Maiatzaren 1 honetan kalera aterako gara salatzeko hemen murrizketak sinatzen dituzten esku berak, han bonbak finantzatzen dituela. Aski da pobretzeaz eta inperialismoaz.

« Bazterketa jada ez da istripu bat; eredu sozioekonomikoaren egiturazko ezaugarri bihurtu da »
Maiatzak 1eko manifestazioak
- Bilbo: Gran Via 56 11:30ean
- Donostia: San Telmo museoa 12:00etan
- Iruñea: Baratxurien plaza 12:00etan
- Gasteiz: Europa jauregia 12:30ean
Haiek irabazi, gu galdu
Aurtengo martxoan, Euskal Herria modu masiboan mobilizatu zen langile klasearen pobretzearen aurka eta 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzeko. Greba orokorraren ondoren, eta langileok patronalei zein gobernuei zuzenean interpelazio argia egin genien arren, hauek oraindik ez daude prest gure aldarrikapenak kontuan hartzeko.
Maiatzaren 1 honetan, langileok kalera aterako gara bai gobernuei bai patronalei erakusteko ez dugula onartuko gure kontura aberasten jarraitzea, gu pobretzen gaituzten bitartean; eta are gutxiago, hori guztia gerrak eta esku-hartze inperialistak justifikatuz egitea, ekinez edo ez ikusiarena eginez.
Langileok jada galdu dugu bizi behar izan ditugun krisien kontua. Mota guztietako krisiak izan dira: finantzarioak, belikoak, sanitarioak... Bakoitzak bere izena izan du, baina emaitza bakarra: irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu egiten dituzte; guk gal-tzen dugu eta haiek irabazten dute. Haiek irabazten dute, eta sistema kapitalista kriminal honen izenean egiten dute, gobernu ezberdinen konplizitatearekin, gutxi batzuen etekin pribatua sistematikoki gehiengoaren ongizatearen gainetik jarriz. Galtzaileak langileok gara, krisiz krisi kostua gure gain hartzen dugulako: enpleguaren suntsiketari aurre egin behar diogu, prekarietatea areagotzen da, pobrezia handitzen da, eta zerbitzu publikoak ahultzen dira...
Euskal Herriko langileok eskubideak eta bizi duina bermatzeko gaitasun ekonomikoa galtzen ari gara; baina badira, gainera, inposatzen diguten gerra-ekonomia honen ondorioz, bizitza bera galtzen dutenak ere. Haiei inporta zaien bakarra aberastasuna eta boterea pilatzen jarraitzea da, nahiz eta horretarako jendea hiltzen jarraitu behar izan. Bestela, zein da Europa Batasuneko estatu kideek gastu militarra BPGaren %5 handitzea adostearen arrazoia? Diru kopuru izugarriak bideratzen dituzte suntsiketa eta miseria sustatzera, oinarrizko eskubide sozialak —hala nola hezkuntza edo osasun publikoa— bermatzera bideratu beharko liratekeen baliabideak izan arren. Azken finean, nori harritu diezaioke joera militarista honek? Hurbil dituztenak itotzea axola ez bazaie, are gutxiago urrutiago daudenekin kezkatzea.
Bien bitartean, egunez egun beren politikekin langile klasea pobretzen duten bitartean, korporazio handiek, finantza-erakundeek eta inbertsio-funtsek etekin gero eta handiagoak pilatzen jarraitzen dute. Inoiz baino aberastasun gehiago sortu den planeta batean, gero eta esku gutxiagotan pilatzen da aberastasuna, desberdintasunak sakonduz eta pobrezia zein bazterketa sozialera kondenatuz. Ezinegonaren gizartea ari da eratzen, non bazterketa ez den jada salbuespena, baizik eta eredu sozioekonomikoaren egiturazko ezaugarria.

