batean.

  • Neurri sozial horiek enplegua eskubide-iturri gisa lehenesteko testuinguruan kokatzen dira beti. Ondorioz, etxeko langileen eta zaintzaileen diskriminazio historikoari eusten diote, eta familia tradizionalaren paradigmatik egiten jarraitzen dira, ikuspegi heteropatriarkala hautsi gabe.

  • Sistema salbatzen saiatuko dira (hortik dator 'Moncloako Itun' berrien proposamena), eta eragiketa horretan, kapitalak ere lagapenen bat egin dezake. Baina egitekotan, ez da eskuzabaltasunagatik izango, baizik eta kapitalari berari estatu-nazio baten babesa izatea interesatzen zaiolako, garatzeko oinarria eman diezaion.

 

Sektore herrikoi eta ezkertiarretan, krisi honen kudeaketak legitimatu egin dezake gobernua, eta ondorioz, autoritate-printzipioa eta estatu indartsuaren figura, krisi hau zein etor daitezkeenak 'aginte bakarretik' kudeatuko dituena. Gainera, kudeaketa honek mesede egiten die jarrera erreformisten aldekoei, beste eredu politiko bat eta beste jendarte mota bat defendatzen dugunon aldean.

Eskuin muturraren kasuan, VOXek argi dauka ez duela operazio horretan parte hartuko, eta nahiago du lur errearen politika, antisistema papera bete ahal izateko. Badirudi PP estatu arrazoiaren eta bere klaseari dagozkion interesen arteko barne-eztabaidan murgilduta dagoela.

CCOO eta UGT erabat sartu dira estatu arrazoiaren eta gobernuaren logikaren jokoan. Gobernuaren legitimazioaren parte dira, eta haiekin aurrez hitzartutako akordio sozial gehienen bozeramaile izaten ari dira. Badirudi, hobekuntzak egiteko presioa egin beharrean, langileek gerora negoziatzeko izango duten gaitasuna mugatzen ari direla.

Ez da aurreikusten gobernuak sustatutako itun horiek egiturazko aldaketa handirik ekarriko dutenik azken hamarkadetako joerak aldatzeko; gehienez ere, birbanatze-politika epelak espero ditzakegu, keinu- edo adierazpen-politika askorekin lagunduta. Dena aldatuko dela emango du, berriro ezer aldatu ez dadin.

Gure errealitatean, Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak oso argi utzi dute non lerrokatzen diren. Haien artean alde nabarmenak daude, hala ere. Nafarroak Madrilekin bat egin du, argi eta garbi. Gasteiz, berriz, leialtasunaren eta kritikaren (zenbaitetan, basatia) artean kokatu da. Baina biek ala biek kapitalaren interesak eta azken hamarkadetan garatutako politiken logika babesteko beharra partekatu dute.

EAJk krisian izan duen jarreraren ondorioz, alderdi horren errealitatea azaleratzen ari da. Krisi honen oldarraldiak ustekabean harrapatu zituen: noraezean, iniziatiba gaitasunik gabe, Madrilgo ekimenak politika propio gisa saltzen saiatuz, edukirik gabeko neurriak iragarriz, eta lehendakaria haurrentzako eskolak ematera ere iritsi zen telebistan (adi, Kim Jong-ill). Iniziatiba berreskuratzen saiatu dira Madril murrizten ari den autogobernuaren defentsa eginez, eta hibernazio ekonomikoaren aurkako defentsa heroikoaren bidez. EAJk benetan babesten dituen interesak azaleratu egin dira behingoz. Deseskalatze fasean lehian sartu dira, lehenago nork deseskalatzen duen ikusteko, eta gainera, euren alderdiaren hauteskunde-interesak osasunaren gainetik jarri dituzte.

