ESK-k gida bat egin du, genero-indarkeriaren eta/edo sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeen lan-eskubideak jasotzen dituena. Ez dira gustatuko litzaizkigukeen eskubide guztiak, baina garrantzitsua da eskubide horiek badirela jakitea, ezagutzea eta aplikatzea. Azaroaren 25ean Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.


« Genero-indarkeriaren eta/edo sexu-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan diren lankideek  eskubide espezifikoak dituzte  »

 

Deskargatu » Lan eskubideen gida

 

Lanean ere eskubidea duzu

Eskubidea duzu. Genero-indarkeriaren eta/edo sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeek laguntza-eskubideetatik haratago doazen eskubideak dituzte. Lan-eremuan ere, indarkeria jasan duten emakumeek beren prozesuan lagun diezaieketen eskubideak dituzte.

Emakumeen aurkako indarkeriak aurpegi asko ditu, eta gure lantokietan ere indarkeria-egoerak izaten dira. Egoera horiek saihesteko eta aurrez aurre jartzeko, honako hauek ditugu, besteak beste: sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren aurrean jarduteko protokoloak edo lan-eremuan gertatzen diren eta indarkeria matxista bultzatzen duten desberdintasunak ezabatzeko neurriak.

Hala ere, oso gutxitan hartzen dugu kontuan, ezjakintasunagatik, genero-indarkeriaren eta/edo sexu-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan diren lankideek eskubideak dituztela, eta eskubide horiek lagungarri izan dakizkiekeela beren bizitzekin jarraitzeko, beste biktimizaziorik jasan gabe, eta lana eta/edo osasuna bidean galdu gabe.

Ez dira gustatuko litzaizkigukeen eskubide guztiak, eta urrutitik ere ez digute bermatzen indarkeriarik gabe bizi ahal izatea, baina garrantzitsua da eskubide horiek badirela jakitea, ezagutzea eta aplikatzea, gure bizitzek nahi ditugun bizitzekin gero eta antz handiagoa izan dezaten.

Mugimendu feministaren borrokari esker administrazioek gure esku jartzen dituzten legeek eta baliabideek ez dute ezertarako balio, eskubideak ezagutzen ez baditugu edo erabiltzen ez baditugu. Eskubideak ditugu, eskubideak dituzu.

ESK-k eskubide horiek zeintzuk diren jasotzen duen gida bat egin du, azaltzen dituena eta beste tresna bat izan nahi duena. Tresna bat da gure ekintza sindikalean erabiltzeko, berdintasunezko gizarte baten alde borrokatzen jarraitzeko eta, batez ere, emakume bakar batek ere ez dezan biziraupenarentzako bidea egin, bakarrik eta eskubiderik gabe.

 

Eskubidea duzu, epairik ez badago ere

Duela gutxi arte, indarkeria jasandako emakumeek erasotzailea zigortzeko epai judizial batean oinarrituta bakarrik egiazta zezaketen egoera hori. Gainera, sexu-indarkeria jasandako emakumeek ez zituzten aitortuta genero-indarkeriaren biktimen eskubide berak.

Mugimendu feministaren borrokarik handienetako bat, zalantzarik gabe, indarkeria matxistaren berezitasunak azaleratu, testuinguruan kokatzea, kontzeptualizatzea eta gizarteari ulertaraztea izan da.

Indarkeria matxista sakon errotuta dago gure gizartean, emakumeak bigarren mailako herritar bihurtzen dituen sistema patriarkal honetan. Indarkeria-egoeran dauden emakumeek prozesu luzeak eta zailak jasaten dituzte, harik eta azkenean bizitzen ari direna formalki salatzeko erabakia hartzen duten arte. Prozesu horri berari gehitu behar zaizkio etengabe zalantzan jartzen dituen gizarte baten aldetik jasotzen dituzten babesgabetasuna eta tratu txarrak, bai eta erabat patriarkala den sistema judizial baten aldetik jasotzen dituzten tratu txarrak ere, zeinak berriro biktimizatzen baititu polizia salaketa jartzen duten unetik bertatik. Beldurrari, lotsari eta estigmatizazioari sistema judizial, politiko eta soziala gehitzen zaie, gehienetan, gu artatu eta are gutxiago inolako erreparaziorik emateko gai ez dena.

