Egungo egoera kontuan hartuta, eta salbuespen-egoera honi aurre egin ahal izateko, lehenbailehen neurriak hartzeko exijitzen dugu.

 

 

Bizitza sostengatzen duten lanei balioa eman

Beharrezkoa da bizitza sostengatzen duten lanei balioa ematea, zerbitzu publikoak indartzea eta langile klase guztiaren erantzukizun eta elkartasun jarrera eskertzea.

Konfinamenduko hirugarren astea hastera goaz. ESK sindikatuak, egunotan guztion bizitza sostengatzeko lanean ari diren pertsona guztien lana eskertu eta aitortu egin nahi du, beste behin ere.

Krisi honek agerian utzi du gizarte-babeseko sistema osoaren ahultasuna, hainbat hamarkadatako murrizketen ondorioz. Ez dago zalantzarik: bizitzari eusteko ezinbestekoak dira osasun-sistema publikoak, gizarte-zerbitzuak edo hezkuntza indartzea.

Lan erreproduktiboen eta zaintza lanen balioa aitortzea funtsezkoa da, eta ezin da minutu bat gehiago ere atzeratu; krisi honek inoiz baino beharrezkoagoak direla erakutsi du.
Halaber, gure babes osoa adierazi nahi diegu konfinamenduko lehenengo bi asteetan lanera joatera behartuta egon diren langile guztiei, nahiz eta beren jardun profesionala ez den ezinbestekoa bizitza sostengatzeko. Denborak arrazoia eman die ekoizpena gelditzea lortu zuten langileei; izan ere, hasieratik esan genuen ezinbestekoa zela funtsezkoak ez ziren lan guztiak etetea.

 

Etena beranduegi

Funtsezkoak ez diren jardunen etena beranduegi eta gaizki etorri da. Kapitalak berak ordaindu behar du jardun horien etenaren kostua.

Gobernuak agindutako funtsezkoak ez diren jarduerak geldiaraztea berandu eta gaizki dator. Langile klasearen eta gizarte osoaren osasuna arriskuan jarri da gutxiengo baten interes ekonomiko eta enpresarialak defendatzeagatik.

Ordaindutako baimen berreskuragarriak langileen bizkar jartzen du funtsezkoak ez diren jarduerak konfinatzearen eta etetearen kostua; egin gabeko lan-denbora berreskuratu beharko dute, eta ez du kosturik izango gobernuarentzat eta enpresaburuentzat. Hori onartezina da. Krisi hau ere langile klaseak ordaindu dezan nahi dute; Elkarrizketa Sozialeko Mahairen oniritzia du, eta hortaz, CCOO eta UGTrena.

 

Langileen segurtasuna bermatu

Beharrezkoa da egunotan lan egin behar duten langileen segurtasuna bermatzea: osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak, zaintza-lanak, posta-zerbitzuak, elikagaien salerosketa eta manufaktura, garbiketa, etab.

Exijitzen dugu funtsezko zerbitzuak garatzen ez dituzten enpresek Osasun Publikoko Zuzendaritzari berehala ematea beren esku dauden prebentzio-material guztiak, funtsezko zerbitzuei banatzeko, haiek baitira behar dituztenak.

 

Erreforma fiskala eta oinarrizko errenta unibertsala

Alarma-egoerak Estatuaren esku-hartzea dakar pertsona guztien segurtasuna eta osasuna bermatzeko ezinbesteko gai guztietan. Horiek bermatzeko, funtsezkoa da administrazio publikoak baliabide ekonomikoak izatea, herritarrei behar duten guztia emateko. Eta hori premiazko zerga-erreforma batekin egin daiteke soilik, aberastasunaren birbanaketak bakarrik bermatzen baitu krisitik justizia sozialarekin irtetea. Gobernuak ez du neurri bakar bat hartu diru bilketa handitzeko, diru gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten krisi honetatik irteteko.

Baliabide ekonomikoak pertsona guztiei bermatu behar zaizkie, ESK-n beti defendatu izan dugun bezala. Une hauetan agerian geratu da inoiz baino beharrezkoagoa dela Oinarrizko Errenta Unibertsala ezartzea, eta diru-sarrerak enplegutik bereiztea; hori ezinbestekoa da herritarren ongizatea bermatzeko.

 

Langileen eskubideak ez daude konfinatuta

Langileen eskubideak zorrotz errespetatu behar dira. COVID19 izurriteak eragindako osasun krisiak, eta Espainiako Gobernuak alarma egoera dekretatu izanak, ez dakar inola ere laneko eskubideak eta eskubide eta berme sindikalak etetea. Ezin dugu onartu enpresek egoera hau aitzakia gisa erabiltzea nahi dutena egin dezaten.

