Gasteizko udalak etxebizitza eskubidea bermatu gabe jarraitzen du eta desalojo berrien iragarpenarekin egoera are larriago batera bultzatu gaitu.
Argazkia: Cadena Ser
Asteartean jakin genuen moduan, PPrekin egindako akordioaren ostean, Gasteizko Udala Olarizuko 124 etxebizitzetako bizilagunak kanporatzeko jakinarazpenak banatzen hasiko da, eta horrela, eraisteko prozesu administratiboari ekingo dio. Bizilagunek 10 egun izango dituzte elegiteak aurkezteko.
Udal Gobernuaren bileraren ostean, Gorka Urtaran alkateak prozesua amaierara arte eramateko duen determinazio irmoa adierazi nahi izan dio Gasteizko gizarteari: “ez naiz geldituko okupak bota arte eta etxebizitzak udalarentzako berreskuratu arte”.
Gasteizko Udalak arduragabekeriaz jokatzen du
Gasteizko Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterketa Sozialaren Kontrako ekimenetik desalojo hauek eta udalaren jardun arduragabea salatu nahi ditugu. Alkateak egindako adierazpenetan 124 etxebizitzaren inguruan hitz egin du, baina ez du etxebizitza hauetan bizi diren bizilagunak ia aipatu ere egin, ez ditu pertsona hauen beharrak eta eskubideak aintzat hartu. Oso larritzat jotzen dugu askotan salatu dugun etxebizitzaren urgentziazko egoeraren aurrean, udalak beharrezko neurriak hartu beharrean arazoa larriagotzeko pausoak baino ez ematea. Hartutako erabakia, Olarizu hiribideko bizilagunak kaleratzea, ezin dugu beste modu batean ulertu, etxebizitzaren urgentziako egoera larriagotu besterik ez du egiten. Ezin dugu ulertu udalak, Gasteiztarron etxebizitza eskubidea bermatzeko ardura duenak, horrelako prozesuak harrotasunez defendatzea.
Etxebizitzak udaletxearentzako berreskuratu arte geldituko ez dela adierazi du Urtaranek. Baina zertarako erabiltzen ditu etxebizitzak udalak? Gasteiztarron etxebizitza eskubidea defendatzeko edo enpresa pribatuen negozioak hauspotzeko? Ezagunak dira Gasteizen instituzio publikoetatik bultzatu diren etxebizitza eta lur publikoen salmentak: martxoan 500 Babes Ofizialeko Etxebizitza saldu zizkion Vitalquilerrek funts putre bati, duela hilabete eskas Hirigune 21ek BOE-ak eraikitzeko bideratuta zeuden hainbat lursail erosi zizkien enpresa promotoreei (2010ean Hirigune 21ek berak saldutakoak) berriro enpresa berdinei saldu ahal izateko baina oraingoan "bideragarritasun" ekonomikoa bermatuta... Agerian da beraz, Gasteizen helburu sozialak izan beharko lituzketen etxebizitza eta lurren pribatizazio prozesu baten aurrean gaudela.
Etxebizitza eskubidea
Gasteizko Etxebizitzaren Aldeko eta Bazkerketa Sozialaren Kontrako ekimenetik egoera honen aurrean gure kezka adierazi nahi dugu, eta Gasteizko udalari behingoz etxebizitza eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan exijitzen diogu. Gasteizen inor ez dadin kale gorrian bizi!
Gasteizen, Inor Ez Kalegorrian!!
Erroldarik gabe izaterik ez!
Desalojo ilegalen aurkako gida
Etxebizitzaren egoera larriagotu egin da Gasteizen, etxegabetze berrien iragarpenarenkin
Gasteizko Udalak etxebizitzaren arloan neurririk hartu gabe jarraitzen du
- 1
- 2
- 3