EH Bilduk, bere aldetik, zentzutasunaren rola jokatu nahi duela dirudi, une oro Gasteizko eta Madrilgo gobernuek egiten dutenarekiko ahots kritikoari eutsiz, baina ez diote aurrez aurre erasotzen Sanchez-Iglesias gobernuari, ezta Iruñeko eta Gasteizko gobernuei ere. Badirudi lurraldeari egokitutako estatu-akordio batzuk nahi zituztela, baina EAEn hauteskundeak egin ondoren, EAJren aldetik ez dute inolako konplizitaterik aurkitu.

Aurreko hariari helduz, nahiz eta uste dugun Espainiako testuinguruan egungo krisitik irtetea kutsu protekzionista duten estatu-itun sozio-liberalen eskutik etorriko dela, eskuin muturraren bidez (PP gero eta lerrokatuago dago haiekin) kapitala mahai gainean jarriko duen borroka gogorra izango da, eta dagoeneko hala izaten ari da.

Gure aldetik, koiuntura hori ikusita, eskuin muturrari aurre egiteko ezin gara inola ere jarrera kontinuistekin lerrokatu eta ezin ditugu jarrera moderatuak babestu. PSOEk eta Unidas-Podemosek beren aliatu sindikalekin batera (CCOO eta UGT) egingo duten sistemaren defentsaren aurrean, sistemaren AURKAKO jarrera argia hartu behar dugu.

Horretarako, batetik, gure diagnostikoan adierazi egin behar dugu politika neoliberalen ondorioz zailagoa dela osasun-krisiari aurre egitea. Zailagoa, krisiari ongizate-estatu ahularekin aurre egin diogulako: osasun-sistema mugatua, neurri handi batean pribatizatutako adinekoen egoitzak, garatu gabeko gizarte-zerbitzu oso prekarizatuak, gastu publikoaren gorakadari zorpetu gabe aurre egiteko gaitasun fiskalik ez… Eta zailagoa da, baita ere, herritarron abiapuntuko posizio soziala oso kaltetuta dagoelako. 2008ko finantza-krisiak oso jendarte pobretua, prekarizatua eta gero eta polarizatuagoa utzi digu; gero eta aberatsagoak diren aberatsak, eta gero eta pobreagoak diren pobreak.  2008ko krisia eta 2020ko osasun-krisia ezin dira alderatu, ez baitute antzekotasunik ez sorreran ezta aurre egiteko moduan ere; hala ere, behar bezala esku hartzen ez badugu, ondorioak oso antzekoak izan daitezke. Sistemaren aurka egin ezean, askoz ere jendarte desorekatuagoa eta, beraz, ankerragoa izan dezakegu. Jon Bernat Zubiri irakasleak dioen bezala, jendartearen norabidea aldatzeko azken aukera izan daiteke hau.

Bestalde, ekonomia pribatua suspertzeko diru-kopuru handiak mobilizatuko dituen irtenbide sozio-liberala oztopatu behar dugu: batetik, milioika pertsona babesgabe utziko lituzke; bestetik, horrelako irtenbide batek krisi ekologikoa eta zaintza-krisia eragingo lituzke. Horregatik, funtsezkoa da kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka gure diskurtsoaren erdigunean jartzea.

Krisi handia hurbiltzen ari den garai hauetan, eskuin muturra erreferente izaten saiatuko da birrinduta dagoen jende guztiarentzat (askorentzat hala da jada). Soilik jarrera erradikaletatik egin diezaiokegu aurre; gehiengoek ulertu ditzaketen jarrerak hartuta, eta sistemaren gainbeheraren aurrean aukerak eta alternatibak emanez. Zentzu horretan, Atlantikoaren bi ertzetan, eskuin muturra gerra fronte gisa erabiltzen ari da askatasunaren ideia (AEBen kasuan, Trump edo Bolsonaro sostengatzeko; Europaren kasuan, gobernuei erasotzeko). Horren aurrean, elkartasunaren eta erantzukizun sozialaren ideiak lehenetsi behar ditugu, baina ezin diogu sistema kritikatzeari utzi, hau da, ezin gara gobernuen babesle gisa agertu.

