Garbi adierazten dugu mutuen osasun-zerbitzuen pribatizazio handiagorako edozein prozesu edo saiakeraren aurkako gure jarrera eta lan-osasuna osasun-sistema publikoan erabat integratzeko bidean aurrera egingo duen eredu bat defendatzen dugu.
« Sistemak lan-arriskuen aurrean langile klasea babestu behar du, haien osasuna interes pribatuen menpe jarri gabe »
Garbi adierazten dugu mutuen osasun-zerbitzuen pribatizazio handiagorako edozein prozesu edo saiakeraren aurkako gure jarrera; CCOO eta UGT-k estatu osoan sinatu duten bide horren aurka. Ez gaude eztabaida tekniko edo kudeaketa hutsezko baten aurrean: politiko erabaki sakon baten aurrean gaude, babes sozialaren muinari eta langile klasearen eskubideei zuzenean eragiten diena.
Enpresa-logika
Gizarte Segurantzarekin lankidetzan aritzen diren mutuak ez ziren jaio berme publiko unibertsalaren tresna gisa, baizik eta logika enpresariala duten erakunde gisa. Haien izaera kudeaketa ekonomikoaren irizpideetan oinarritzen da, ez osasun-sistema baten berezko zerbitzu publikoaren bokazioan. Izateko arrazoia enpresaburuen etekin ekonomikoa da, eta ez zaurgarritasun bereziko egoeretan dauden langile kolektiboei arreta, estaldura eta laguntza bermatzea.
Onura ekonomikoa lehentasun bihurtzen denean, osasuna bigarren mailan geratzen da. Esperientziak erakusten digu errentagarritasuna kostuak murriztuz, baliabideak mugatuz, zerbitzuak kanporatuz eta plantillak prekarizatuz inposatzen dela. Eta horrek ondorio zuzenak ditu: goiztiar emandako alta medikoak , ezintasunagatiko bajen etengabeko zalantzan jartzea, estaldura eraginkor txikiagoa eta babesgabetasun egoeretan dauden langileengan presio handiagoa.
Osasunaz ari gara, ez kontabilitateko balantzeez
Lan-osasuna eta langileen babesa ezin dira kontabilitate-balantzeen menpe egon. Hamarkadetako borroka sindikal eta sozialaren ondoren lortutako eskubideak dira. Negozio-iturri bihurtzeak haien xedea desitxuratzea dakar, eta sarbidean desberdintasunak, gardentasun falta eta kontrol publikoaren galera ekar ditzake.
Lan osasuna osasun-sistema publikoan erabat integratzera bideratutako eredua defendatzen dugu, kudeaketa eta kontrol publikoarekin, profesionalen eta eragile sozialen benetako parte-hartzearekin, eta interes orokorrean oinarritutako irizpideekin. Publikoa indartuko duen eredua; berdintasuna bermatuko duena; baliabide eta langile nahikoak jarriko dituena; eta erdigunean langileak jarriko dituena, ez finantza-balantzeak.

Eskatzen dugu
Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen dugu:
- Mutuen osasun-zerbitzuen pribatizazio edo kanporatze handiagorako edozein ekimenen berehalako geldiaraztea.
- Benetako negoziazio eta elkarrizketa sozialeko prozesu bat irekitzea, sindikatuekin eta sektoreko profesionalekin, mutuen baliabideak osasun-sistema publikoan integratzeko eta prebentziora bideratzeko.
- Osasun-sistema publikoa eta babes soziala indartzea, baliabide eta langile gehiago jarriz eta egungo sistema hobetuz.
Gure konpromisoa argia da: sistema publiko, unibertsal, bidezko, solidario eta iraunkor bat defendatzea; lan-arriskuen aurrean langile klasea babestuko duen sistema bat, haien osasuna interes pribatuen menpe jarri gabe.
Osasuna ez delako merkantzia bat! Eskubideak ez direlako saltzen! Publikoa defendatzen delako! ¡Mutuak stop!
ELA - CGT/LKN - ESK - STEILAS - LSB/USO - CNT - OPA
Mutuak: zure osasuna, beraien negoizioa
2025ean laneko heriotza kopuruak gora egin du
2025an jadanik gainditu da ihaz lan-istripuz egondako heriotzen kopurua
Greba Haizea Bilbao-n segurtasuna eskatzeko
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11
- 12
- 13
- 14
- 15











