Eskuinak bat-batean eskubideak lapurtzen dizkigu; ezkerrek gobernatzen dutenean, lapurtutakoa berreskuratzea eta eskubideetan aurrera egitea oso motelak dira.
Momentua da
Asteak eta hilabeteak igaro dira eta Madrilen erabateko opakutasunez negoziatzen jarraitzen dute Euskal Herrian eta Espainiar Estatu osoan milioika langileren bizitza markatuko duten lan eta pentsio erreformak. Noizbehinka mututasuna hautsi egiten da, publiko egiten den tirabiraren batengatik, Escrivá ministroaren ohiko gehiegikeria batengatik edo buruzagi politikoren baten zoritxarreko hitzengatik. Hala ere, gertakari horiek ezer gutxi esaten digute negoziazioen benetako bilakaerari buruz, elkarrizketa sozialeko mahaian eta gobernu zentralaren eta parlamentu-babesa ematen dioten alderdien artean ematen ari direnak.
Konpromiso politikoak ez dira iraungi
Bien bitartean, badirudi baten batek amortizatutzat jotzen duela bai PSOE eta Podemosen arteko gobernu honek herritarrekin eta beste indar politikoekin dituen konpromiso politikoak, eta baita Rajoyren gobernuak lapurtutako lan- eta gizarte-eskubideak berreskuratzeko eta berriak konkistatzeko beharra ere.
Pandemiak eragindako krisi sozial eta ekonomikoak gizarte-egoera latza sakondu du, 2008ko finantza-krisiaren kudeaketa neoliberalaren ondorio dena. Gainera, krisi berri baten atarian gaude, askoz ere sakonagoa, non larrialdi klimatikoa saihetsezina izango den. Honenbestez, koiuntura historiko baten aurrean gaude. Gehiengo sozialak eta, langileok batez ere, asko dugun jokoan.
Gogaituta gaude nagusi den logika politikoak eraman nahi gaituen dinamikarekin. Eskuinak kolpe batez eta bi aldiz pentsatu gabe lapurtzen dizkigu eskubideak (oraindik ere Rajoyren ostiral beltzen oroitzapenek astindu egiten gaituzte). Hala ere, ezkerreko alderdiak direnean lapurtutakoaren berreskurapena eta eskubideetan aurrera egitea gidatzen dutenak, oso motelak dira. Duela egun batzuk Esteban jaunak zuzen eta sutsu defendatu zituen EAJren eta bere klasearen interesak: elektrizitatearen aparteko onurak mugatzen dituen dekretua aldatu egiten ez bazen, gobernua bera egongo zen arriskuan. Zenbat aldiz amestu dugu tonu berean entzutearekin Unidas Podemos, EH Bildu, ERC edo Mas País…? Ezkerreko posizioetatik gure botoak jasotzen dituztenen aldetik ausardia eta erabakitasun handiagoa dugu faltan.
Ez gara inozenteak, ulertzen ditugu batzuen eta besteen arrazoiak… Ulertzen ditugu, baina ez gatoz bat. Noiz izango dira langileen eskubideak, pentsioen sistema publikoa edo lurra eta bizitzaren aldeko produkzio-eredu baten defentsa, gobernuak mehatxatuko dituen Arrazoia?
« Argi daukagu nor den etsaia eta badakigu non egin behar den presioa korapiloak aska daitezen »
Tresnarik eraginkorrena: mobilizazioa
Ezin dugu onartu, eta ez dugu onartuko, lan-erreforma indargabetzeko promesa urardotzea, eta ez gaituzte engainatuko pentsioen ‘jasangarritasun-faktore’ iraingarria ‘belaunaldi arteko ekitatearen faktorea’ deritzonarekin ordeztuta. Era berean, beren burua ezker eraldatzailekotzat jotzen duten alderdiek erabakigarriak izateko duten gaitasuna ikusita, ez dugu ulertuko azpikontratazio- eta kanporatze-kateetan eskubideak parekatzeari uko egiterik, eta, are gutxiago, etxeko eta zaintzako langileen diskriminazioa betikotzerik.
Hala ere, ez gara arduragabeak, badakigu ezin garela mugatu ezkerreko alderdiei pozoitutako geziak jaurtitzera; gure erantzukizuna onartzeko prest gaude. Daukagun pisuari dagokion umiltasunarekin, argi daukagu nor den etsaia eta badakigu non egin behar den presioa korapiloak aska daitezen.
ESK-ko emakumeok eta gizonok beti jakin dugu patronalaren interesei eta hauek defendatzen dituzten alderdi eta erakundeei aurre egiteko tresnarik eraginkorrenak mobilizazioa eta borroka direla. Joan den maiatzean gainerako antolakunde sindikal borrokalariei helarazi genien beharrezkoa dela greba orokor baten alde bat egitea, Madrildik etorriko diren erreformen edukia baldintzatu ahal izateko.
Politika instituzionalean parte hartzen dutenekin zorrotzak garen bezala, mugimendu sindikalarekin ere bagara. Interes partikularretatik haragoko fronte komun bat osatuz eta langile-klasearen indarra kaleetan erakutsiz baino ez dugu lortuko belaunaldi oso batentzako gizarte- eta lan-eskubideak irabaztea. Unea orain delako, eta arrazoia langileok garelako, greba orokorrerantz.
60 erankunde sozial eta sindikal baino gehiagoak bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin
Maiatzaren 11an mobilizazioak bizitza duinen alde
Gizarte-prestazioen murrizketa berriei ez
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Greba Orokor Feministarekin bat
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10