Gaur, Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik 30 urte betetzen dira: 30 urte patronalak araudi hori inpunitate osoz betetzen ez duenetik eta 30 urte gobernuak betearazten ez duenetik.
« Arazo nagusia laneko arriskuak eta prebentzio falta orokorra dira »
2025eko lan-ezbeharrei buruzko txostena

Euskal Herriko txostena deskargatu »
Nafarroako txostena deskargatu »
Gaur, Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik 30 urte bete diren egunean, 2025ean Nafarroa Garaian izandako lan-ezbeharrei buruzko txostenaren berri emateko elkartu gara lan istripuen aurkako intersindikala osatzen dugun LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuak.
Nafarroa Garaiko lan ezbeharren erradiografia hobeto ulertzeko 3 gai nagusi jorratuko ditugu: lan istripu hilgarriak, gaixotasun profesionalak eta absentismoaren buloak.
Lan istripuak
2025ean lan-heriotzak, gutxienez 30 izan zirela salatu nahi dugu, azken hamarkadako zifrarik altuena. Heriotza hauen berri gure afiliazioari eta komunikabideei esker izan dugu sindikatuok. Nafarroako Gobernuak gu zuzenean informatzeko konpromisoa hartu bazuen ere, oraindik ez du martxan jarri prozedura hori. Datu ofizialen arabera, 14 pertsona izan dira hildakoak, hemen gauden sindikatuok bildu ahal izan ditugunaren erdiak baino gutxiago. Nola izan daiteke hori? Zer ezkutatzen da datu horien atzean?
Euskal Herrian, 84 pertsona hil ziren iaz, horietatik 30 Nafarroa Garaian. Azken hamar urteotan 696 langile hil dira lan istripuetan Euskal Herrian, horietatik 188 Nafarroan.
2025ekoa da azken hamarkadako zifrarik altuena. 30 hildako horien artean, besteak beste,
-
12 in itinere edo in mision izan ziren (Nafarroako Gobernuak 3 in itinere baino ez zituen aitortu)
-
8 kolpez edo harrapatuak izanagatik hil ziren (horietako 2 makinekin lotutakoak)
-
6 heriotza ez traumatiko
-
1 altueratik erori izanagatik
Sektoreei erreparatuz, besteak beste,
- 8 ziren hildako garraiolariak
- 8 industriaren sektorekoak
- Eraikuntzakoak 3
- 2 baso lanetan zebiltzanak.
Sindikatuok oso larritzat jotzen dugu Gobernuak heriotzen erdia baino gehiago ezkutatu izana. Garraiolarienak edo in itinere edo in mision gertatutako heriotzak dira bereziki baztertzen direnak. 2025ean lan-heriotza izaera ukatu zaien heriotzen artean, bat azpimarratu nahiko genuke sindikatuok: martxoaren 5ean gertatu zen azken hamarkadetako istripurik larriena. Bi kamioien arteko talka baten ondorioz hil ziren 4 pertsona. Bi matrimonio ziren gidariak, lauek zuten transportista txartela, ibilbide luzeetan aritzen ziren eta kamioetan bizi ziren. Istripu hau da XXI.mendeko esklabotza motaren adierazle, gure errepideetan dagoena eta honen aurrean Gobernuak neurriak hartu beharko lituzke.
Lan-ezbeharrei buruzko txostenean jasotako datuek erakusten dute sektore batzuetan hiltzea errazagoa dela: eraikuntza, industria, garraioa, basogintza... lan batzuk hil egiten dute...
Gaixotasun profesionalak
...eta beste batzuk ez dute bizitzen uzten, gaixotasun profesionalak garatzea errazagoa baita, batez ere afekzio psikosozialak edo muskulu-eskeletikoak, lanekotzat hartzen ez direnak. Feminizatuta dauden sektoreak dira gaixotasun hauek gehien pairatzen dituztenak.
Oro har, gaixotasun profesionalek gora egin badute ere, argi dago horien azpierregistroak orokortua izaten jarraitzen duela. 2025ean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta lan osasunaren Institutuak (NOPLOI) jakinarazitako 1.600 gaixotasun profesionalen heren bat ukatu dute mutuen patronalek. Horren adibide da, laneko minbiziaren aitorpen txikia, 4 bakarrik Nafarroan. OMEk adierazten du laneko gaixotasunagatiko heriotza-faktore nagusia dela minbizia, eta argi dago falta diren kasu guztiak gaixotasun arrunt gisa sailkatu direla. Osasunaren Munduko Erakundeak berak dio, halaber, heriotzen % 20 bakarrik gertatzen dela istripu traumatikoen ondorioz; heriotza gehienak, % 80, gaixotasun profesionalen eta istripu ez traumatikoen ondorioz gertatzen diren bitartean.
Azpierregistro hori NOPLOI-ren Kontseiluan dauden agenteek onartua dute. Agente guztiek, patronalak, eragileak, epaileak eta parteak izan ezik. Iaz, enpresek eta mutuek 23.000 lan istripu aitortu zituzten Nafarroan, horietatik, erdiak baino gehiagok baja eragin zuten. Zifra altua da, baina sindikatuok uste dugu istripu asko ez direla erregistratzen edo ez zaiela lan-jatorria aitortzen, horietako asko enpresetan artatzen direlako, botikinetan edo patronalen mutuetan, non kontingentzia ukatzen den eta osasun etxeetara bideratzen diren.

Absentimoaren gezurrak
Bukatzeko, argi eta garbi salatu nahi dugu absentismoaren arazoa patronalak sortua dela. Nahita sortutako buloa da eta ez du errealitatearekin bat egiten. Faltsututako estatistikak egiten dituzte, eta bertan sartzen dituzte zaintzagatiko baimen ordainduak, ordu sindikalak eta aldi baterako enplegu erregulazioko espediente (ERTE) egoeran dauden egunak. Helburu bakarra dute, lan baldintzak eta langileen bizitzak presionatzea eta okertzea.
Arazo nagusiena laneko arriskuetan eta prebentzio falta orokorrean dago. Arrisku hauek patronalak berak sortzen ditu legedia urratuz, CEN patronaleko lehendakariak duela egun gutxi onartu bezala, edo Gobernuaren Tafallako eskualdeari dagokion txostenak, non enpresen % 80k legea betetzen ez duela onartzen den. Patronalak ez du honetaz hitz egin nahi, bulo honekin helburu bakarra baitu: bere onurak ahalik eta gehien handitzea.
Gaur 30 urte onartu zen lan-osasunari dagokion araudi orokorra. 30 urte patronalak araudi hori inpunitate osoz bete gabe jarraitzen duenetik. Eta 30 urte Gobernuak betearazten ez duenetik.
Honen aurrean, LAB, CGT/LKN, STEILAS, ESK, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuok:
-
Salaketa ekintzak egiten eta mobilizatzen jarraituko dugu.
- Mutuen publifikazioa exijitzen segituko dugu.
- Enpresei legea betearazteko eta betetzen ez dutenei isunak jartzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eskumena eman diezaion eskatzen diogu Gobernuari. Horretarako, ezinbestekoa da Nafarroan lan ikuskari askoz ere gehiago izatea, gutxienez, Europako estandarren araberakoa.
LAB · CGT/LKN · Steilas · ESK · EHNE-Etxalde · Hiru

2025ean laneko heriotza kopuruak gora egin du
2025an jadanik gainditu da ihaz lan-istripuz egondako heriotzen kopurua
Greba Haizea Bilbao-n segurtasuna eskatzeko
Prebentzio Legea: 30 urte geroago patronalak araudia bete gabe jarraitzen du
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11
- 12
- 13
- 14











