Jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko baimena 16 astekoa izango da bi gurasoentzat, 2021eko urtarriletik aurrera: aurrerapausoa da, baina zaintza krisia ez du konpontzen.
2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, jaiotzagatiko eta zaintzagatiko baimena 16 astekoa izango da bi gurasoentzat.
- 16 aste horietatik, 6 aste derrigorrezkoak izango dira bi gurasoentzat; jarraiak izango dira, eta erditzearen, adopzioaren edo harreraren ondo-ondoko asteetan hartuko dira. Egun horiek lanaldi osoan hartu behar dira, zaintza-betebeharrak betetzeko. Halaber, orain arte bezala, ama biologikoak epe hori aurreratu ahal izango du erditzea aurreikusitako eguna baino 4 aste lehenago.
- Derrigorrezko 6 aste horiek igarotakoan, guraso bakoitzaren gainerako 10 asteak asteka banatu daitezke, metatuta edo etenekin, seme-alabak 12 hilabete bete arte. Aste horiek lanaldi osoan edo lanaldi partzialean har daitezke (horretarako, beharrezkoa da enpresarekin adostea). Aste horiek etenekin hartzea erabakitzen bada, gutxienez 15 egun lehenago jakinarazi beharko zaio enpresari aste bakoitza noiz hartu nahi den.
- Gurasoetako batek eskubiderik ez badu Gizarte Segurantzak ordaindutako baimen hori izateko, beste gurasoak lan-kontratua 16 astez eteteko eskubidea baino ez du.
Gainera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berriki emandako epai batean, aitortu da ama ezkongabe batek (guraso bakarrekoak) eskubidea duela jaiotza- eta zaintza-baimenen aste guztiak hartzeko, hau da, dagokion 16 asteko baimena, gehi beste gurasoari egokituko litzaizkion asteen batura.
Bularreko haurra zaintzeko baimena
Bularreko haurra zaintzeko baimena ordaindutako baimena da (Langileen Estatutuaren 37.4 artikulua), eta berritu egin da 2019. urtean, bi gurasoek baliatu dezaten haurrak 9 hilabete bete arte.
Bi gurasoek daukate edoskitze-baimenerako eskubidea, enpresa berean edo ezberdinetan lan egin, eta hitzarmen kolektiboak dioena gorabehera. Baimen hori proportzionalki handituko da (2 ordu eguneko) erditze, adopzio eta/edo harrera anizkoitzaren kasuan.
Baimenak lanean ordubeteko absentzia ematen du, eta, haurrak 9 hilabete bete arte, hiru modutan hartu ahal izango da:
- Baimen ordaindua, lanegun bakoitzeko ordubetekoa ala ordu erdiko bi zatikoa. Absentzia ordu batekoa edo ordu erdiko bi zatiko izan daiteke, eta lanaldiak iraun bitartean hartu beharko da.
- Lanaldia ordu erdiz murriztea, lanaldiaren hasieran edo amaieran.
- Edoskitze-baimen metatua; egun osotan metatu ahal izango da, eguneko ordubeteko absentzia oinarri hartuta.
Baimena 1) moduan hartzeko, enpresari jakinarazi beharko zaio soilik. Baimena 2) edo 3) moduetan hartzeko, aldiz, enpresarekin hitzartu behar da, salbu eta eskubide hori hitzarmen kolektiboan aitortuta badago.
Badago 12 hilabetera (ez 9 hilabetera soilik) luzatzen den modalitate bat, baldin eta bi gurasoek iraupen eta erregimen berean baliatu badute baimena. Kasu horietan, haurraren 9 eta 12 hilabete bitarteko aldian, gurasoei lanaldi-murrizketaren proportzio berean murriztuko zaie soldata, baina prestazio ekonomiko bat jaso ahal izango dute haurraren zaintza erantzunkideagatik. Prestazio ekonomikoa oinarri arautzailearen %100en baliokidea da, lanaldi-murrizketaren proportzioan (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra, 192bis artikulua).
Emakumeok jasaten ditugun diskriminazioekin amaitzeko, ESKn uste dugu beharrezkoa dela politika zehatzetan aurrerapen handiagoak egitea, eta beharrezkoak diren kontziliazio-eskubideak aitortzea, horrela, gizonen eta emakumeen arteko zaintza lanen-erantzunkidetasuna sendotzeko eta zaintza-beharrak bete ahal izateko.
Hitzarmen autonomiko eta probintzialek lehentasuna, estatukoen gainetik
Edoskitzaroko eta zaintzeko baimen berriak (2/2024 Errege Lege Dekretua)
Familien eta zaintzaileen bizitza eta bizitza profesionala uztartzeari buruzko neurriak
Hilerokoagatiko, haurdunaldiagatiko edo haurdunaldia eteteagatiko baja medikoa
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5