Azken hiru hamarkadetan patronalak lan-osasunari buruzko araudia behin eta berriz urratu ondoren, erakundeei eskatzen diegu lan-ikuskatzaileen kopurua handitzea, enpresak zigortu ahal izateko gaitasuna edukitzea eta araudia betetzen dela zaintzeko jarrera aktiboa izatea.
« Momentuz 2024an %30 igo dira lan-istripu larriak eta arinak, %50 heriotzak eta %19 laneko gaixotasunak »
Ia hiru hamarkada igaro dira Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea onartu zenetik. Hiru hamarkada dira patronalak laneko osasunari buruzko araudia behin eta berriz urratzen duela, gobernuen beharrezko konplizitatearekin. Ez dira guk asmatutako datuak, datu ofizialek berresten dute: 2024an %30 igo dira lan-istripu larriak eta arinak, ia %50 lan-istripu hilgarriak eta% 19 gaixotasun profesionalak. Ez da uneko egoera soil bat, langileen lan-osasunaren galeraren egoera kezkagarri baten isla baizik.
Hori dela eta, apirilaren 25ean, apirilaren 28ko Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-ETXALDE, HIRU eta CGT Nafarroa sindikatuok kalera aterako gara Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan, eta langileen lan-osasunaren galeraren egoera zehatzak salatuko ditugu, arduradunak seinalatuz. Sektore feminizatuei lotutako lanbide-gaixotasunak sistematikoki ezkutatu eta ukatzen direla ere salatuko dugu, eta laneko arriskuen balorazioetan ez dela kontuan hartzen sexu-generoaren osagaia. Borrokarako eta aldarrikapenerako eguna izango da, eta aipatutako sindikatuok jarraipena emango diogu lan-ezbeharren gaitzaren aurrean egiten ari garen elkarlanari.
Prebentzio-sistema errotik aldatzeko beharra
Egungo prebentzio-sistema errotik aldatzeko beharra jarriko dugu erdigunean. Sistema honek, hiru hamarkadatan enpresak araudia bete gabe egon ondoren, porrot egin duela frogatu da. Patronalak ezin du laneko osasunari buruzko araudia urratu; izan ere, ez du ondorio larririk jasotzen. Laneko osasunari buruzko araudia bete behar du. Langileen lan osasuna galtzea ezin da zigorgabe geratu.
Eta, horretarako, EAEko eta Nafarroako gobernuek hori betearazteko behar diren bitartekoak jarri behar dituzte. LAB, ESK, STEILAS, EHNE-ETXALDE, HIRU eta CGT Nafarroak honako hau exijitzen dugu:
- Egungo lan-ikuskatzaileen kopurua nabarmen handitzea, Europako batezbestekoarekin parekatuz.
- Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) gaitasun exekutiboa izan behar dute, ezin dira aholkulari hutsak izan.
- Administrazioak jarrera aktiboa izan behar du laneko osasunari buruzko araudia betetzen dela bermatzeko, eta, enplegatzailea den tokian, beharrezko lan osasuneko klausulak txertatu behar ditu kontratazio-pleguetan.
Argazkia: Naiz
« Langileak antolatuta dauden tokietan prekarietate txikiagoa dago, eta behera egiten dute lan-istripuek eta lan-gaixotasunek »
Antolatu gure lan osasunaren alde borrokatzeko
Azkenik, dei egiten diegu langileei antolatzen jarrai dezaten, eta egunero borroka egin dezaten gure osasunaren alde lantokietan eta sektoreetan. Apirilaren 25ean bultzada handia emango diogu laneko osasunaren defentsari, baina beharrezkoa da egunero defendatzea. Gure eguneroko antolaketarekin eta borrokarekin patronala gure osasuna bermatzeko derrigorrezko neurriak hartzera behartzen jarraituko dugu, eta ziur gaude gobernuak eta erakundeak ere behartuko ditugula prebentzioa benetakoa izan dadin eta ez lortu beharreko betiereko helburua.
Izan ere, datuek ere gauza bat argi uzten dute: langileak antolatuta dauden eta prekaritate txikiagoa duten lekuetan, lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak izateko arriskua nabarmen jaisten dela.
Mobilizazioak
- Iruñea: Kontzentra iraunkorra 11:30etatik 18:00etara Nafarroako Gobernuaren aurrean, in itinere istripuak salatzeko.
- Donostia: 11.30etan Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, arrisku psikosozialak salatzeko.
- Bilbo: 11:30ean Mutualiaren aurrean, mutuen papera lan-osasuna eta osasun publikoaren kontra salatzeko.
Laneko istripuak eta laneko gaixotasunak ekidin daitezke!
LAB • ESK • STEILAS • EHNE-etxalde • HIRU • CGT Nafarroa
Covid eragindako ondorioak, lan-istriputzat hartuak
Prebentzioa lanean ez gaixotzeko eta ez hiltzeko
Lanean hiltzen eta gaixotzen gara, patronalak zigorrik gabe jarraitzen duen bitartean
Lan osasunaren defentsan, antolatu eta aktibatu!
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11