Ia 200 eguneko greba mugagabearen ondoren, Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea garbitzeko eta mantentzeko zerbitzuko langileek akordio historikoa lortu dute, lan-baldintzak nabarmen hobetzeko.

« Antolatuz eta mobilizatuz prekarietatetik atera dira »
Greba amaitzeko akordioa bihar goizean itxiko da eta langileak ostegunean itzuliko dira lanera, 197 eguneko greba mugagabearen ostean.
Prekarietatea duintasun bihurtzen duen akordioa
Atzo goizean, PRECO-an eman zen beste bilera batean, enpresak azken eskaintza bat aurkeztu zuen, Gasteizko Udalaren oniritzia jaso ostean. Langileek, gaur arratsaldean izan duten asanbladan, honako akordio hau onartu dute:
Funtsezko soldata-hobekuntzak
- Akordioa sinatzen denetik hileko 200 €-ko berehalako igoera.
- Hitzarmenaren indarraldi osoan zehar (2025-2028), 5.000 €ko soldata igoera.
- Galdutako erosahalmena berreskuratzea eta soldata baxuegiak duintzea.
Lanaldia nabarmen murriztea
- Orain arte urtean egiten duten 1.700 orduak, 2028rako 1.592 ordutara murriztea.
- Urteko egutegia: 1.648 ordu 2026an, 1.616 ordu 2027an eta 1.592 ordu 2028an.
- Gaur egun egiten duten ordutegia finkatu da; astelehenetik ostiralera, goizeko txanda.
Atseden-denbora gehiago
- Lanaldiko atsedenaldia 15 minututatik 30 minutura igoko da.
-
Inplementazio progresiboa: 20 minutuko atsedenaldia 2025-2026 urteetan eta 30 minutu 2027-2028 urteetan.
Eskubide berriak
- Urtean 8 orduko baimena senideei akonpainamendu medikoa emateko.
- Lan orduetan langile asanbladak egiteko urtean 2 orduko baimena.
- Txanda-kontratua izateko eskubide automatikoa, baldintzak betetzen dituztenentzat, enpresarekin negoziatu beharrik gabe.
Borrokak merezi izan du
ESK sindiaktuaren ustez, akordio hau garaipen borobila izan da. Antolaketa eta mobiliazoekin langileek erakutsi dute emaitzak lortzen direla. Akordio honekin, langile horiek baldintza prekarioetatik irtetea lortu dute, EAJk eta PSEk bideratzen duten Udalak bultzatutako zerbitzu publikoen pribatizazio eta azpikontratazio basatiaren politiken ondorioz eragindako egoeratik alegia.
Aurreko estatu-hitzarmenak (2021-2024) % 13 inguruko erosahalmen-galera metatu zuen. Orain, plantillak erosahalmen hori berreskuratu eta bere lan-baldintzak nabarmen hobetu ditu.
Lorpen historiko honengatik langile guztiak zoriontzen ditugu. Mobilizazioan izan duen etengabeko inplikazio eta ausardiarik gabe, horrelakorik ez zen posible izango. Ez errepresioak, ez Beatriz Artolazabal zinegotziaren probokazio eta intoxikazioek, ez Udalaren bandoek, ez ELA sindikatuaren maniobrek, ez dute lortu ereduzko plantilla baten determinazioa gainditzea.
« Pobrezia eta prekarietatea dakartzan azpikontratazioaren aurkako borrokan jarraituko dugu »
Gatazka historiko baten ikasketak
Gatazka honek ikasketa garrantzitsuak uzten dizkigu oraingo eta etorkizuneko borroketarako:
Udala da benetako arduraduna
Lehenengo egunetik bagenekien -eta azken unera arte baieztatu da- Udala zela zerbitzuaren eta sortutako egoeraren arduradun bakarra. Azkenean, Udalak berak desblokeatu du gatazka.
Hau ez zen enpresaren eta langileen arteko gatazka bat. Udalaren politika publikoetatik eratorritako gatazka zen, milioi askoko gutxiengoa aberasten baitute gasteiztarren lan-prekarietatearen kontura.
Enviserren jabegoari (Europan Luxenburgoren bidez jarduten duen inbertsio-funts estatubatuarra) ez dio kezkatu Gasteizen gertatzen ari zenaz. Besterik gabe, diru publikoa jasotzen dute, lan-prekarietateari eusten dioten bitartean.
'Lankidetza publiko-pribatuaren' porrota
Borroka horrek argi uzten du 'lankidetza publiko-pribatua' deritzotena agortu dela. Lankidetza hau esku pribatuetara diru publikoa desbideratzea besterik ez da eta hauek langile klasea diziplinatzeaz arduratzea.
Gure herri eta hirietara pobrezia eta prekarietatea baino ekartzen ez duen eredu horren aurkako borrokan jarraituko dugu, gehien dutenen diru-kutxak gizentzen dituen bitartean.

