Etxeko langileek, gizarte-zerbitzu publiko eta pribatuetakoek, desgaitasunaren, bazterkeriaren, mendekotasunaren, migrazioen eta haurren esparrukoek greba deialdia dute baldintza eskasak hobetzeko eta ematen duten zerbitzua hobetzeko.
Datorren urtarrilaren 26an, ESK sindikatuak (ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuekin batera) grebarako eta sektorearen mobilizaziorako deia egin du, zaintza profesionalizatuen sektoreetan planteatzen den "negu hotzari" aurre egiteko.
ESK sindikatuaren ustez, langile garen aldetik, premiaz mobilizatu behar gara, urteak daramatzan krisi sozialaz ohartarazteko; izan ere, pandemiak errealitate oso konplexuak uzten ari ditu bai langileentzat bai erabiltzaileentzat ere. Egoerak, zalantzarik gabe, biztanleriaren geruza zabal baterako egiten ditugun zaintza lanak duintasun- eta justizia-baldintzetan egitea eragozten du.
Batasuna, prekarietateari aurre egiteko
Lehenik eta behin, salaketa honen erdigunean jarri nahi dugu milaka etxeko langileen errealitatea eraldatzeko beharra, gaur egun muturreko prekarietate-egoeran baitaude. Gainerako langileen eskubide berberak ere ez dituzten emakumeak, greba bezalako oinarrizko eskubide bat egikaritzea ezinezkoa zaiela jakitun.
Bigarrenik, argi utzi nahi dugu, erregulazio eta hitzarmen desberdinen pean lan egin arren, bat gatozela sentimenduarekin. Horregatik, deialdi hau desgaitasunaren, bazterkeriaren, mendekotasunaren, migrazioen eta haurren esparruko gizarte-zerbitzu publiko eta pribatuetako langileei zuzenduta dago. Egoitzetan, etxez etxeko laguntza-zerbitzuan, telelaguntzan eta esku-hartze sozialean lan egiten dutenei. Erakundeek zainketen eremuak zatikatzen dituzte, borrokak banatzeko; guk hori apurtu nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da gure arteko batasuna eraikitzea.
Zainketa-lanak aitortu
ESK sindikatu kideok uste dugu zainketa-lanak aitortzeko unea dela, lan horien balio sozial izugarria aitortzeko unea. Lan horiek oinarrizkoak dira bizitzari eusteko, eta lehentasun publiko handienarekin baloratu behar dira. Eta balioestea ez da soilik erakundeak guztion onerako direla dioen iragarki bat egitea, balioestea inbertitzea da, zerbitzuak ematen ditugunen eta jasotzen dituztenen baldintzak hobetzea da. Eta horrek ezin du gehiago itxaron. Gaur urrats bat ematen dugu zaintza-sistema publiko eta integral bat eraikitzeko. Gu geu, sektore hauetakio langileok ekingo diogu, nahiz eta prekarietatea ezarri diguten.
Ezinbestekoa da 10.000 lanpostu premiaz sortzea eta zainketa-lanak gaur egun kasu gehienetan ematen dituzten prekarietatetik ateratzeko behar diren partida ekonomikoak bideratzea. Premiazkoa da eredua eta lan-baldintzak aldatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da langileak gehitzea eta arreta hobetzea, bai eta zerbitzu gehiago eta hobeak sortzea eta garatzea ere.
Horregatik geldituko gara datorren urtarrilaren 26an. Gugatik gelditzen gara, baina baita herritar guztiengatik ere.
Zaintzetako langile guztiak, borrokara!
Madres Mercedariaseko zentroa mantentzeko eta lan-baldintzak hobetzeko akordioa
Bizkaiko egoitzen hitzarmenaren aurreakordioa
Etxeko langileen erregimenaren erreforma ez da nahikoa
Etxeko langileen sektorearen erreforma: ez informaziorik, ez parte-hartzerik
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5