Alarma egoerak ezin ditu inoren oinarrizko eskubideak urratu, ezta langile klasearen eskubideak ere.
Argazkia: republica.com
Iragan ostiralean Madrilek alarma egoera dekretatu zuenetik, guztiontzako konplexua, zaila eta berria den egoera bizitzen ari gara.
ESKtik, lehenik eta behin, besarkada erraldoia helarazi nahi diegu egunotan beren lantokietara joaten jarraitu beharko duten langile guztiei. Beren enpresek lan egitera behartzen dituzten pertsonei, ezinbesteko lanak ez diren arren, eta egun hauetan guztiok zaintzen larrua utziko dutenei; eta osasun-langileei, jakina, baina baita garbitzaile, zeladore, administrari, teleoperadore, sukaldari, apal-hornitzaile, supermerkatuko kutxazain eta zaintzaile horiei guztiei ere, mila esker bihotzez. Eskerrik asko, gu hainbeste eta hain ondo zaintzeagatik.
Sistema publikoan murrizketarik ez
Azpimarratu behar dugu osasun-krisi honen zama guztia sare publikoan dagoela. Espero dezagun gure klase politikoak egun hauek gogoan hartzea, eta hau guztia amaitzen denean osasungintza publikoan inbertitzeaz eta laguntzeaz ez ahaztea, eta, behingoz, murrizketa guztiak bukatzea.
ESKren ustez, hainbat administraziok orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoa izan, argi eta garbi, eta langileen zati handi bat egoera oso ahulean utzi dute. Une honetan, egoera hain konplexua izanik, ez luke lanean egon behar bizitza mantentzeko ezinbestekoa ez den lan-jarduera duen ezein langilek. Orain arte hartu diren neurriek, gu ez babesteaz gain, arrisku larrian jartzen ari dira gure osasuna eta herritar guztiena; horregatik eskatzen dugu berehala har daitezela hori saihesteko hartu beharreko neurriak.
Politikariek boteretsuekin
Beste behin ere, klase politikoa boteretsuen alde jarri da, eta jarduera produktiboa pertsonen gainetik lehenetsi du. Ulergaitza da gobernuek etxetik ez ateratzeko esaten diguten bitartean, enpresek ateak itxi nahi ez izatea, eta inork horretara ez derrigortzea. Administrazioen jarduna, lan arloan, ez dago egungo egoerak eskatzen duen mailan.
Guztiok egoera honi aurre egiteko lanean jarraitu behar duten langileei segurtasuna eta osasuna bermatzeko exijitzen du ESK-k. Egoerari aurre egiteko beharrezko bitarteko guztiak izan behar dituzte eskura langileek, eta administrazioen betebeharra da langile horien segurtasuna babestea eta zaintzea, beharrezko neurri guztiak hartuz, adabakirik gabe, eta pertsonen bizitza edozein interes ekonomikoren gainetik jarriz.
Ez ditugu ahazten, ezta ere, zaintzaren ardura, egoerak larriagotuta, modu eskandalagarrian hartzen ari diren emakumeak. Konfinamendu-neurriak, eskola-jarduera etetea, adinekoen zentroak ixtea… Beharrezko neurriak direnez, beste neurri batzuekin lagunduta etorri behar dute, egunotan egoera benetan zailei aurre egin beharko dieten milaka eta milaka emakumeren eskubideak bermatzeko, zaintzaren zama ia esklusiboki haien gainean ezarriko baita. Kezkatuta gaude, baita ere, gutxienez 15 egun -orain arte zeudena baino gehiago- beren erasotzaileekin bakartuta eta konfinatuta egongo diren hainbeste emakumeren egoerarekin. Egoera honen aurrean, zein dira administrazioek hartu dituzten neurriak?
Neurriak, eskubideak bermatuz
Ez dugu zalantzarik hartutako neurrien komenigarritasunaz; guztion betebeharra da, erantzukizun eta elkartasunagatik, neurri horiek hartzea. Baina neurri horiek pertsona guztiak hartu behar dituzte kontuan, eta, nagusiki, ahulenak direnak. Ez da logikoa, herritarrei etxean geratzeko eskatzen zaien bitartean, etxegabetzeak eragotziko dituen neurririk ez hartzea, etxegabeentzako berariazko eta arrazoizko neurriak ezartzea, edo egoera baliatzea presoen egoera are gehiago urratzeko.
Alarma egoerak ezin ditu inoren oinarrizko eskubideak urratu, ezta langile klasearen eskubideak ere.
Azkenik, Iruñeko eta Gasteizko gobernuei zein Madrilgo gobernuari eskatzen diegu neurri ekonomiko, sozial eta laboralak har ditzatela, luze gabe, herritar ahulenak, gehien sufritzen ari direnak eta, jakina, langile guztiak babesteko.
Ez dugu inoiz horrelako egoerarik bizi izan, eta, nahiz eta badakigun oso une konplexua dela eta oso aste gogorrak izango direla, ESKn oso argi daukagu gure herria, langileak, herritarrak, beti egon direla salbuespenezko egoerei aurre egiteko prest. Une hau ere, beste asko bezala gaindituko dugu langileok, beti erakutsi izan dugun gauza bakarrarekin: erantzukizunez, elkarlanean eta elkartasunez. Besarkada erraldoia zuei guztioi. Asko zaindu zaitezte, eta denok zaindu gaitzazue.
Zaindu maite duzuen hori! Animo eta aurrera!!!
Covid eragindako ondorioak, lan-istriputzat hartuak
Txertoak guztiontzat orain!
ERTEen luzapena eta Mecuida Plana
Kaosa Osakidetzan txertaketarako hitzordua lortzeko
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11
- 12
- 13
- 14
- 15
- 16
- 17
- 18
- 19
- 20
- 21
- 22
- 23
- 24