Bat egin dugu larunbat honetan, abenduaren 14an, Bilbon egingo den manifestazioarekin, etxebizitzarako eskubidearen alde eta oinarrizko eskubide hori egunez egun milaka pertsonari oso gogor eragiten dion negozioa izatearen aurka.
« Etxebizitza negozioa den bitartean, inoiz ez delako eskubidea izango »
Duela hilabete inguru, Euskal Herriko etxebizizta sindikatuok etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu genuen abenduaren 14rako Bilbon. “Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez!” izan da erdingunean jarri dugun aldarria, asmo argi bati jarraituz: etxebizitza arazoaren errora jotzea.
Etxebizitza negozioa den bitartean, inoiz ez delako eskubidea izango; edo beste era batera esanda, etxebizitza merkantzia den artean, sekula ez delako guztiontzat izango.
Arazo gero eta gordinagoa
Euskal Herrian etxebizitzaren arazoa gero eta gordinago eta bortitzago azaleratzen ari da. Horren adierazle dira alokairuen eta hipoteken prezioen gorakada etengabea; turistifikazio basatia, etxegabetzeak, okupazioaren aurkako ofentsiba judiziala, mediatikoa eta poliziala; etxerik gabeko pertsona kopuruaren gorakada; edota etxebizitza ordaintzeko laguntza kaskarren mende gauden langileon zenbatekoaren hazkundea.
Etxebizitzaren merkantilizazioak langile klasearen osotasunari eragiten dio, gero eta gehiago eta gero eta gogorrago. Baina modu are bortitzagoan eragiten die langile klasearen geruza jakin batzuei. Migratzaileen, pretsona arrazializatuen, errefuxiatuen, emakumeen eta genero-disidentzien kasuan besteak bete, etxebizitaren arazoa tragedia bihurtzen da, eta eguneroko indarkeria, diziplinamendu eta bazterketa forma hartzen du.
'Negozio-aukera'
Hala ere, askorentzat eguneroko arazoa den hori beste batzuentzat negoziorako aukera da: putre funtsek, bankuek, industria turistikoak, erakunde publikoek edo inbertsore handiek etxebizitzaren merkatutik gero eta irabazi handiagoa ateratzen dute. Beraz, argi dago zeintzuk diren txanponaren bi aldeak: burgesiaren irabaziek gora egiteak, langileon miseria areagotzea esan nahi du. Hau da: gutxi batzuen aberastasunaren eta jabetzen atzean, gehienon pobrezia eta desjabetzea ezkutatzen dira.
Manifestazio nazionala Bilbon
Arazoaren munta ikusita, mobilizazio zabala deitu nahi izan dugu Euskal Herriko etxebizitza sindikatu ezberdinok. Eta horretarako atxikimendu kanpaina abiatu genuen duela aste batzuk. Gaur arte 220 eragile baino gehiagok eman diote babesa abenduaren 14ko manifestazioari. Horien artean aurkitu ditzakegu:
- Etxebizitza eskubidearen aldeko, eta bazterketa sozialen kontrako eragileak.
- Eragile sindikal eta langile elkarteak.
- Ekosistemen suntsiketaren aurka borrokatzen direnak.
- Arrazakeriaren kontrako eragileak, eta persona migrante eta arrazializatuen kolektiboak.
- Auzo elkarteak, sare komunitarioak, gune autogestionatuak eta elkarte kulturalak.
- Antolakunde politikoak, talde antimilitaristak, internazionalistak eta antifaxistak.
- Eragile feministak, emakumeen, genero identitateen eta sexu disidentzien diskriminazioaren kontrako eragileak.
- Gaztetxeak, gazte asanbladak eta gazte antolakundeak.
Etxebizitza eskubide unibertsal gisa defendatzen duen Euskal Herri mailako mugimendu zabal bat gorpuzteko lanean ari gara. Eta bide horretan, abenduaren 14ko manifestazioa urrats txiki bat izan daitekela uste dugu.
Hori esanda, datorren larunbatean etxebizitza eskubidearen alde eta negozioaren aurka, Bilboko kaleak hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez!
Erroldarik gabe izaterik ez!
Desalojo ilegalen aurkako gida
Etxebizitzaren egoera larriagotu egin da Gasteizen, etxegabetze berrien iragarpenarenkin
- 1
- 2
- 3