Euskadiko CCOOk igorri zuen prentsa oharrak ez dauka inolako neurririk ez zorroztasunik. Eman diezaiogun balioa batasuna eta aniztasuna erretiratu eta pentsiodunen euskal mugimenduari.

 

 


Iragan astean harriduraz irakurri geunen Euskadiko CCOOko zuzendaritzak sinatutako prentsa oharra. Bertan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak iragarritako mobilizazio kanpainari buruzko adierazpenak plazaratu zituen, Hego Euskal Herrian greba orokorra egiteko deialdiarekin burutuko dena 2020ko urtarrileko bigarren hamabostaldian.

Gure ustez, Euskadiko CCOOk asteazkenean, urriak 23, igorri zuen prentsa oharrak ez dauka inolako neurririk ez zorroztasunik, eta halaber, garrantzizko informazioa ezkutatzen die bai herritarrei baita CCOOko militanteei ere.

 

Kontatua erakunde guztiekin

Euskadiko CCOOk aipatzen ez duen gauzarik kezkagarriena da Euskal Herriko Erretiratu eta Pentsiodunen Mugimenduak hainbat hilabete daramatzala SINDIKATU GUZTIEKIN hitz egiten. Elkarrizketa horien helburua Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan espektro zabaleko mobilizazioak sustatzea izan da, pentsiodun pobrerik ez egotea bermatuko duen pentsio- sistema publiko bat eskatzeko. Pentsiodunen mugimenduak, gainera, beste aldarrikapenen artean, enplegu duinaren aldeko proposamenak zituen; hain zuzen ere, 1.200€-ko lanbide arteko gutxieneko soldata aldarrikatzen zuen.

Pentsiodunen mugimenduarekin izandako kontaktuetan ANTOLAKUNDE SINDIKAL GUZTIEK jaso dugu bi mobilizazio mugarri sustatzeko gonbidapena: datorren azaroaren 16ko manifestazioak eta urtarrileko mobilizazio orokorraren deialdia. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak proposamen hori berretsi zuen iragan urriaren 18ko batzarrean, Gasteizen, eta hala adierazi zuen Bilbon urriaren 22an, asteartean, egindako prentsaurrekoan. Zeuek izango zarete proposamen horri emango diozuen erantzuna azaldu beharko duzuenak.

ESKtik egin dezakeguna, guk geuk egindakoaren berri ematea da. Pentsiodunen mugimenduari argi eta garbi erantzun genion: ESKren babesa daukate mobilizazio programa bultzatzeko, eta gure prestasun osoa daukate ekimen zabala eta masiboa izan dadin norabide horretan lan egiteko.

CCOOtik fronte nazionalista baztertzailea aipatzen duzue, eta hori diozuenean, inondik ere partekatzen ez dugun kontakizun bati eutsi nahi diozue. Egia da azken hilabeteotan hainbat gatazka sindikaletan marko bateratuetan aritu garela, eta izugarri pozten gaitu horrek. Baina hala ere, horrek ez ditu ezkutatuko ESK bezalako sindikatu bat eta CCOOren estrategia banantzen dituzten motibo boteretsuak. Guk ere egin dezakegu, haizagailua piztu dezakegu eta mezu pozoituak bota, baina ez dugu egingo; garaile izango diren bakarrak patronala eta aberats zein boteretsuen interesen aldekoak izango dira.

 

Aniztasuna eta batasuna

ESKtik hausnarketa xume eta ulerterraza helarazi nahi dugu. Eman diezaiogun balioa batasuna eta aniztasuna erretiratu eta pentsiodunen euskal mugimenduari, eman diezaiogun balioa, baita ere, mobilizatzeko eta irauteko gaitasunari, eta baita haien ekimenari berari ere, pentsioen aldeko borroka ez dadin izan soilik egungo pentsiodunen kontua.

ESKn, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren parte garen neurrian, pentsiodunen planteamenduekin bat datorren mobilizazio kanpaina abiatu dugu. Hemendik aurrera, ez dago arrazoirik Euskadiko CCOOk ekimen honi erantzun positiboa ez emateko. Lagunok, hemen ez dago betorik, ez dago bazterketarik. Hemen borondatea besterik ez dago, eta zorionez, oraindik garaiz zabiltzate zuena ere batzeko. Pentsio-sistema publikoaren etorkizunerako eta enplegu eta gizarte zerbitzu duinen borrokarako ezinbestekoa da guztiok kale eta lantokietan bat egitea.

ESK-KO KORDINAKUNDE NAZIONALA

Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzea, ez da delitua!

2020ko urtarrilaren 30eko grebaren ondoren grebalariek jaso dituzten isunak salatu egiten ditugu. Irakurri

Ertzaintzaren abusuak Basaurin Greba Orokorrean

Salatu egin nahi dugu pasa den urtarrilaren 30ean, Ertzaintzak izan zuen hertsapen-jokabidea eta erabili zuen indarkeria, batez ere Basaurin. Irakurri

Gobernuek eta patronalek aintzat hartu behar dute Greba Orokorraren oihartzuna

Lanuztea oso nabarmena izan da Hego Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaiko zein Arabako eta Nafarroako eskualde batzuetan. Mobilizazio Irakurri

Debekuak, isunak eta manifestazio eskubideari trabak

Greba jarraipen oso zabala izaten ari da industrian, ekoizpena geldirik dago enpresa handi askotan eta industrialde ugari itxita dago. Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4