« Erresistentzia-kutxari esker bizirauteko diru-sarrerik ez izateak suposatzen duen xantaia ekonomikoa gainditu ahal izan da »
Garaipenaren zutabeak
Hainbat elementu ezinbestekoak izan dira garaipen hori lortzeko:
Babe sozial masiboa
Lehenengo egunetik, borrokak etengabeko babesa jaso du ESK eta LABen militantziaren, Gasteizko Lan Autodefentsa Sarearen, Pentsiodunen Mugimenduaren, dozenaka kolektibo sozialen eta norbanakoen eskutik.
Sindikatuen erresistentzia kutxak
Kutxa hauek kuoten bidez hornitu ditugu hiru sindikatuen afiliazioaren elkartasunari esker, grebalariei ekonomikoki eutsi ahal izan zaie 6 hilabetez. Erresistentzia-kutxari esker bizirauteko diru-sarrerik ez izateak suposatzen duen xantaia ekonomikoa gainditu ahal izan da.
Udal ibiltari eta lotsagarria
Udalak balantzaka ibili da etengabe. Gatazka hasi eta bi hilabetetara, Enviserrekin zituen kontratuak desegiteko aukera iragarri zuen, enpresak onartu zuenean, bideraezina zela esan zuen. Horrek hilabeteak galarazi zituen baliazko ebazpenean.
Greba osoan zehar, Beatriz Artolazabalek empresa babestu du, langilen aldarrikapenak mespretxatzen zituen bitartean. Lotsagarria. Gasteizko bizilagunen interesak defendatu beharrean, AEBetako inbertsio funts baten interesak defendatu ditu. Biktimismoak eta heldutasun politiko ezak argi uzten dute ez lukeela karguan jarraitu behar, ezta minutu bat gehiago ere. Gasteizko herritarrek ez dute horrelakorik merezi.
ELA-ren ekintza batasunaren haustura
Enpresa batzordean gehiengoa duen sindikatuak, ELAk, ekintza batasuna hautsi zuen greba hasi eta hiru hilabetetara. Bere kontura negoziazio bat hasi zuen, plantillaren asmoak apaltzen zituena, langileekin kontsultatu gabe, sindikatuen arteko akordioak hautsiz eta arduragabe jokatuz. Aldebakarreko hausturaren porrotaren ondoren, grebatik desagertzea onartezina da.
ESK-ren eta LAB-en arteko elkarlana
ESK-ren eta LABen arteko ekintza-batasuna, ordea, eraginkorra izan da, langile gehienek babestu baitute. Borroka eta eta mobilizazioekin zailtasun guztiak eraitsi ditugu. Greba bera, mobilizazio etengabeekin eta aktiboarekin, plantilla menderatzeko ahalegin guztiak amaitu ditu.
Abusuzko gutxieneko zerbitzuak
Eusko Jaurlaritzak guztiz justifikaziori gabe, abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen greba osoan zehar. Honetan jardun duen enpresa eta Udalaren eskaera bateratuen ostean. Horrela, grebaren inpaktua nabarmen murriztu zuten eta grebarako eskubidea urratu zuten. Hori ezin da errepikatu: langileen askatasunen eta oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzena da.

Ospatzeko eguna da
Gaur lortutakoa ospatzen dugu. Garaipen honek argi uzten du, beste behin ere, sistema kapitalista zalpaltzaile eta bidegabearen aurka borrokatzea eta bizitza duinak defendatzea posible dela eta merezi duela.
Gora lorezainen borroka eta gora langileon borroka!
Zigor oso larria Gasteizko Udalari, Enviserren grebarako eskubidea urratzeagatik
Enviserreko langileen garaipena: 197 greba egunek fruituak eman dituzte
Enviser: laster akordiorik ez badago, gose grebari ekingo diogu
Sei hilabete Gasteizko lorazainek greba hasi zutenetik
- 1
- 2
- 3
- 4











