Lan-heriotza bakoitzaren atzean badaude arduradunak: enpresariak zein hauek babesten dituzten politikariak. Gobernuek Osalan edo NOPLOI bezalako egiturak sortu zituzten, finean, betearazpena ez fiskalizatzeko.
« Lan-heriotzen atzean patronal-enpresen ardurapekoa den prebentzio falta dago »
Lan osasunaren intersindikala osatzen dugun sindikatuok (LAB-ESK-STEILAS-EHNE/ETXALDE-HIRU-CGT/LKN) elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu aste honetan hildako 5 langileen senide, lagun eta gertukoei zein euskal langileriari, oro har.
Astelehenean Larrabetzuko (Bizkaia) Euskopan enpresan gertatutako lan heriotza baten berri izan genuen. J.M.G., 37 urteko langilea, Aldi Baterako Lan-enpresa baten kontratupean ari zena, oraindik argi ez dauden baldintzetan hil zen.
Iluntzean, Barakaldoko (Bizkaia) ALDI supermerkatuan M.I.F.V, 58 urteko langilea, hil egin zen kargatze lanetan ari zela. Jakin ahal izan dugunez, ondoezik sentitu eta bertan erori zen.
Asteazkenean goizean, berriz, Pitillasen kokatuta dagoen zerri-etxalde batean, jada ohikoa bilakatu den silo-istripu batean, hiru langile hil ziren. Lehen langileak gune itxian arnasa hartuta kordea galdu du eta jarraian laguntzera joandako biak bertan ito dira.
Istripu hauek guztiak salatzeko, lan osasuneko intersindikalak (LAB-ESK-STEILAS-EHNE/ETXALDE-HIRU-CGT/LKN) mobilizaioa deitu dugu gaur Tafallako udaletxearen aurrean.

67 hildako 2026an
2026. urteak dagoeneko 67 lan heriotza utzi dizkigu. Kopuru beldurgarri hauek urteak joan eta urteak etorri errepikatzen doaz etengabe. Azken urteotan heriotza ez traumatikoen gorakada ikusten ari gara. Zentzu horretan, bihotzekoen zein iktusen presentzia gero eta nabarmenagoa. Sindikatuok azpimarratu nahi dugu ez dugula inola ere onartuko “heriotza natural” izendapena; izan ere, kapitalismoak bultzatutako lan erritmoan, muturreko prekaritate eta abiadura handiko lan-eredu honetan, lan faktoreek eragin ukaezina dute osasunean. Heriotza traumatikoen presentzia ere izugarria da, sindikatuok argi dugu, eta kolpeak, erorketak, kontaktu elektrikoak edota itotzeak, gaurkoan bezala, sarri errepikatzen dira.
Sindikatuok salatu nahi dugu lan-heriotzen atzean patronal-enpresen ardurapekoa den prebentzio falta dagoela eta, bien bitartean, hauek absentismoaren debate iruzurtia lau haizetara hedatu nahian dabiltzala, guztiaren errua langileriari egotziz. Sindikatuok gaur inoiz baino irmoago salatu nahi dugu lan-heriotza bakoitzaren atzean badaudela arduradunak: enpresariak zein hauek babesten dituzten politikariak. Gobernuek Osalan edo NOPLOI bezalako egiturak sortu zituzten, finean, betearazpena ez fiskalizatzeko. Hau da, egungo egiturek ez dute benetako kontrolik egiten enpresen gainean eta enpresari gehienek muzin egiten diote lan-osasuneko araudia betetzeari. Hala, urtez-urte istripu tasak betikotu egiten dira eta emaitza langileriak ordaintzen du.
Amaitzeko, gure elkartasuna eta omena erakutsi nahi diegu lan-istripuek kolpatutako langileei, baina egoera jasangaitz honekin amaitzeko borrokarako konpromisoa ere erakutsi.
Azken egunetan lan-istripuz hil diren 5 langileen heriotzak salatzen ditugu
Absentismoaren gezurra
Mutuak: zure osasuna, beraien negoizioa
2025ean laneko heriotza kopuruak gora egin du
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11
- 12
- 13
- 14
- 15










