Herritarren babes handia kontutan hartuta, Gasteizko Udalak arduraz jokatu eta greba amaitzeko akordio baten bilaketan inplikatu behar du eta lorezainen soldata duinak bermatu.

« Badago gizarte-aldarri bat Udalari eskatzen diona gatazkaren konponbidean inplikatzeko eta langileentzako soldata duinak bermatzeko »
Duela 5 hilabete eta erdi Gasteizko Udalaren parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Enviser enpresako azpikontratatutako langileen greba mugagabea hasi zenetik, Gasteizen bada gizarte-aldarri bat Udalari gatazkaren konponbidean inplikatzeko eskatzen diona. Azpimarratu nahi dugu konponbidea, langileentzako soldata duinak bermatzen dituen akordio batetik baino ez dela helduko.
Ez da erraza izaten ari borrokari eustea, lan-gatazkan inplikatuta dauden alde guztietatik jasaten ari garen erasoak direla eta; Eusko Jaurlaritzak inposatuta eta enpresaren nahietara erabat irekiak dauden gehiegizko gutxieneko zerbitzuak; udalak etengabe egiten dituen kriminalizazio-saiakerak, enpresaren mehatxuak, ohartarazpenak eta gaixotasun bajak ez ordaintzea,... baina gure lan-baldintzak, behingoz, hobetzeko erabaki irmoa hartu dugu.

Herritarren babes zabala
Herritarrengandik jasotzen ari garen babes zabalak indarra ematen digu une zail hauetan aurrera jarraitzeko. Gaurko erregistroarekin, guztira, 5.098 sinadura entregatzen ditugu, Udala gatazkaren konponbidean benetan inplikatzea eskatzen dutenak.
Milaka herritarren sinadura hauei, Gasteizko jaietan jasotako babes ikaragarria gehitu behar zaie. Gogoan izan nahi ditugu blusen eta nesken koadrilak, paseillo bakoitzean gure borrokaren aldeko kartelak eta pegatinak erakutsi zituztenak, baita parte-hartzeko lekua utzi zigutenak ere, baita txosnak ere, non denek gure borrokaren aldeko kartela zintzilikatu zuten; albokalariena eta herritarrena oro har, eta nola ez ahaztu Fermin Muguruza eta bere taldeak egin zuen keinua, lekua egin baitziguten abuztuaren 7ko kontzertu jendetsuan. Duela bi aste, Mendizorrotzan Iraultza 1921 taldearen elkartasuna ere jaso genuen. Laburbilduz, burutzen ari garen greba mugagabearen aldeko babes soziala oso zabala izaten ari da.
Abusuzko gutxieneko zerbitzuak
Horren aurrean, Udalaren erantzuna “greba ez duela ulertzen” aipatzea, eta teorian 2 edo 3 aste baino iraungo ez zuten baina errealitatean ia 3 hilabete luzatzen ari diren gehiegizko gutxieneko zerbitzuak eskatuz langileen grebarako eskubidea zapuzten saiatzea izan da. Beatriz Artolazabalek berak agerraldi publiko batean adierazi zuen jada ez dagoela sute-arriskurik, eta, beraz, onartu zuen jada ez direla beharrezkoak greban dauden langileei ezarritako gutxieneko zerbitzuak.

Gatazkari gasolina bota
Joan den asteazkenean Olarizuko zelaietan gertatutakoak gatazkari gasolina bota besterik ez du egiten, behin betiko konponbide baterako aukera are gehiago urrunduz. Gizartearen aldarria entzun beharrean, Udalak legea bihurritzeko apustua egiten du, langileen grebarako eskubidea urratuz. Olarizuko zelaiak traktore batekin txukuntzeko ahalegin maltzur eta arduragabeak agerian utzi besterik ez du egiten gobernu-taldeak lan-gatazkari aurre egiteko duen ezintasun politikoa. Enpresa pribatu bat grebalariak ordezkatzea oso gertaera larria da, baina hiri honetako Udala bezalako administrazio publiko batek era berean jokatzea muga guztiak gainditzen ditu.

Irailak 15, astelehena, kontzentrazioa
Haien jarrera salatzeko eta Udalaren eta Enviserren benetako inplikazioa eskatzeko grebaren amaierarako akordio bat lortzeko, astelehenean, irailak 15, 19:30ean Esmaltacioneseko biribilgunean (Heraclio Fournier kalea) elkarretaratze batera deitzen dugu.
Bada garaia egungo egoera behingoz konpontzeko. Bihotz-bihotzez eskertu nahi diegu Gasteizko herritarrei emandako babes guztia, eta era berean ozen adierazi nahi dugu lorezainok soldata duinak jasotzen dituen hitzarmen propio bat lortu arte borrokan jarraitzen dugula eta jarraituko dugula.
Gora lorezainen borroka!
ELA - ESK -LAB
Zigor oso larria Gasteizko Udalari, Enviserren grebarako eskubidea urratzeagatik
Enviserreko langileen garaipena: 197 greba egunek fruituak eman dituzte
Enviser: laster akordiorik ez badago, gose grebari ekingo diogu
Sei hilabete Gasteizko lorazainek greba hasi zutenetik
- 1
- 2
- 3
- 4