Emakumeen aurkakoa da indarkeriaren artean puntu beltz handiena, edozein motatakoa izanda ere. Hau da, gertatzen diren delituetatik, indarkeria matxista da, proportzioan, gutxien salatzen dena. Eta badakigu hori horrela dela ikastetxeetan, gizarte-zerbitzuetan, osasun-zentroetan, gure auzoetan, sindikatuetan... indarkeria-kasu ugari ezagutzen ditugulako, inoiz salatzen ez direnak eta inoiz salatuko ez direnak, emakumeei bizi dituzten egoerei aurre egiteko beharrezko tresnak emateko gai izan arte.

Mugimendu feministak nekaezin borrokatu du emakume horiek indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan daitezen, abal judizial horren beharrik gabe, sistema judiziala egituratuta dagoen moduagatik gure alde oso gutxitan huts egiten duen epaiaren beharrik gabe.

Genero-indarkeriaren Aurkako Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak eta haren ondorengo aldaketek eta Sexu-askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoak lortu dute indarkeria-egoeran dauden emakumeek epai judizialik behar ez izatea biktima gisa aitortzeko.

Gainera, genero-indarkeriak indarkeria bikarioa ere barne hartzen du, hau da, erasotzaileek biktimaren gertuko senide edo adingabeen aurka erabiltzen dutena.

Legeak ezartzen duenez, aitorpen hori izan dezakete beren aldeko epai judizial bat duten emakumeek, baina baita urruntze-agindu bat dutenek, Fiskaltzaren txosten bat dutenek ere, demandatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Halaber, gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren eta/edo sexu-indarkeriaren biktimei zuzendutako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen txostenaren bidez, edo beste edozein tituluren bidez, izan dezakete aitorpen hori.

Emakume adingabeen kasuan, gainera, Fiskaltzari edo organo judizialari jakinarazteko osasun-agiri ofizialen bidez egiaztatu ahal izango da.

 

Eskubidea duzu...

Zure lan-baldintzak aldatzeko eskubidea duzu

Kasuistikak desberdinak dira emakume bakoitzaren egoeraren arabera, baina, egia esan, indarkeriatik bizirik atera diren emakume askok zailtasun handiak dituzte beren bizitza lan-eskakizunetara egokitzeko.

Tratu txarrak ematen dizkionarekin ordutegian bat etortzea, seme-alabak bakarrik haztea, sendatze-prozesuak bateragarri egitea... hori guztia, batzuetan, bateraezina da lan bat mantentzearekin, hain zuzen ere bizirauteko beharrezkoena den unean.

Hala ere, legeak maila bateraino jasotzen ditu egoera horiek, eta indarkeriaren biktima direla egiaztatuta duten emakumeek eskubidea dute lan-denbora murrizteko edo berrantolatzeko, mugikortasun geografikorako, lantokia aldatzeko, lanpostua egokitzeko eta desgaitasuna dela-eta lanera itzultzeko behar dituzten laguntzak jasotzeko.

Batzuetan ez da bideragarria lanpostuari eustea, bai erasotzaileak enpresa berean lan egiten duelako, bai emakumeak toki berean bere segurtasunagatik edo edozein arrazoirengatik ezin duelako jarraitu, eta ondorioz lanpostua utzi behar duelako. Egoera horiek ere legeak babesten ditu, eta indarkeriaren biktima den emakumeak lan-harremana eten dezake, lanpostua gordeta, edo lan-kontratua iraungi, bi kasuetan langabezia-prestazioa kobratzeko eskubidearekin.

 

Langabezian bazaude, oraindik eskubidea duzu

Nahiz eta oso argi dugun soldatapeko lana ez dela emakumeen liberaziorako gako bakarra, ezin dugu ahaztu indarkeria-egoeran dauden emakumeak nekez atera daitezkeela aurrera beren biziraupena bermatuko dien lanik gabe.

Ildo horretan, genero-indarkeriaren biktima diren eta enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta dauden emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko programa dago, 1917/2008 Errege Dekretuan jasotakoa. Programa horrek hainbat neurri jasotzen ditu, hala nola prestakuntza-programak, norberaren konturako jarduera berri bati ekiteko pizgarriak, mugikortasun geografikorako laguntzak, lan-aldaketagatiko soldata-aldeen konpentsazioa...

