Enviserren eta Gasteizko Udalaren inmobilismoak lorezainen greba mugagabea 6 hilabetera luzatu du. Bakarrik soldata duinekin desblokeatuko da lan-gatazka.

« Bakarrik soldata duinekin desblokeatuko da lan-gatazka »
Ostiral honetan, irailaren 26an, 6 hilabete beteko dira hiriko parkeak eta lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalak azpikontratatutako langileen greba mugagabea hasi zenetik.
Ordutik, gatazka konpontzeko aurrerapausoak urriak izan dira. Lanaldiari eta baimenei dagokienez aurrerapenak egon badira ere, gai ekonomikoari dagokionez, enpresak egindako proposamenak ez du lorezaintzako Estatu mailako azken hitzarmenean galdutako eros-ahalmena ere berreskuratzen.
3.000 € baino gehiagoko galera
Azken urteetan, langileek %13tik gorako erosahalmenaren galera bat izan dute, alegia urteko 3.000 € inguru langile bakoitzeko. Horrenbestez jasotzen dituzten soldatak oso baxuak dira, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren gainetik justu-justu geratzen direlarik.
Enviserrek eta Udalak adostutako proposamenak ez du inolaz ere bermatzen galdutako eros-ahalmenaren berreskurapena, kategoriaren arabera 4 urtetan zehar %15 eta %20 bitarteko igoerak suposatzen baitute. Eskaintza hori ez da nahikoa, eta ez du bermatzen langileen oinarrizko beharrak asetzeko moduko soldatarik.

Langileak gogotsu
Langileek borrokarekin jarraitzeko irmotasuna dute, soldata duinak lortu arte, hori baita lan-gatazka desblokeatuko duen elementu bakarra. Enpresak behin eta berriz adierazi du Udala dela soldata-igoerak mugatzen dituena, eta, horrez gain, adierazi du ez dutela dirurik Udalarekin sinatutako eta 2027an amaitzen diren kontratuak indarrean dauden bitartean soldatak hobetzeko.
Greba batzordeak eta ELA, ESK eta LAB sindikatuok argi daukagu oraindik tarte handia dagoela, bai multinazionalaren aldetik, %6ko etekin industrialeko kontratuak lortu baitzituen eta langileen prekarietatearen kontura aberasten jarraitu nahi baitu, bai Udalaren aldetik, arazorik gabe zerbitzuko 80 langileek eskatzen duten soldata hobetzeko aukera duelako, udal aurrekontuaren % 0,1 baino gutxiago izango bailitzateke.
Negoziatzeko borondaterik ez duen enpresa
Joan den ostegunean PRECOn izandako bileran, enpresak berriro erakutsi zuen ez zuela negoziatzeko borondaterik; alde sozialarentzat garrantzitsua den informazioa emateari uko egin zion eta gutxieneko zerbitzuen agindu bidegabeak ezartzen jarraitzeko erabakia jakinarazi zuen, horiek ez dutenean izateko arrazoirik. Egungo blokeoa gainditzen lagunduko duten akordioetara iristeko eta gatazka konpontzeari ekiteko sindikatuen ordezkariek luzatutako eskuari ahalik eta modu okerrenean erantzun zitzaion, horri uko eginez eta sindikatuei desadostasunak konpontzera epaitegira joatera animatuz.

« Gasteizko Udalaren benetako inplikazioa behar da behingoz »
Irtenbideak aurkitu
Argi dugu konponbideak aurkitzeko garaia dela, eta, beti bezala, horiek bilatzeko prest gaude, baina, horretarako, Gasteizko Udalaren benetako inplikazioa behar da behingoz, sistematikoki uko egin baitio negoziazioaren parte izateari, baina aldi berean etengabe hartzen dituen erabaki politikoekin baldintzatzen ari dena. Alternatibak bilatu beharrean, langileen errendizioa bilatzen du, gobernu-taldeak lan-gatazkari aurre egiteko duen ezintasun politikoa agerian utziz.
Bitartean, mobilizatzen jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, eta, ezerk konpontzen ez badu, ostiral honetan, irailaren 26an, 6 hilabeteko greba mugagabea beteko denean, Artiumetik manifestazio batera deitzen dugu arratsaldeko 18:30etan. Bertan, Gasteizko Udalaren zerbitzu publikoen pribatizazio eta azpikontratazio politika negargarrien ondorioen aurkako gure borroka justuari eusten dion babes sozial handia izatea espero dugu.
ELA – ESK – LAB
Zigor oso larria Gasteizko Udalari, Enviserren grebarako eskubidea urratzeagatik
Enviserreko langileen garaipena: 197 greba egunek fruituak eman dituzte
Enviser: laster akordiorik ez badago, gose grebari ekingo diogu
Sei hilabete Gasteizko lorazainek greba hasi zutenetik
- 1
- 2
- 3
- 4









