Zuzendaritzak aurkeztutako plan industriala Productos Tubulares desegin eta taldea beste korporazio industrial bati saltzeko edo integratzeko abiapuntua da.
Hilabete asko itxaron eta SEPIren erreskatea jaso ostean, Tubos Reunidos taldeko zuzendaritzak Trapagarango, Amurrioko eta Iruñeko lantegietarako dituen etorkizuneko planen berri eman zuen joan den astean. Beste behin ere, plantillei eta haien legezko ordezkariei dien mespretxuaren erakusgarri, zuzendaritzak prentsara iragazi zituen plan estrategikoaren xehetasunak, eragindako enpresa-batzordeei jakinarazi aurretik.
Bileren ondorioak
Ez ESK sindikatuak ezta TRI eta PTko atal sindikalek ere, ez diegu ziria sartzen utziko. Bi lantegietan egindako bileren eta aurkeztu zaigun dokumentuaren azterketaren ondoren ateratako ondorioak oso argiak dira:
- Kontuak onbideratzeko eta taldea prestatzeko, emandako dokumentuan bertan esaten den bezala, beste industria-egitura batean saltzeko edo integratzeko bideratuko dira erreskate publikoaren 112 milioiak. Altzairutegien fusioa, Iruñearen itxiera eta Sestaoko altzairutegiaren itxiera tarteko etapak dira azken agertokira iristeko.
- Sestaoko altzairutegia ixtea Trapagarango ijezketa eta akaberak egiteko instalazioaren etorkizuneko itxieraren atarikoa da. Productos Tubulares ekoizpen-unitate integral gisa soilik du zentzua eta bideragarritasun ekonomiko eta produktiboa. Operazio hau benetako drama da Ezkerraldearentzat, bere azken aktibo industrialetako bat arriskuan uzten baitu.
- Taldea gezurretan ari da Amurrion altzairutegi berri bat eraikiko dela esaten duenean. Aurpegi oso gogorra izan behar da, edo langileak tentelak direla pentsatu, 22 milioiko inbertsioa eginda altzairutegi berri bat egin daitekeela esaten denean. Amurrioko altzairutegia egokitu besterik ez dute egingo, totxoaz gain, lingoteak sor ditzan. Horretarako, Sestaoko altzairutegiko elementu posible guztiak berrerabiliko dituzte. Esaten da, gainera, altzairu herdoilgaitza ekoitzi eta deskarbonizazioan aurrera egin nahi dela; ezinezkoa egiten zaigu hori horrela izango denik sinestea inbertsio makal horiekin.
- Gezurra esaten da, halaber, Amurrion hotzean tenkatzeko zentro berri bat sortuko dela esaten denean. Tresna batzuk Nafarroatik Amurriora eramango dituzte. Berriz ere, lantegi bat ixtea eta plantillaren zati bat nahitaez lekuz aldatzea dakarren eragiketa baten aurrean gaude.
- SEPIk jasotako 112 milioi euroetatik 60 milioi bakarrik erabiliko dira inbertsio produktiboetarako. Gainerako dirua zertara bideratuko den, edo bankuen eta akziodunen aurrean zeintzu diren taldeak hartutako konpromisoak, gaur egun, misterioa dira. Gogora ekarri behar dugu talde honetako inbertitzaileen diru-gosea, beren harrapaketarekin egungo egoerara eraman baikaituzte. Ez dugu ahaztu behar, halaber, langileak izan garela taldea finantzatu dugunok soldatak izoztearen bidez, ERTEak,…. Ondo dago kredituak bankuei itzultzeaz arduratzea, baina noiz itzuliko dute guri zor digutena?
- Diru publikoa enpleguen galera aurre-erretiroen bidez finantzatzeko erabiliko da kalitatezko. Ez dago inolako bermerik aldi baterako langileentzat, ez eta azpikontrateko lankideentzat ere, haien etorkizunagatik oso kezkatuta baikaude.
Gozoki pozoituta
Tubos Reunidos taldeko zuzendaritzak gozoki bat saldu nahi digu, baina pozoituta dago. Sinetsarazi nahi digute gutxieneko inbertsio batzuekin eta Amurrion ekoizpen-unitateak pilatuz salbatuta gaudela. Trukean, onartu egin behar dugu Sestaoko eta Iruñeko 100 lankide baino gehiago Amurriora lekualdatzea eta gutxienez 60 industria-lanpostu galtzea aurre-erretiroen bidez.
Horren aurrean ESKn argi daukagu: ez dugu irentsiko! Ez genuen egin 2018an PTko altzairutegia ixteko ERE bat ezartzen saiatu zirenean, ez dugu egin 2018tik jasandako ERTEekin, eta ez dugu orain egingo.
Tubos Reunidos taldearen etorkizuna
Tubos Reunidos taldeak etorkizuna izango badu, lehenik eta behin, akziodunek hainbeste dibidendu eta mozkin eman dien konpainia birkapitalizatzeko konpromezua adierazi behar dute. Bigarrenik, asmo handiko inbertsio-plan sinesgarri bat behar dugu, taldearen ekoizpen-planta guztien etorkizuneko bideragarritasunean sinesteko aukera emango diguna, trantsizio energetikoak planteatzen dizkigun erronkei aurre eginez. Hirugarrenik, premiazkoa da hitzarmen kolektiboak eguneratzea, izozte-urte hauetan galdutakoa berreskuratzen hasteko eta kontraten eta behin-behineko langileen enpleguak eta baldintzak ziurtatzeko. Laugarrenik, eta azkenik, Gasteizko eta Madrilgo erakundeek Amurrio eta Trapaga-Sestaoko lantegien etorkizuna bermatzeko benetako inplikazioa behar dugu, biek baitute garrantzia beren eskualdeetan.
TRGren gehiegizko praktikak ABEEE-ekin salatzen ditugu
Tubos Reunidos-eko lan-erregulazio espedientearen iruzurra
Borroka sindikala EZ DA delitua!
Amurrioko Tubos Reunidos Groupen izandako lan-istripu larria salatzen dugu
- 1
- 2
- 3