 

Zure denbora hartzeko eskubidea duzu

Genero-indarkeriaren edota sexu-indarkeriaren biktima den emakume batek egin beharreko bidea zaila da. Arreta psikologikoa, bisita medikoak... Legeak kasu batzuk jaso eta egoera horretan dauden emakumeak babesten ditu. Genero-indarkeriarekin lotutako egoera fisiko edo psikologikoak eragindako lanera ez agertzea edo garaiz ez iristea justifikatuta dago eta ordaindu egingo da, betiere gizarte-zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek hala erabakitzen badute

Emakume autonomoen kasuan, arrazoi horregatik jarduera uztera behartuta badaude, jarduera aldi baterako etetetzat hartuko dira, eta kotizatzeko betebeharra etengo zaie sei hilabetez, nahiz eta kotizazio eraginkortzat hartuko diren Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako. Halaber, altaren parekotzat hartuko da emakume hauen egoera.

 

Egoera irregularrean bazaude, eskubideak ere badituzu

Emakumearen alde babes-agindu bat ematen den unetik edo Fiskaltzaren txostena ematen den unetik, non genero-indarkeriako zantzuak daudela ikusten den, administrazio-egoera irregularrean dauden emakume atzerritarrek bizileku eta lan-baimen berezi bat eskatzeko eskubidea dute. Baimen hau gehienez 5 urtekoa da, eta epe horretan egoitza-baimena eta iraupen luzeko lan-baimena eskuratu ahal izango dute.

Gainera, bizitzeko eta lan egiteko behin-behineko baimena emanda, zenbait eskubide eskura daitezke, hala nola RAI (Gizarteratzeko Errenta Aktiboa) eta 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan jasotako laguntza ekonomikoa.

 

Lotsa zuena

Eskubideak bai, eskubideak ditugu indarkeria matxista jasan dugun emakumeok, eskubidea dugu sistema patriarkal, heteronormatibo, arrazista eta kolonialista hau egunero pairatzen dugun emakumeok. Pertsonatzat har gaitzaten eskubidea, emakume askeak eta lehen mailako herritarrak izateko eskubidea, gainerakoak bezala. Baina, batez ere, lotsarik ez izateko eskubidea dugu; izan ere, bada garaia lotsa bandoz aldatzeko, eraso, bortxatu, umiliatu, jazarri, gutxietsi, diskriminatu, men egin edo, besterik gabe, horren aurrean isilik egoten diren horiek dira lotsa pasatu behar dutenek.

Hainbatek baliatu duen isiltasuna hausteko garaia da, konponbidearen parte ez bazara, arazoa zarela ulertaraztekoa. Konplizitateekin hausteko unea da, kaleetara ateratzekoa eta oso argi uztekoa ez gaituztela isilduko. Azaroaren 25ean berriro beteko ditugu Euskal Herriko kaleak eta oraingoan ez dugu aitzakiarik onartuko, isilik eta makurtuta nahi gaituztenak dira lotsa pasatu behar duten bakarrak, gu menderatzeko boterea erabiltzen dutenak eta lagunak menderatzen dituzten bitartean isiltasun konplizearekin erantzuten dutenak. Hemendik aurrera, lotsa bandoz aldatuko da, azaroaren 25ean denok dugu eskubidea bizitzeko merezi duten bizitzak izateko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak izateko.

 

 

2024ko azaroaren 25eko mobilizazioak

Hauek dira Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako mobilizazioak. Haiekin bat egiten dugu eta parte hartzera animatzen zaitugu:

  • Baiona: 18:30ean Herriko Etxean
  • Gasteiz: 19:00etan San Anton
  • Bilbo: 19:00etan Jesusen Bihotza
  • Donostia: 19:00etan Bulebar
  • Iruñea: 20:00etan Gaztelu plaza

 

Zaintza publiko eta komunitarioko sistema batekiko konpromiso sindikala

Zaintza publiko eta komunitarioko sistema baten aldeko apustua egiten dugu, bizitzak erdigunean jarriko dituena. Premiazko neurriak negoziazio kolektibora eramateko konpromisoa Irakurri

A25: Indarkeriaren biktima diren emakumeek lan-eskubide espezifikoak dituzte

ESK-k gida bat egin du, genero-indarkeriaren eta/edo sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeen lan-eskubideak jasotzen dituena. Ez dira gustatuko litzaizkigukeen eskubide guztiak, Irakurri

Zaintzak, nori egiten die mesede?

Zaintzak emakumeek beren gain hartutako ardura izan dira, eta ez dute erantzuteko, konpentsatzeko eta ordutegirako eskubiderik izan. Zaintza horiek sistema Irakurri

Soldata-arrakala, bide luzea oraindik ere

Otsailaren 22a, emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasunaren aldeko eguna da Europan. Emakumeek aurrerapausoak eman arren, mugimendu feminista indartsu eta tinko Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9