 

Estatu kontzeptuaren anbibalentzia

Osasun-krisi horren kudeaketan, estatuaren agerpena aurkitu ahal izan dugu askok, eta agian, lehen aldiz bere botere guztiarekin (kontzeptu orokorraz ari gara, ez Espainiako Estatuaren errealitate politikoaz). Ezkerreko jendearentzat, kontzeptu hori errealitate anbibalentea izan da, eta oraindik ere bada:

  • Batetik, estatua, nahiz eta ahul egon hamarkadetan jasandako politika neoliberalen ondorioz, kapitalaren mesederako egitura gisa agertu da; kapitalarentzat funtzionala da eta balio dio. Estatua da erantzun duena eta egoerari aurre egiten diona. Merkatu librea ez da erantzuteko gai izan (zer egin du osasun-sistema pribatuak?). Ildo beretik, guretzat baliozkoa da, estatuak, neurri batean, partzialki esku hartu izana ekonomian zein egoitza pribatuetan.

  • Estatua, aldiz, errepresio-aparatu gisa ere agertu da, zentzurik negatiboenean (militarrak kaleetan, polizia erotuta).

  • Konfinamenduaren atzeko atetik, gainera, eskubideak murrizten ari zaizkigu (lanekoak, sozialak, zelatatzeko app-ak), eta probako baloiak botatzen ari dira, hala nola "pasaporte immunologikoak", intimitaterako eskubideen, aukera-berdintasunaren eta abarren aurkakoak. Gainera, Espainiako Estatua, zehazki, nazioen eta lurraldeen erabakitzeko ahalmenaren zapaltzaile gisa agertu da.

Estatu kontzeptuari datxezkion alderdi positiboei balioa ematen jakin behar dugu (ongizate-estatua, zerbitzu publikoak, aberastasunaren birbanaketa...), baina estatuaren dimentsio zapaltzailea legitimatzera iritsi gabe, eta Espainiako jarrera zentralistak legitimatu gabe ere.

 

Ezker politikoa eta soziala

Ezkerreko erakunde eta herritarrok erronka historiko bati egin behar diogu aurre, eta denok egon behar dugu maila berean. Ez da gure zilborrera begiratzeko unea, ezta sektarismo garaia ere. Ez da siglen edo jarrera propioen arabera borrokatzeko unea, klase terminoetan pentsatu eta jendartea eraldatzeko akordio handiak bilatzeko unea da.

Mugimendu sindikalak paper garrantzitsua jokatu behar du datorren borrokan; horrek ez du esan nahi zuzen jo dezakegunik bakarrik gaudela pentsatuz, edo borrokaren nagusitasuna guk dugula pentsatuz. Erabaki eta taktika estrategikoak hartu behar ditugu, mugimendu askoz zabalagoa eratzeko aukera emango digutenak, bakarra den borroka honen dimentsio guztiak konektatzeko.

Sinergiak sortu behar ditugu beste gizarte-mugimendu eta eragile batzuekin, elkarrekin jorratu beharreko hiru ildo nagusiak konektatzeko:

  • Aberastasuna birbanatzea eta justizia soziala: oinarrizko errenta unibertsala eta zerga-erreforma erradikala. Pertsona guztientzako diru sarrera duinak.

  • Borroka feminista, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunaren aldekoa, indarkeria matxisten aurkakoa eta zaintza-lanen birbanaketaren eta aitorpen sozial eta ekonomikoaren aldekoa.

  • Planeta: baliabideen ustiaketa gelditzea eta herrialde pobretuen espoliazioa etetea funtsezkoa da paradigma jasangarri eta bidezkoa eratzeko.

  • Eskubide guztiak pertsona guztientzat: ezin dugu inola ere onartu atzerritartasun legea bezalako diskriminazio nabarmen eta kaltegarririk, gure herrialdeko milaka pertsonaren oinarrizko eskubideak ukatzen baititu.

