EULEN eta batez ere, Gipuzkoako Foru Aldundia 17 eguneko greba saboteatzen saiatu dira gezurra esanez eta araudia urratuz. Guzti horren gainetik, KPIa lan-hitzarmenean txertatzea eskatzen jarraitzen dugu.

 

EULEN garbikuntzako langileak

 

« Gipuzkoako Aldundiak presioa egin du eta gezurra esan du  grebarako eskubidea oztopatzeko  helburu bakarrarekin  »

 

Gaur 17 egun bete ditugu greban, 17 egun borrokan, erosmen ahalmena ez galtzeko. ELA, LAB eta ESK sindikatuok positiboki baloratzen ditugu 17 greba egun hauek, eta argi eta garbi esaten dugu ez garela geldituko enpresaren eta Aldundiaren presioen aurrean.

Enpresa lehenengo egunetik grebarako dugun eskubidea urratzen saiatu zen grebalarien lanak eginez grebalariak ez ziren langileekin, bai grebaren lehen txandan, baita bigarrenean ere.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera tamalgarria

Baina greba oztopatzeko arma guztiak erabili dituena administrazio publikoa izan da. Aldundiak ez zion utzi joan den ostegunera arte greba-batzordeari eraikinen barrura sartzen. Greba-batzordearen eskubideak urratzen ari zirela jakin arren, ez ziguten sartzen utzi, harik eta lan-ikuskaritzan salatu genuen arte. Grebalariak lantokietan sartzen utzi beste aukerarik izan ez zutenean, bisita- eta plangintza-ordutegiekin baldintzatzen saiatu ziren.

Ez ziren horrekin konforme geratu, eta, behin sartzen utzi behar izan zigutenean, lan-sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuen aurka egin zuten. Greba honetarako gutxieneko zerbitzuak Eibarko Egogain egoitzan ezarri ziren. Langileen Batzordeak eta enpresak gutxieneko zerbitzu horiek nola antolatu adostu zuten, baina diputazioak, greba oztopatzeko asmoz, akordioaren aurka egin zuen.

Aurreko ostiraletik aurrera, Aldundia gezurrekin lan-zuzendaritza presionatzen saiatu da, langileen grebarako eskubidea oztopatzeko eta sektorea desmobilizatzeko helburu bakarrarekin. Argi eta garbi diogu diputazioak gezurra esan duela, Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuak, Eider Mendoza buru duela, lan-zuzendaritzari jakinarazi zion Egogain egoitzan ez zegoela baxera garbirik egun horretan bertan afari-zerbitzua eman ahal izateko. Greba-batzordetik azpimarratu genuen datu hori ez zela egia; izan ere, afari-zerbitzurako baxera prest zegoen eta hori frogatu ahal izan genuen. Baina diputazioak bere helburuarekin jarraitu zuen: lan-sailari gutxieneko zerbitzuak gehitzeko, egoitzan aparteko garbiketa bat dekretatzeko... eskatuz.

 

Gipuzkoako Aldundiko garbitzaileen greba

 

Presio politikoak eta erabaki politikoak

Eta guk geure buruari galdetzen diogu: aparteko garbiketa egoitzan, baxerarik ez dagoelako baxera bazegoela egiaztatu zenean? Argi dago mehatxu horiek guztiek presio politikoei eta erabaki politikoei erantzuten dietela. Gertakarien aurrean, Lan-ikuskaritzaren esku-hartzea eskatu genuen, baxera garbia zegoela presaz egiazta zezan. Eta horrela geldiarazi ahal izan genuen egoitzaren aparteko garbiketa.

Baina astelehenean Eulen enpresarekin, Aldundiarekin, Lan Sailarekin eta Aldundiko ikuskaritzarekin bilera batera deitu gintuzten. Bilera horretan, beste behin ere, greba-batzordeari presioa egiten saiatu ziren, gutxieneko zerbitzuen aldaketa onar zezan. Eta batzordearen ezezkoaren aurrean, asteartean Lan Sailak gutxieneko zerbitzuen agindua aldatu zuen, inolako oinarri formalik gabe, praktikan % 50etik % 66ra. Aginduak ohiko langileen % 50 dekretatzen du, hau da, Erresidentzian lan horietan 6 langile daude eta erdiak 3 izango lirateke, eta orain (astearteko aldaketaren ondotik) 4 pertsona joan behar izaten dugu.

 

«  Gipuzkoako Aldundia  gatazka hau konpontzeko azken erantzunle da »

 

ELA, LAB eta ESK sindikatuok salatu dutenez, erabaki politiko bati baino ez dio erantzuten aldaketa horrek; izan ere, frogatuta geratu da greba honetan egoiliarren bizitzarako eta osasunerako eskubidea ziurtatuta dagoela, Egogain Zentroko zuzendariak asteleheneko bileran baieztatu zuen bezala. Horregatik guztiagatik, gutxieneko zerbitzuen aldaketa inpugnatuko dugu.

Irmo salatzen dugu Aldundiaren eta lan Sailaren jarrera, beren indar guztiak inbertitu baitituzte aste hauetan garbitzaileen greba galarazten, gatazka honi irtenbidea ematen saiatu beharrean.

Argi daukagu Aldundiak duela azken erantzukizuna gatazka hau konpontzeko eta grebari amaiera emateko. Gatazka hori ez da konponduko gutxieneko zerbitzuak handituta, ezta enpresa-batzordea presionatuta ere. Gatazka hori konponduko da hitzarmenean KPIa ziurtatzen denean eta langileen aldarrikapenak jasotzen direnean.

Hori dela eta, irmo gaitzesten dugu administrazio osoaren jarrera, beste behin ere, langileei entzun eta haien eskaerei erantzun beharrean, patronalaren alde agertu baita. Baina ozen eta argi esaten dugu, ez gaituzte geldituko eta ez diogu borrokatzeari utziko borroka hau irabazi arte!

Borroka da bide bakarra! KPIrik gabe ez dago lan-hitzarmenik!

 

Basauriko Udaleko garbiketa-azpikontrataren ez-ordainketak eta ez-betetzeak

Basauriko Udalaren utzikeriak, OHL enpresari garbiketa-azpikontrataren langileen eskubideak ez errespetatzea ahalbidetzen dio. Enpresa Batzordeak elkarretaratzeak deitu ditu azaroaren 27rako eta Irakurri

Gipuzkoako Foru Aldundiaren garbiketako aurreakordioa sinatu da

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten langileak zoriondu nahi ditugu, negoziazio luze eta gogorragatik. Negoziazio horretan, modu nekaezin Irakurri

Donostiako Udalaren garbiketa-aurreakordioa sinatu da

Aurreakordio horrek lehendik zegoen soldata-eskala bikoitza ezabatzen du, soldata %27 handitzen du eta konpentsazio-ordainsariak bermatzen ditu gaurtik 2028ra arte. Irakurri

Bizkaiko Diputazioko garbitzileek % 24ko gutxieneko soldata-igoera lortu dute

Gaur, 2024ko uztailaren 11n, urte osoko negoziazio baten ostean, hainbat mobilizazio eta 6 greba-egunen ostean, ESK, UGT, LAB eta ELA Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12