Negoziazio kolektiboan, langileek soldataren %100 jasotzen jarraitzea defendatuko dugu, eta lan-egun guztiak langile klasearen kontura berreskuratzeko gobernuaren neurria leheneratuko dugu.

Etxeko emakume langileentzako, eskubide guztiak: horietako asko enplegua galtzen ari dira konfinamenduak iraun bitartean, eta erregimen bereziak ez du bermatzen diru-sarrera nahikorik; negoziaezina da langile horiek administrazio publikoko enplegu-poltsak handitzeko erabiltzea.

Migratutako pertsonek bermatuta izan behar dituzte, lehentasunez, egoera erregularra eta enplegurako, gizarte-prestazioetarako eta langabezia-prestazioetarako eskubidea.

 

Pertsonak babestu

Administrazioek behar adina baliabide eskaini behar dituzte  indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta emateko. Konfinamendua arrisku erantsia da emakume horientzako, eta administrazioak lehentasuna eman behar die haien arretari, beste guztiaren gainetik.

Pertsona zaurgarrienek bereziki babestuta egon behar dute, eta laguntza modu duin batean bermatuta izan behar dute. Gizarte-zerbitzuak ez dute soilik pandemiaren transmisioari eusteko balio; pertsonen emantzipaziorako balio behar duten zerbitzuak dira. Krisi honek agerian utzi du premia handiaz indartu behar dela gizarte-zerbitzuen, formakuntzaren, enpleguaren eta gizarte-prestazioen sistema.

Pandemiaren zabalpena gelditzeko, funtsezkoa da pertsona guztien osasun-sistemarako sarbide unibertsala bermatzea, osasun publikoko kontua dela frogatuz; horretarako, ezinbestekoa da atzerritarrei buruzko legea indargabetzea.

Ezin ditugu ahaztu alarma-egoera beharrik gabe espetxeetan konfinatuta bizi diren milaka pertsonak. Beharrezkoa da egungo sistema errepresiboa aldatzea, eta gizarteratze-baldintzak bermatzea. Une zail hauetan,  bermatu egin behar da senide eta inguruko pertsonekiko harremana, eta horretarako, haien eskura jarri behar dira kontaktua eta harreman pertsonalak mantentzeko beharrezko baliabide guztiak. Gaixo dauden eta 70 urtetik gora duten presoen askatasunak errealitate bat izan behar du, baita osasun-arreta etengabe bermatzea, edo OMEk eta CPTk gomendatutako neurriak lehenbailehen ezartzea ere.

 

Egoera poliziala

Pandemiaren hedapenari eusteak ez ditu justifikatzen ez kontrol soziala ezta egoera poliziala ere.

Pandemiaren hedapenari eusteko, osasun-zerbitzu publiko indartsu bat behar dugu, eta ez poliziak eta militarrak. Pandemiari eusteak ez du justifikatzen oinarrizko askatasunak murriztea, ezta botere-abusuak eta kontrol soziala ere; adibidez, pertsona guztien geolokalizazioa gailu mugikorren bidez.

Ez da larrialdietarako unitate militarrik behar, baizik eta babes zibileko sistema indartsua eta ondo hornitua. Gastu militarra eskolentzat eta ospitaleentzat izan dadila!!!

 

 

Txertoak guztiontzat orain!

Europako mobilizazioekin bat egiten dugu, Europako Batzordeari bere jarrera aldatzeko eta mundu guztiarentzako txertoen ekoizpen masibo eta eskuragarria ahalbidetzeko eskatzeko. Irakurri

ERTEen luzapena eta Mecuida Plana

11/2021 Errege Lege Dekretuaren laburpen txiki hau uzten dizuegu, ERTE, Mecuida Plana eta beste babes-neurri batzuk arautzen dituena. Irakurri

Kaosa Osakidetzan txertaketarako hitzordua lortzeko

ESK-k bere garaian salatu zuen Osakidetzaren estrategia. Adineko pertsonei SMS bat bidaltzea webgunearen bidez beren burua zitatu dezaten ez da Irakurri

Laneko osasuna: gainditu gabeko ikasgaia

Pandemia honetan, gobernuek ekonomiaren interesak pertsonen bizitzaren gainetik jarri dituzte. Pandemia honetatik harago, azpikontratazioak zuzeneko ondorioak izaten jarraitzen du laneko Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12
  • 13
  • 14
  • 15
  • 16
  • 17
  • 18
  • 19
  • 20
  • 21
  • 22
  • 23
  • 24