  • Enplegua: ekoizpen-esparru berriak aztertzea, bizitzarako funtsezkoak diren lanak errazteko, lan-denbora murrizteko eta enplegua banatzeko.

  • Zerbitzu publikoen defentsa, herritarren oinarrizko beharrak asetzeko berme gisa: osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, pentsioak, etab.

  • Etxebizitza eta oinarrizko hornidura: duintasunez bizitzeko funtsezko elementuak dira, gero eta esku gutxiagoren artean banatuak. Bi borroka hauek oinarrizkoak dira langile klase guztiarentzat.

  • Langileen eskubideen aldeko borroka, eta lan- zein bizitza-prekarietatearen kontrakoa. Kontuan hartuta jende askok ez duela sindikatuetan antolatzeko espazioa aurkitzen, eta badaudela beste kolektibo batzuk prekarioen eta pobretuen borrokak zein etxebizitzaren aldekoak artikulatzen saiatzen.

 

Hemen aukera dugu zaintzaren ekonomia benetan baloratzeko, krisi ekologikorako funtzionala den eta egoera honetan "funtsezkotzat" jotzen den fronte gisa. Gizarte-zerbitzuak, azpikontratazio-eredua… Baita zerbitzu publikoen legitimazioa ere.

Ultraeskuinak dakarren gatazka, une honetan, gero eta basatiagoa da. Gure ardura da langileengana eta herritar xeheengana zuzentzea hizkera argia, zuzena eta ulergarria baliatuta, eta bizi dituzten egoerei alternatiba zehatzekin erantzutea. Ildo horretan, %99 vs %1 diskurtsoa berreskuratu beharko genuke, edo antzeko beste kontakizunen bat, kokatzen laguntzeko.

Gure errealitate hurbilenean, espainiar nazionalismoaren berrarmatzearen aurrean, aurre egin diezaiokegu euskal ezker politiko eta sindikala abertzaletasunean murgiltzearen ondoriozko arriskuari. Horrek, akatsa izateaz gain, asko zailduko luke borroka mugimendu zabala, anitza eta transbertsala eraikitzea. ESKn oraindik ere uste dugu "eztabaida nazionala" askatzeko egin beharreko bidea sektore guztiek erabakitzeko eskubidea beren gain hartzea dela, ez soilik lurralde-arloan zentratzen den zerbait bezala (gure gorputzei, bizitzei eta ekonomiari buruz erabakitzea ere); baina gure jendartean, lurralde-arloa funtsezkoa da, eta pitzadurarik gabe errespetatu behar da.

ESKn aspalditik sentitzen gara deseroso ELA eta LABen inguruan artikulatzen den aliantza espazioan. Lan-osasunerako protokoloak agerian uzten du, gure ustez, funtzionatzeko modua aldatu behar dela, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bidez urtarrilaren 30ean antolatutako grebak argi utzi ditu lan-egitura horrek dituen mugak. Ez dugu uste kartari buruzko azterketa sakona egiteko unea edo lekua denik, baina argi eta garbi diogu kartaren mugak gainditu behar direla.

Une historiko honi arrakastaz erantzuteko aukera bakarra mugimendu zabala, plurala eta transbertsala eraikitzea da, minimoen akordio programatiko handi batean oinarrituko dena, eta gobernuekin eta patronalarekin gatazka sortzea erraztuko diguna garaipen zehatzak lortu ahal izateko, erresistentzia epikoaren diskurtsoa sendotzen jarraitzeaz harago.

Epe laburrean, konfinamenduan egin ahal izan ditugun mobilizazio-ereduak (Haserre Eguna, apirilaren 28a, maiatzaren 1a) oso mugatuak izan dira, eta asko kostatu zaigu horiek bultzatzea. Horren aurrean, berandu gabe, kaleak gure aldarrikapenekin bete behar ditugu berriz ere.

