Gasteizko Udalak etxerik gabeko pertsonek merezi duten arreta eskaini gabe jarraitzen du. Egoera jasanezina da. Uztailak 3an asanblada eta kanpaldia plaza Berrian.
Duela egun batzuk gure hiriko kaleak itxaropenez jantzi zirela ikusi genuen. Udalaren bando batek, gure hiriko bizitegi-larrialdiari erreferentzia eginez, zeina COVID 19k sortutako krisiaren ondorioz areagotua izan den, hutsik zeuden udal-etxebizitzak eraberritu eta martxan jarriko zituela agintzen zuen, bai eta alokairu-kontratuetan egon zitezkeen iruzurrak geldiaraziko zituela, alokairuaren prezioa mugatuko zuela edota etxebizitza hutsen errolda eguneratuko zuela eta horren arabera jardungo zuela.
Udal bandoa faltsua zen, udal promesak bezala
Bando horrek aditzera ematen zuen Udalak pausoak emango zituela, hainbatetan entzun dugun bezala, "Inor atzean gera ez zedin"; badakigu bandoa faltsua zela, baina dezepzio handiz egiaztatu dugu udal-agintarien promesak askoz ere faltsuagoak zirela demagogikoki adierazten zutenean krisia igaro ondoren, behin behineko harrera izan zuten kaleko eta etxebizitzarik gabeko pertsonek behin betiko irtenbideak izango zituztela.
Pandemiaren aurretik ere erabateko egoera larrian geunden. Izan ere, alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko itxaron-zerrendak gero eta handiagoak ziren. Arreta-zentroen saturazioa izugarria zen eta argi zegoen baliabide publiko nahikorik ez zegoela. Baina ez hori bakarrik, egoera horretan, epaitegiek familia eta pertsona ahulen etxegabetzeak agintzen jarraitzen zuten, erakundeek inolako bizileku-aukerarik eman gabe.
Alokairuaren gehiegizko prezioak
Gazteen bizi proiektuak garatzeko ezintasuna, alokairu prezio gehiegizkoiei aurre egin ezin dietelako. Elektrizitatea eta ura bezalako oinarrizko hornidura ukatzen zaien bizilagunak zein Udalaren jabetzakoak diren etxebizitzak eta oraindik ere birgaitu ez direnak eta behar dutenen eskura jarri ez direnak. Udalak eta erakundeek argi utzi dute inor atzean ez uztearen hori, eta auzolanaren hori, kapitalaren negozioengatik eta korporazio handien interesengatik esaten dutela, eta ez, hiri honetan bizi garen hiritarrongatik.
Gaur hemen gaude, frontoi honetan gertatzen ari dena salatzen dugun emergentzia egoeraren erakusgarri nagusia delako. Izan ere, gogora ekarri nahi dugu pandemia hasi zenetik 60 pertsona frontoi batean bizi izan direla, eta askok hemen jarraitzen dutela. Frontoi honek ez ditu etxebizitza batek bete beharko lituzkeen osasungarritasun-, bizigarritasun-, intimitate- eta duintasun-baldintzak betetzen. Frontoi honek ez du pertsona guzti guztiek duten etxebizitza duin bat izateko duten eskubidea bermatzen.
Zeren zain daude?
Duela pare bat hilabete, geure buruari galdetzen genion zer gertatuko zen frontoi honetan artatutako etxerik gabeko pertsonekin alarma-egoera amaitu ondoren. Gaur egun, Udalak etxerik gabeko pertsonek merezi duten arreta eskaini gabe jarraitzen du. Zeren zain daude? Egoera jasanezina da, etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren kontrako ekimenetik behar duen orori bizitoki eta arreta duin bat eskaintzea exigitzen dugu.
Uztailak 3: asanblada eta kanpaldia
Datorren uztailaren 3an, ostiralean, (Plaza Berrian) egingo den kanpaldi eta asanblada irekian parte hartzeko deia egiteko aprobetxatu nahi dugu.
Gasteizen, ez dugulako inor kale gorrian nahi.
Erroldarik gabe izaterik ez!
Desalojo ilegalen aurkako gida
Etxebizitzaren egoera larriagotu egin da Gasteizen, etxegabetze berrien iragarpenarenkin
Gasteizko Udalak etxebizitzaren arloan neurririk hartu gabe jarraitzen du
- 1
- 2
- 3