Berriro ere, Gobernu honek etxeko eta zaintzako langile guztientzako eskubide guztiak aitortzeko galdu duen aukera historikoa sentitzen dugu.

 

Etxeko langileak erreforma

 

« Erreforma hau ez da nahikoa, eta oraindik ere  milaka langile prekarietate-egoerara  kondenatzen ditu »

 

Argi dugu Yolanda Diaz berriz ere gezurretan ari dela erreforma honekin, esan zuenean: “Etxeko langileei langabezia prestazioa eta dirulaguntza emateaz gain, edozein langilek dituen eskubide berberak aitortuko dizkiegu”.

Ministroen Kontseiluak irailaren 6an onartutako testua aztertu ondoren, ESK sindikatuan argi dugu erreforma hori ez dela nahikoa, eta jarraituko duela sektore hau prekaritate nabarmenera kondenatzen, guztiz feminizatuta dagoena, luzaroan lege patriarkalen ondorio latzak jasan dituena eta oraindik ere jasaten dituena.

Ez dituzte sektoreko langile antolatuak entzun nahi izan, eta berriro ere prekaritatera eta langile pobre izatera kondenatu dituzte alta emanda dauden 369.000 langile baino gehiago, migratutako milaka langile bazterrean uzteaz gainera. 

 

Parekatze erreala

2011n PSOEk aurreko erreforma egin zuenetik, ESK-k erregimen berezi horren desagerpena aldarrikatu du. Langile horien eskubideak erregimen orokorreko gainerako langileenekin parekatu behar dira. Horregatik erreforma bat eta aldaketa txiki batzuk ez ziren nahikoak.

Beste behin ere, Gobernuak prekaritate handiagoko egoeran utzi du sektore hau eta, gaur egun, besteak beste, ez du bermatzen astean 40 orduko lanaldia, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) baino handiagoa izatea, kaleratzeagatiko kalte-ordainak gainerako sektoreen berdinak izatea (hilabete 1 enplegu-emailea hiltzen bada), edo sektore honetako agerikoena: barneko langileak (24 orduko lana) izaten jarraitzea erregulazio sakonik gabe, hilean 1.050 euro gordinen truke, XXI. mendeko erdiesklabutza baldintzetan.

 

Etxeko eta zaintzako langileen antolakuntza

Langile antolatuak eta sektoreko eragileak zoriondu nahi ditugu, haiek eraman baitute aurrera borroka hau. Badakigu haiek direla beren eskubideak defendatzeko eta lan eskubideak benetan parekatu daitezen lehen lerroan jarraituko dutenak. ESK-n batasunean borrokatzearen aldeko apustua egiten dugu, erreforma hau sektorearen lan-baldintza duinen erdiespenen kate luze baten hasiera izan dadin.

Ez dugu onartuko zaintzak negozio bat izaten jarraitzerik, prekaritate-baldintzen kontura mantendu nahi dutena, eta ez dugu onartuko administrazioak behingoz ez ekitea zaintza-sistema publiko baten alde, pertsonok gure bizitzetan behar dugun zaintza jaso dezagun.

Atzerritarrei buruzko lege berri baten beharra azpimarratzen dugu, guztiontzako eskubideak aitortuko dituena.

 

Etxeko langileak erreforma

 

2022ko urriaren 1etik aurrera aplikatuko diren aldaketak

  1. Lan-arloan, hauek dira aldaketak:

    • Kontratuan atzera egiteko eskubidea ezabatu da: Erreforma berriarekin enplegatzaileak ezingo du langilea “arrazoi gabe” eta “kaleratze arrunt batean baino merkeago” lanetik bota.

    • Enpresetan bezala, kaleratze objektiboaren aukera zabalik geratuko da, ekoizpen-, antolaketa-, ekonomia- edo arrazoi teknikoengatik; baina, beste behin ere, aitortutako kalte-ordaina txikiagoa da, urteko 12 egunera MUGATU baitute, gainerako sektoreetan onartutako 20 egunen aldean.