 

Bizitza erreskatatzea

ESKren ustez, egungo egoerari aurre egiteko itun sozial eta sindikalaren erdigunean bizitza erreskatatzeko beharra kokatu behar da. Ez gara soilik erreskate sozial edo ekonomikoaz ari. Aspaldi gainditu genituen planetaren muga biofisikoak, eta beraz, planetaren biziraupena bermatzea gure borrokaren funtsezko zatia da.

Zentzu horretan, ESKren abiapuntuko proposamena honakoa da, iazko udako V. Biltzar Nagusian garatutakoa:

  • Enplegua erradikalki birbanatzea.

  • Oinarrizko Errenta Unibertsala.

  • Aberastasuna birbanatzea zerga-erreforma sakonaren bidez.

  • Zerbitzu publikoen defentsa eta garapena.

  • Zaintza-sistema publiko integrala zabaltzea.

  • Nekazaritzako eta arrantzako sektorearen garapena, paradigma agroekologikotik abiatuta.

 

Jakina, programa politiko hori ez da osoa, eta eztabaidatu, zehaztu eta zabaldu daiteke. Baina abiatzeko daukagun oinarria da, beste batzuekin adosten saiatzeko.

Halaber, gure proposamen eta kezken erdigunean jarri behar ditugu askatasun zibil eta demokratikoak, eta gure bizitzako esparru guztietan erabakitzeko eskubidea.

 

Sindikalismoa berrarmatzea

Azken urteotan egiaztatu ahal izan dugu sindikalismoak balio osoa duela, oraindik ere, langile-klasearen egoera hobetzeko. Sindikalismo klasikoari dagokionez, borroka sektorialak langileen bizi-baldintzak hobetzeko bermea dira, ekintzen batasun sindikala lortzen dutenean. Ikusi dugu, halaber, azpikontratazioaren aurkako lan egokia egiten denean, enpresa nagusien interesei eraso egiten zaienean, ekintza-tarte zabala dagoela eta garaipen handiak lor daitezkeela. Bide horretan jarraitu behar dugu, galdu dugun guztia berreskuratzeko bidean.

Lantoki bakoitzean ekintza sindikalari ahalik eta zuku gehien ateratzeko unea da. Azken urteotan soldatari, egonkortasunari, kontziliazioari, negoziazio kolektiboari, osasunari eta segurtasunari dagokienez galdutako lorpen guztiak berreskuratzea dagokigu. Ildo horretan, banakako eta sektoreko lan-planak adosteko dugun gaitasuna aztertu beharko genuke, baita ekintza sindikalerako eta negoziazio kolektiborako akordio handi bat lortzeko aukera ere.
Gorago esan bezala, borroka sozial handiak bultzatzeko unea da; horregatik, borrokarako eta erresistentziarako erabateko gaitasuna prestatu behar dugu, lorpenak pilatu ahal izateko.

Sindikalismoak irakatsi egin digu, eta ziur gaude horretaz, inpugnatzeko edo sistema hausteko jarrera erradikalak uztartu egin behar ditugula borroka eta kezka zehatzen lanketarekin. Bi dimentsioak egoki artikulatuta bakarrik eutsiko diogu bideari. Erresistentziaren epika lagundu egin behar da pragmatikotasunaren logikarekin, gehiengoarentzat baliagarria izango den tresna bihurtu nahi badugu behintzat.

Gaur egun, lantokietatik kanpo, sindikalismoa oso mugatua dago. Beraz, funtsezkoa da lanean jarraitzea prekarizatutako pertsonentzat, enplegurik ez dutenentzat edo oso lanpostu eskasak dituztenentzat tresna baliagarria izan gaitezen. Bide horretan, hurbiltzeak, premiak entzuteak eta ausartak izateak baldintza egokietara hurbilduko gaitu.

