Urtarrilak 30eko greba orokorrarako hamaika arrazoi ditugu. Egoera ikusita beharrezkoa iruditzen zaigu jauzi bat ematea lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan.

 

 

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz.

Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu genuen, prozesu parte-hartzaile baten bidez. Orduz geroztik eskubide horien aldeko ekimenak antolatu ditugu. Orain, aipatu planteamenduaren haritik, mugimendu bien arteko konfluentzia eman da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia.

Egoera ikusita beharrezkoa iruditzen zaigu jauzi bat ematea lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan. Konbentzimendu hirukoitz batek batu gaitu: batetik, pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira.

Finean, bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez. Eredu horren ardatz nagusiak hauek dira:aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka, jendartearen beharren arabera antolatua (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea...).

Honela gauzak, erabaki dugu krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jartzea. Lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamika
abiatzea adostu dugu.

 

Aldarrikapen Taula


2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea:

  • Erretiroa 65 urterekin.
  • Erretiro Aurreratua 61 urterekin, 30 urte kotizatuta izanez gero. Koefiziente murriztaileak arintzea.
  • Erretiroa hartu ahal izateko adina jaisteko aukera zabaltzea sektore berrietara, bereziki nekagarriak eta arriskutsuak diren sektoreetara, adibidez, garraio-sektorea.
  • Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontutan.
  • Pentsioen eros-ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera)
  • Pentsioen jasangarritasun-faktorea kentzea.

 

Beste neurri batzuk pentsioei buruz:

  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
  • Pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea, kotizazio sozialen eta zergen bidez.
  • Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea. Lan egindako egun bakoitzeko, kotizatutako egun bat.

 

Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea:

  • Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea.
  • Herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenestea estatu mailako hitzarmenen gainetik.
  • Beheko esparruko hitzarmen batek goragoko esparruko beste baten baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea.
  • Lan-eskubideetan egindako murrizketak atzera
    botatzea.

 

Beste neurri batzuk enpleguari eta pentsioei buruz:

  • Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzea.
  • Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata.
  • Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea.
  • Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata gutxitu barik.
  • Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
  • Azpikontratatutako enpleguan subrogaziorako eskubidea bermatzea.
  • Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
  • Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
  • Kontratazioan prekarizazio-formula oro kentzea (etxeko langileen erregimen berezia, autonomo faltsuak, uberizazioa...)
  • Klausula sozialak ezartzea administrazioko azpikontratetan.
  • Lanera bizirik itzultzeko eskubidea. Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza plan zorrotz bat ezartzea.
  • Etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitortzea.

 

Eskubide sozialen bermea:

  • Menpekotasun egoeran dauden pertsona guztiei laguntza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa legez bermatzea.
  • Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Errenta Bermatua %100ean parekatzea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin, eta azken hori %50 igotzea bi pertsonak osatutako ohiko unitateetan, eta beste %50 igotzea 3 pertsona edo gehiagoko unitateetan.
  • Alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea legez bermatzea, EHko Eskubide Sozialen Kartaren Herri Ekimen Legegileak ezarritako baldintzetan.

 

Lan-harremanetarako eta babes-sozialerako esparru propioa:

  • Euskal Herriko langileek eskubidea izatea pentsio sistema publikoa eta pentsio duinak bermatzeko modurik onena erabakitzeko.
  • Lan-harremanetarako gure eredu propioa eta negoziazio kolektiboko marko propioa erabakitzeko eskubidea, kanpoko esku-hartzerik gabe.
  • EAEko eta Nafarroako instituzioei dei egiten diegu euren erantzukizunak onartu eta bide horretan aurrera egiteko neurriak har ditzaten, gisa honetako ekimenekin:
    1. Gutxieneko pentsioa legez 1.080euro arte osatzea, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen bidez.
    2. Enplegu publikoari dagokionean (zuzenekoa nahiz azpikontratatua): 1.200euroko gutxieneko soldata 35 orduko gehienezko lanaldia ezartzea; gutxienez herrialdeko hitzarmen sektoriala aplikatzen dela bermatzea, baita beste klausula sozial batzuk ere.
    3. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eta etxebizitza eskubidearen alde Eskubide Sozialen Kartak sustatutako Herri Ekimen Legegilea onartzea.
    4. Lan arloan ematen den soldata arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako Lege bat onartzea.

 

Halaber, EAEko eta Nafarroako patronalei eskatzen diegu lan-baldintzak prekarizatzeari utzi eta idatzi honetan jasotako aldarrikapen laboralei erantzuteko.

 

PDFa deskargatu

Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzea, ez da delitua!

2020ko urtarrilaren 30eko grebaren ondoren grebalariek jaso dituzten isunak salatu egiten ditugu. Irakurri

Ertzaintzaren abusuak Basaurin Greba Orokorrean

Salatu egin nahi dugu pasa den urtarrilaren 30ean, Ertzaintzak izan zuen hertsapen-jokabidea eta erabili zuen indarkeria, batez ere Basaurin. Irakurri

Gobernuek eta patronalek aintzat hartu behar dute Greba Orokorraren oihartzuna

Lanuztea oso nabarmena izan da Hego Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaiko zein Arabako eta Nafarroako eskualde batzuetan. Mobilizazio Irakurri

Debekuak, isunak eta manifestazio eskubideari trabak

Greba jarraipen oso zabala izaten ari da industrian, ekoizpena geldirik dago enpresa handi askotan eta industrialde ugari itxita dago. Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4