    • Bidegabeko kaleratzeen kasuan, urteko 33 eguneko kalte-ordaina aitortzen zaie langileei (gainerako kaleratzeetan bezala); izan ere, orain arte 20 egunekoa zen muga.

    • Langileek FOGASAn kotizatzeko eskubidea izango dute (Soldatak Bermatzeko Funtsa) Hala, enplegu-emaileak zorrak pilatzekotan eta kaudimengabe geratuz gero, soldatak bermatzeko funts hori arduratuko da etxeko langileari ordaindu beharreko zorrez. Hori bai, zenbatekoa langileek erregimen orokorrean kobratzen dutenaren erdia izango da.

    • Langileek Laneko Arriskuen Prebentziorako Legetik kanpo egoteari utziko diote. Sektore honetarako arriskuen prebentziorako araudia sortzea aurreikusten da. Sei hilabeteko epean azterketa-batzorde bat sortuko da, lanbide-gaixotasunen koadroa neurtuko duen proposamen bat garatzeko.

    • Kontratazioa: Arau orokor gisa, lanaldi osoko kontratu mugagabea egin beharko zaie langileei, idatziz beste baldintza batzuk zehaztu ezean. Baldintza horiek nahitaez idatziko itun bidez egin beharko dira. Gainera, kontratuaren funtsezko elementuak eta baldintza nagusiak lan-kontratuan jasota egon beharko dira (gauzazko soldata, hitzartutako presentzia-orduak, gauak, etab.).


  2. Gizarte Segurantzaren arloan, erreformak honako aldaketa hauek dakartza:

    • Kotizazioa: Urriaren 1etik aurrera, derrigorrezkoa izango da langabeziagatik kotizatzea, horrela, langabezia-prestazioa eta horri lotutako subsidioak aitortuko dira. Hala, 2022ko urriaren 1ean kotizatzen hasten direnek ere, langabezia kobratzeko eskubidea izateko, Erregimen Orokorrean eskatutako kotizazio-aldiak bete arte itxaron beharko dute; hau da, gutxienez urtebete langabeziarako, eta 6 urte dirulaguntzak jasotzeko eskubidea izateko. Arau berri hau ez da atzeraeraginezkoa eta, hortaz, 2022ko urria baino lehen langileek ezin dute langabeziagatik kotizatu.

    • Gizarte Segurantzako kuotak: 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, hilean 60 ordutik beherako lanaldia duten langileek ez dituzte Gizarte Segurantzaren kuotak eurek ordaindu beharko. 

    • Berriro atzeratu da benetako soldatagatik kotizatzeko aukera, urtebete atzeratu baita egungo kotizazio-tarteen desagerpena. 2023/01/01erako aurreikusita zegoen, eta 2024/01/01ean izango da.

    • Enplegatzailearentzako hobariak ezarri dira Gizarte Segurantzan alta ematea sustatzeko, baina oraindik ez dira zehaztu.

 

Madres Mercedariaseko zentroa mantentzeko eta lan-baldintzak hobetzeko akordioa

Orozkoko Madres Mercedarias de Ibarra enpresako langileek akordioa lortu dute, itxiera saihesteko eta langile guztien enpleguari eustea bermatzeko. Irakurri

Bizkaiko egoitzen hitzarmenaren aurreakordioa

Badakigu langileen borrokak eragin duela hobekuntza horiek lortzea, baina ESK-tik uste dugu borroka horrek sindikatu gehienen batasunarekin egin behar dela. Irakurri

Etxeko langileen erregimenaren erreforma ez da nahikoa

Berriro ere, Gobernu honek etxeko eta zaintzako langile guztientzako eskubide guztiak aitortzeko galdu duen aukera historikoa sentitzen dugu. Irakurri

Etxeko langileen sektorearen erreforma: ez informaziorik, ez parte-hartzerik

Lan Ministerioak uko egin dio ESKrekin eta etxeko langileen erakundeekin biltzeari sektore horren lege-erreformaren berri emateko, langile horiei beren baldintzak Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5