Hamar hilabete baino gehiagoko negoziazioaren ostean, LAB, ELA eta ESK sindikatuok aurrerapausorik ez dagoela salatu dugu, eta abenduan bi elkarretaratze eta 2027an balizko grebak iragarri ditugu, Gizardatz patronalak aldarrikapenak aintzat hartzen ez baditu.

« Hitzarmen berriak sektore publikoarekiko parekatzea lortzeko bidean aurrera egiteko tresna izan behar du »
LAB, ELA eta ESK sindikatuok salatu dugunez, Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko hitzarmena negoziatzen hamar hilabete baino gehiago eman ondoren, Gizardatz patronalak ez die erantzun zehatzik ematen sektoreko langileen aldarrikapenei. Patronalak berak eskatuta, hiru sindikatuok negoziazioan aurrera egiteko edukien proposamen bateratua aurkeztu genuen arren, orain arte ez da aurrerapauso nabarmenik eman.
Lan-baldintzak eta soldatak zaintzaren sektore publikokoekin parekatzea, lanaldia murriztea, plantillak indartzea eta lan-osasuna hobetzea aldarrikatzen dugu. Salatu dugu esku-hartze sozialak, zainketei eta laguntzari zuzenean lotutako interes publikoko lana garatu arren, pribatizazioak eta prekarietateak markatuta jarraitzen duela.

Parekatzerantz
Ildo horretan, hitzarmen berriak sektore publikoarekin parekatzeko bidean aurrera egiteko tresna izan behar duela defendatzen dugu. Gaur egun, bi eremuen arteko soldata-arrakala 15.500 eurokoa da, batez beste, urtean. Zaila da ulertzea sektore berean, zaintzan eta laguntzan, soldata-alde handiak egotea. Arrakala hori ez da kasualitatea, pribatizazio-eredu bati erantzuten baitio, zerbitzu horiei eusten dietenen lan-baldintzak ere prekarizatzen dituena. Gogorarazi behar da badirela parekatze hori posible dela frogatzen duten aurrekariak, hala nola Katalunian lortutako akordioa, esku-hartze sozialeko sektore pribatuko soldatak eremu publikokoekin parekatzen dituena.
Plataforma sindikalak kontziliazioa hobetzeko, hizkuntza-eskubideak bermatzeko, euskara- planak bultzatzeko eta berdintasun-planak indartzeko neurriak ere jasotzen ditu. Kontratazioari dagokionez, aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzea, nahi ez den partzialtasunari aurre egitea eta lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak debekatzea eskatzen dugu. Gaueko lana, zaintzak eta langileek beren gain hartutako erantzukizunak aitortzeko hobekuntzak ere proposatu ditugu, besteak beste.
Lan-osasuna negoziazioaren beste ardatz nagusietako bat da. Sindikatuok langileen legezko ordezkariekin adostutako arrisku psikosozialen ebaluazioak egitea eskatzen dugu, baita plantilla nahikoa bermatzeko neurri zehatzak ere. Horien artean, hezkuntza-bikoteak ezartzea eta absentziak gehiago estaltzea proposatzen dugu. Langile-faltak lan-kargak handitzea eragiten due, eta horrek eragin zuzena du plantillen osasunean eta erabiltzaileek jasotzen duten laguntzaren kalitatean.

Konpromiso zehatzak
Gizardatz patronalaren aldetik erantzunik eta aurrera egiteko borondaterik ez dagoenez, LAB, ELA eta ESK sindikatuok konpromiso zehatzak eskatu ditugu eta patronalari presio egiteko mobilizazio berriak hasiko direla iragarri dugu. Abenduan bi elkarretaratze egingo ditugu: bata Gizardatzen egoitzan, eta bestea Bizkaiko Foru Aldundian. Aurrerapenik ezean, mobilizazioek gora egingo dute.
Bizkaiko Esku-hartze Sozialaren patronalaren aurkako presioari berriro ekingo diogu
Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmenari uko egin diogu
Bizkaiko Esku-hartze sozialaren patronalari negoziazioa desblokeatzeko eskatzen diogu
Azken uneko aurreakordioa Arabako Esku-hartze Sozialaren hitzarmenean
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11
- 12
- 13
- 14
- 15
- 16
- 17
- 18