« Hemen murrizketak sinatzen dituen esku berak , han bonbak finantzatzen ditu »
Mundu ordena berria, bonben etekina
Langile klaseak, jasaten duen prekarietatearen aurka ez ezik, hiltzen, arpilatzen eta zapaltzen gaituen sistema global baten kontra ere egiten dugu. Estatu Batuek eta Israelek "ordena berria" ezarri nahi digute, eta, horretarako, basakeriari eusten dioten bitartean demokrazia defendatzen dutela dioten gobernu eta potentzia handien konplizitate aktiboa edo isiltasun interesatua dute.
Guzti hau lortzeko, herriak bonbardatu, baliabideak arpilatu edo blokeo kriminalak ezartzen diztuzte, milioika pertsona kolektiboki kondenatuz. Bizitza eta lurralde osoak suntsitzen dituzte, eskubideen bermatzaile izateari utzi, boterearen tresna bihurtu eta ondorioz hondamendi honen konplize bilakatu diren nazioarteko erakundeen bermearekin.
Egoera honen aurrean, langileok ezin dugu konplize izan, eta ez dugu konplize izan nahi. Ez dugu beste alde batera begiratuko. Gaur, inoiz baino gehiago, eraso inperialistak jasaten dituzten herrien ondoan gaude.
Autodeterminazio-eskubidea, hemen gertatzen den bezala, interes geopolitiko eta ekonomikoek zapaltzen dute. Ez gaitezen nahastu, kolonialismoa ez da iraganaren erlikia bat: berrasmatu egiten da, forma aldatzen du, baina menderatze-, ustiatze- eta kentze-helburuak bere horretan mantentzen ditu. Eta hiltzen jarraitzen du, horrela lortzen dituelako bere helburuak.
Kolonialismo berritu horren aurrean, konplizitate instituzionalen sare horren aurrean, langile klasea gure mugen barruan eta kanpoan kolpatzen duten bitartean beste aldera begiratzen dutenen aurrean, alternatiba bakarra dago: internazionalismoa, herrien arteko elkartasuna, herri subiranotasunak eraikitzea eta zapaltzen gaituen sistema honekin amaitzeko borrokan jarraitzea.
Maiatzaren 1ean kalera aterako gara blokeoari, okupazioari eta bonbardaketari aurre egiten dioten herri horietan guztietan. Haien borroka gurea ere badelako.

« Pobrezia ez da istripu bat, kontrolerako tresna bat baizik »
Ez da zorte txarra jatorria, klasea eta generoa da
Sistema kapitalistak gure bizitzak modu desberdinean antolatzen ditu, lanak, denbora, eskubideak eta baliabideetarako sarbidea generoaren, jatorriaren eta posizio sozialaren arabera banatuz. Emakumeok soldata baxuagoak eta lan-baldintza okerragoak ditugu, eta lanak banatzeko orduan, sistematikoki esleitzen zaizkie etxeko lanak eta zaintzarekin lotutakoak.
Errealitate hori erabaki politikoen emaitza da, langile-klaseari zuzenean eragiten dioten eta emakumeak miseriara kondenatuz bereziki zigortzen dituzten erabakien emaitza. Sektore feminizatuek zailtasun handiagoak dituzte, eta hori are gogorragoa da emakume migratuen eta arrazializatuen artean. Ezberdintasunak jatorria, klasea eta generoa ditu.
Ezin dugu ahaztu emakumeen lan-errealitatea egoera are larriagotzen duen testuinguru sozio-politiko batean kokatzen dela. Prezioen igoera neurrigabeak, etxebizitza lortzeko zailtasunek, pentsioen arrakalak, zerbitzu publikoen murrizketek... batez ere emakumeei eragiten dien pobretzera garamatzate, eta emakume langile prekarizatuenen artean areagotu egiten da.
Pobrezia ez da istripu bat, kontrol-tresna bat baizik. Sistemak beldurra, segurtasunik eza eta errua erabiltzen ditu emakumeak bereziki diziplinatzeko.
Ez gaude historiako une errazean, bat ere ez da emakumeentzat izan, egunero jasotzen ditugu gure larritasuna elikatzen duten eta berdintasunaren eta ongizatearen irudipen hori kolokan jartzen duten albisteak: ultraeskuinaren aurrerapena, migrazio-politika kriminalak, sendotutzat jotzen genituen eskubideen galera, kolonialismo berriak, gerrak... beldurrezko, desilusiozko eta mehatxuzko koktel toxiko bat dira, gu geldiaraztea besterik bilatzen ez duena.
Onura ekonomikoa pertsonen eta haien ongizatearen gainetik jartzen duen eredu bati aurre egiten diogunean, ezinbestekoa da ekonomia feminista bat eraikitzea, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duena, alderdi guztietan.
Maiatzak 1: Kapitalismoa, inperialismoa borrokatu!
Maiatzak 1: industria militarra ez da alternatiba
Maiatzak 1: Zuen errezetekin jai dugu
Maiatzak 1: Zorroa lehertu!
- 1
- 2
- 3










