Epaiak kaleratutako langilea berriro hartzera eta kalte-ordaina ematera behartzen du. Beldurra irabazten dugunean eta modu kolektiboan borrokatzen dugunean, bidegabekerien aurrean isiltzen garenean baino babestuago gaude.


« Borrokatzeak beti  merezi du  »

 

Atzo ezagutu genuen Gasteizko Instantzia Auzitegiko Lan Arloko Ataleko 4. plazak emandako epaia, Enviserrek urriaren 21ean egindako kaleratzeari buruzkoa, Gasteizko Udalak parke eta lorategiak, hiriko zuhaitzak eta eraztun berdea garbitzeko eta mantentzeko azpikontratatutako plantillak egindako 198 eguneko greba mugagabea amaitu eta 13 egunera.

ESK-k egindako salaketaren aurrean, epaia oso argia da, kaleratzea nuloa deklaratzen da, grebarako oinarrizko eskubidea urratzeagatik, eta enpresak kaleratutako langilea berriro hartu beharko du, eta 7.501 euroko kalte-ordaina eman beharko dio bere oinarrizko eskubideak urratzeagatik, bai eta kaleratzetik lanera itzuli arte jaso ez dituen soldatak ordaindu ere.

 

Langileak eskarmentatzeko ahalegina

Epaian argi geratzen da probaldia maiatzaren 17an amaitu zela, eta, beraz, kaleratzea aldi horretatik kanpo egin zela, enpresak alegatzen zuenaren kontra. Izan ere, maniobra horrekin, zalantzarik gabe, izandako borroka historikoaren ondoren zigortu egin nahi zien langileei, enpresan antzinatasun gutxien duen grebalariaren kaleratzearekin.

Epaiak, gainera, onartzen du enpresak kaleratutako langilea greban bereziki aktiboa izan zela, eta kaleratzearen unetik salatu duguna frogatuta geratu da, errepresio sindikalaren ekintza lotsagabea zela.

 

 

Borrokan erreferentea

ESK-k langile guztiak zoriondu nahi ditu, garaipena, batez ere, beraiena delako, beste behin ere borrokarako eta mobilizaziorako gaitasuna erakutsi baitzuten epaiketa egunean, joan den martxoaren 16an, ESK-k eta LABek deitutako lanuztearekin bat eginez, eta eskerrak eman nahi dizkiegu ere egun egun horretan bertan kaleratzea eta errepresio sindikala salatzera joandako eragile sozial ezberdinetako 200 pertsona ingururi.

Gure ustez, zerbitzu publikoak azpikontratatzeko politika nazkagarriari modu serio eta berehalakoan ekiteko garaia da. Politika horrek baliabide publikoak bideratzen dizkie modu horretan oinarrizko eskubideak urratzeko gai diren enpresei, eta administrazio publikoek kontratatzen dituzte oraindik ere, beren jardunbideen berri izan arren. Eskrupulurik ez dutenei poltsikoak esku betetan betetzen uzten diete, diru publikoaren eta langile-klasearen prekarietatearen kontura, etengabe gehiegikeriak jasatera kondenatzen langileei.

Gasteizko lorazainek egindako borroka eredu horren aurkako borrokan erreferente bat da, eta ez gara geldituko politika hauekin bukatu arte, badakigulako, gainera, lankidetza publiko-pribatua deitzen dutena porrot egindako eredua dela.

 

Eskubideen urraketa

Artolazabal zinegotziak gatazka osoan izandako jarrerak eta langileen grebarako eskubidea urratu zutela eta enpresak ez zuela lan-arloko ez-betetzerik egin ukatzen jarraitzeko duen ahaleginak erakusten du etengabe ez dela gai duen karguen ardurak betetzeko. Gasteiztarrek ez dute horrelakorik merezi, eta, horregatik, berehala bere kargua uzteko eskatzen diogu.

Azkenik, nabarmendu nahi dugu, beste behin ere, agerian geratzen dela beldurra irabazten dugunean eta modu kolektiboan borrokatzen dugunean, bidegabekerien aurrean isiltzen garenean baino babestuago gaudela, nahiz eta bestela konbentzitu nahi gaituzten. Borrokak beti merezi du.

Lortu dugu, eta argi eta garbi esan nahi diogu Enviserri lorategi horietan sartzen jarraitu nahi badu, ez garela sasi, belar txar edo kaparren beldur.

Gora lorezainen borroka!! Gora langileon borroka!

 

Baliogabetuta Enviser-reko grebaralari baten kaleratzea

Epaiak kaleratutako langilea berriro hartzera eta kalte-ordaina ematera behartzen du. Beldurra irabazten dugunean eta modu kolektiboan borrokatzen dugunean, bidegabekerien aurrean Irakurri

Enviser: grebalari aktiboenetako baten justifikaziorik gabeko kaleratzea salatzen dugu

Greba amaitu eta 12 egunera, Gasteizko lorazainen grebako pertsona aktiboenetako bat kaleratu zuten justifikaziorik gabe. Kaleratzea baliogabetzeko eta Juan berriz Irakurri

Zigor oso larria Gasteizko Udalari, Enviserren grebarako eskubidea urratzeagatik

Lan-ikuskaritzak oso zehapen larria ezarri zion Gasteizko Udalari (7.501 €-tik 225.018 €-ra), Enviserreko lorezainen greba-eskubidea urratzeagatik. Zinegotziari bere akatsa onartzeko Irakurri

Enviserreko langileen garaipena: 197 greba egunek fruituak eman dituzte

Ia 200 eguneko greba mugagabearen ondoren, Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea garbitzeko eta mantentzeko zerbitzuko langileek akordio historikoa lortu Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5