ESK-tik gure babes irmoa adierazi nahi dugu aurkeztu duten salaketari CAF enpresako Administrazio Kontseiluaren aurka, Palestinako lurraldearen okupazioarekin eta kolonizazioarekin lotutako proiektuetan izan dezakeen ustezko inplikazioagatik.


« Ezin da neutraltasunik egon giza  eskubideen urraketa  sistematikoen aurrean »

 

Espainiako Estatuaren jurisdikziopean jarduten duten enpresek ezin dute zuzenean edo zeharka parte hartu Palestinako herritarren oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa eragiten duten proiektuetan. Giza eskubideen arloko beharrezko arduraz jardutea ez da aukera bat, betebehar juridiko, etiko eta politikoa baizik.

ESK-k gogorarazi nahi du hau ez dela jarrera berria. Gure sindikatuak jada babestu zuen CAFi Jerusalemgo tranbiaren proiektutik erretiratzea eskatzen zion manifestua. Era berean, CAFeko Beasain eta Irungo atal sindikaletako gure ordezkariek behin eta berriz defendatu dute, enpresa-batzordean eta zuzendaritzaren aurrean, proiektu hori bertan behera uzteko beharra, nazioarteko zuzenbidearekin eta giza eskubideekin bateraezina delako.

 

CAF entzungor

CAFek entzungor egin die eskaera horiei, eta aurrera jarraitu du Palestinako lurraldearen okupazioarekin konplizitate argian kokatzen duen proiektu batekin. Horrela, gainera, bere jokabide-kodea urratzen du, zeinak legeak, giza eskubideak eta askatasun publikoak zorrotz errespetatzea ezartzen baitu.

Gaur egun, entzungor egiten jarraitzeak eta aurrera ihes egiteak arazo larriak ekar ditzake enpresaren etorkizunerako; gero eta gehiago agertzen ari da giza eskubideak errespetatzen ez dituzten enpresen zerrendetan, eta horrek ondorioak izan ditzake etorkizuneko kontratazio publikoan, Jerusalemgo tranbiaren proiektua behin betiko uzten ez bada. Ez da jada soilik etika edo giza eskubideen errespetu kontua; etorkizunean kontratu asko arriskuan jar ditzakeen apustua da. Orain da arduraz jokatzeko garaia; berandu izango da, zalantzarik gabe, baina hobe berandu inoiz ez baino.

 

Beste alde batera begiratu

«Etxean etsairik ez bilatzeko» esaten dutenen aurrean, argi izan nahi dugu: etsai nagusia da egoera honen aurrean beste alde batera begiratzen duena, ezer gertatuko ez balitz bezala. Hori da, hain zuzen, beste alde batera begiratzea. Benetan existitzen diren erantzukizunak saihesteko modu bat da. Nazioarteko zuzenbidearen urraketak ez dira kanpotik bakarrik sostengatzen; hemen bertan hartzen diren erabaki enpresarial eta politikoen bidez ere mantentzen dira. Horregatik, erantzukizunak eskatzen dizkiegu bai nazioarteko eragileei, bai gure ingurutik egoera honetan parte hartzen dutenei edo onura ateratzen dietenei.

Gainera, ezin dugu ahaztu CAFek Eusko Jaurlaritzaren partaidetza akzioduna duela, eta horrek erantzukizun gehigarria dakar: diru publikoak ezin du zuzenean edo zeharka lagundu legez kanpoko okupazio egoerak eta oinarrizko eskubideen urraketak sostengatzen.

 

 

Horregatik guztiagatik, sindikatu gisa dugun jarrera argitik abiatuta, ezinbestekotzat jotzen dugu Israelekin harreman ekonomiko, instituzional, komertzial eta kontraktual oro etetea, nazioarteko zuzenbidearen eta Palestinako herriaren eskubideen urraketa larriak irauten duten bitartean.

Erakunde publikoei eta haien eraginpeko enpresei eskatzen diegu okupazioa, kolonizazioa eta Palestinako herriaren segregazioa sostengatzen duten lankidetza mota oro etetea. Lotura horiek mantentzea konplizitate modu bat da, eta berehala amaitu behar da.

 

Ekimenak bultzatu

Halaber, gure afiliatuei eta langile klase osoari dei egiten diegu «CAF: Jaitsi Israelgo apartheidaren trenetik» kanpainak bultzatutako ekimenak aktiboki babestera, mobilizazioetan, salaketa publikoetan eta CAF proiektu honetatik erretiratzea eskatzeko presio sozialeko kanpainetan parte hartuz.

ESK sindikatua berresten da Palestinako gizarte zibilak bultzatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorren (BDZ) nazioarteko kanpainarekiko konpromisoan, okupazio, kolonizazio eta apartheid politikekin amaitzeko presio tresna legitimo gisa.

 

Salaketa

Balorazio positiboa egiten dugu CAFeko Administrazio Kontseiluaren aurka aurkeztutako salaketaz, Jerusalemgo Tren Arinean izan duen paperagatik; izan ere, zuzendariek, ustez, okupatutako lurraldera biztanleria zibila lekualdatzen lagundu dezaketen, erregimen diskriminatzaile bat mantentzen lagundu dezaketen eta Genevako Laugarren Hitzarmenaren urraketa larriak eragin ditzaketen jarduerak baimendu eta gainbegiratu izana planteatzen du.

Ezin da neutraltasunik egon giza eskubideen urraketa sistematikoen aurrean. Israelek nazioarteko zuzenbidea bete eta politika horiei amaiera eman arte, ozen esango dugu: ez apartheidaren trenari, ez enpresa-konplizitateari.

Gure elkartasun aktiboa adierazten dugu Palestinako herriarekin eta haien eskubideak, askatasuna eta autodeterminaziorako eskubidea defendatzen dituzten erakunde guztiekin.

 

Gora Palestina askatuta! Boikot Israel!

 

CAF-en aurkako salaketa txalotzen dugu

ESK-tik gure babes irmoa adierazi nahi dugu aurkeztu duten salaketari CAF enpresako Administrazio Kontseiluaren aurka, Palestinako lurraldearen okupazioarekin eta kolonizazioarekin Irakurri

Berrarmatzearen eta genozidioaren aurka, Eragozpen Fiskala gastu militarrari

Errenta aitorpena hasten da. Zerga-eragozpena egitera animatzen zaitugu, gastu militarrera bideratutako zatia gizarte-ekimenetara bideratzeko. Informatu bulegoetan, tutorialetan eta webgunean. Irakurri

Gerrarik ez! Armagintzarik, genozidiorik, kolonialismoarik ez!

Ukrainako gerraren hasieratik 4 urte eta NATOren erreferendumetik 40 urte bete direnean, gizateria une dramatikoan da. Otsailaren 26an eta 27an Irakurri

Ez dezagun Palestina ahaztu

Israelek nazioarteko zuzenbidea urratzen jarraitzen du Gazan praktika genozidak eginez. Gizarte zibilak jardun egin behar du: boikota eta presioa beharrezko Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9