Aste hauetan egoerari larrialdi-erantzuna ematen saiatu da sindikatua, hainbat bide baliatuta: informazio-orriak ugaritzea, sareetan eta webgunean aktiboago egotea, aholkularitza birtuala… Jakitun gara horrek guztiak dituen mugez, eta egoerak luze jo dezakeenez, berrantolatu eta gauza batzuk birpentsatu behar ditugu. Funtsean, antolakuntza-mailan, antolakuntza telematikora jauzi egin behar dugu, bai sindikatuaren dimentsio orokorrean, baita atal sindikaletan ere.

Online aholkularitzaren bidez eta langile klasearentzat (langilea edo langabea, gizarte-prestazioak jasotzen dituena, etab.) material erabilgarriak prestatuz hasitako bidea, langile klasearentzat tresna erabilgarriak sortzea da, eta modu horretan gure sindikalismo eredura hurbiltzea. Ez du berehalako mobilizaziorik sortzen, baina aztarna uzten du, eta etorkizuneko borroketarako sinpatiak eta sinergiak sortzen ditu.

Bestalde, pentsatu egin behar dugu ere nola jokatu eta mobilizatu jendetza biltzea debekatuta egongo den garaian (luze joko duela dirudi).

Konfinamendu-aste hauek telelanean ari diren langileen gorakada esponentziala ekarri dute, eta horrek bultzada ikaragarria ematen die plataforma digitalei. Zalantzarik gabe, plataforma digitalen bidezko lana asko indartuko da, eta beraz, oso adi egon behar dugu, eta errealitate horretan erabilgarria izango den sindikalismoa garatzen saiatu behar gara. Telelanaren kasuan, konfinamenduaren aurretik baino askoz gehiago indartuko dela iruditzen zaigu. Hau da, lehen presentzia gutxiko zerbait zen, baina enpresek eta langileek 'beldurra kendu' dioten neurrian, telelana errealitate esanguratsu bihurtzeko arriskua dago. Telelanaren hedapena lan-harremanen eredu berriaren hasiera izan daiteke, zerbitzuak emateko plataforma digitalen bidez. Lan-modalitate horrek arrisku asko ditu maila sindikalean. Hortaz, diskurtsoa garatu beharko dugu, eta ekintza sindikalean dituen inplikazio praktikoei buruz hausnartu beharko dugu.

Hori guztia, ahaztu gabe elkar zaindu behar dugula, eta gure bizitzak ere erdigunean jarri behar ditugula. Oso garai gogorrak eta konplexuak datoz, eta iraultzailea izango da, halaber, planteatzen ditugun helburu eta erronkei zaintzaren logikatik heltzea.

 

Artikulua PDFn deskargatu

 

Txertoak guztiontzat orain!

Europako mobilizazioekin bat egiten dugu, Europako Batzordeari bere jarrera aldatzeko eta mundu guztiarentzako txertoen ekoizpen masibo eta eskuragarria ahalbidetzeko eskatzeko. Irakurri

ERTEen luzapena eta Mecuida Plana

11/2021 Errege Lege Dekretuaren laburpen txiki hau uzten dizuegu, ERTE, Mecuida Plana eta beste babes-neurri batzuk arautzen dituena. Irakurri

Kaosa Osakidetzan txertaketarako hitzordua lortzeko

ESK-k bere garaian salatu zuen Osakidetzaren estrategia. Adineko pertsonei SMS bat bidaltzea webgunearen bidez beren burua zitatu dezaten ez da Irakurri

Laneko osasuna: gainditu gabeko ikasgaia

Pandemia honetan, gobernuek ekonomiaren interesak pertsonen bizitzaren gainetik jarri dituzte. Pandemia honetatik harago, azpikontratazioak zuzeneko ondorioak izaten jarraitzen du laneko Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12
  • 13
  • 14
  • 15
  • 16
  • 17
  • 18
  • 19
  • 20
  • 21
  • 22
  • 23
  • 24