Beste behin, emakumeok izan gara osasun-krisi honen ondorioak gehiago sufritu ditugunak.

 

Garbikuntza, lan ikusezina

 

Alarma egoera dekretatu zenetik, hainbat dekretu eta erabaki hartu izan dira COVID-19aren osasun-krisiari aurre egiteko. Hasiera-hasieratik agerikoa izan da neurri horien oinarrian ikuspegi guztiz patriarkala eta heteronormatiboa zegoela, eta familia nuklearraren ereduan oinarritua. Erabaki horiek kanpoan utzi dituzte jendartearen zati handi bat eta, batez ere, emakumeak. Hasieratik salatu izan dugu egoera; neurri asko adabakiz bete behar izan dira gerora.

Jende gutxik jartzen du zalantzan neurrietako batzuk beharrezkoak ote ziren, baina pentsaezina da periferian gaudenok kontuan hartu gabe erabakitzea. Hau da, pertsona ahulenak kontuan hartu gabe, erabaki horien ondorioak neurtu gabe eta horiei aurre egiteko neurririk gabe.

 

Emakume langileetaz gutxi hitzegin da

Zinez kezkatuta egon gara langileen egoerarekin, haien lan-egoerarekin eta osasunarekin, baina gutxi hitz egin da langileen egoeraz. Langile horietako gehienak emakumeak dira funtsezkoak izan diren zerbitzu eta enpleguetan, eta, beraz, behartuta daude lantokietara joatera.

Jakina, ezin dugu ahaztu zer baldintzatan egin behar izan duten lan: osasun-neurri egokirik gabe (halakorik egon denean), txanda amaigabeak eginez, atsedenaldiak errespetatu gabe eta merezitako aitorpen ekonomiko eta sozialik gabe. Argi eta garbi frogatu da hori egoitzetako langileen kasuan; izan ere, azpikontratazio publikoaren bidez, haien eta senideen osasunerako bermerik gabe lan egin behar izaten dute. Aldiz, zerbitzua bermatzeko ardura ematen zaie lege-dekretu bidez, eta zerbitzuaren benetako “arduradun” diren Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren inolako bermerik eta babesik gabe.

 

Eta gainera... ordaindu gabeko lanak

Baina hori ez da dena: inork ere ez du hausnartu emakume horiek egiten dituzten beste lan horiei buruz, ordaindu gabekoak eta, hala ere, bizitzari eusteko ezinbestekoak direnak.

Aste asko daramatzagu konfinamenduarekin eta murrizketekin; haurrak eskoletatik kanpo; mendekotasuna duten pertsonak familien eta, batez ere, emakumeen ardurapean; zaintza  behar duten pertsonak etxean konfinatuta. Eta inork ere ez du egoera konpontzeko neurririk ezarri. Hori bai, funtsezko langileok lanera joaten jarraitu behar izan dugu, eta orain, gainera, baita ERTErik izan ez duten edo krisialdian kaleratuak izan direnek ere. Administrazioaren ustez, familia guztiak berdinak dira: aita eta ama, familia nuklearrak, inguruan babes-sarea dutenak. Baina errealitatea ez da halakoa; familia asko ez datoz bat errealitate horrekin, hainbat arazo dituzte, behar espezifikoak, eta hori ez da kontuan hartu.

 

Etxeko langile eta zaintzaileak

Krisialdi hau hasi zenetik, gutako askok neurriak exijitu genituen, besteak beste etxeko langile eta zaintzaileentzat; azkenean, berandu eta gaizki ezarri zituzten. Sektore horrentzako neurriek, beharrezkoak izan arren, baztertu egiten dituzte emakumezko langile asko, kontraturik gabekoak, egoera irregularrean daudenak eta, beste behin, kontuan hartzen ez dituztenak. Euren kabuz lortu ditzaketen baliabide bakarren bidez, administrazioaren babes, zaintza edo arretarik gabe. Osasun larrialdia egonda ere, administrazioak ez du proposamenik egin emakume horien egoera erregularizatzeko, gutxieneko berme legalarekin lan egin dezaten. Beste behin ere, ikusezinak baina ezinbestekoak. Emakume horiek, gainera, baliabiderik ez edukitzeaz gain, bakarrik daude; ez dute norengana jo ezta laguntza nori eskatu ere.

 

Arrakalak

Hezkuntzari dagokionez hartzen ari diren neurrien ondorioz, areagotu baino ez dira egin lehendik zegoen genero arrakala. Orain arte, guk geuk, emakumeok, murriztu ditugu gure lanaldiak, baina krisialdi honetan aldatu egin da hori, funtsezko zerbitzuetako asko sektore oso feminizatuak direlako. Emakume askok lan-egoera berriari aurre egin behar izan diote ere, telelanaren bidez eta malabareak egiten adingabeak eta zaindu beharreko pertsonak artatzeko.

Hori guztia, ahaztu gabe baliabide gehien (ekonomikoak, intelektualak, teknologikoak) dituzten familien eta baliabiderik ez dutenen artean sortzen ari den arrakala. Telelana egiteko eskatzen digute, oinarrizko zerbitzuetan lan egiteko, pixkanaka gure lanpostuetara itzultzeko, baina ez dago inolako neurririk egoera honek sortutako zaintza-krisi larriari aurre egiteko.

 

Erasotzailearekin konfinatuta

Bestalde, aipamen berezia merezi du indarkeria jasaten duten emakumeen egoerak, garai hauetan erasotzaileekin konfinatzera behartuak izan baitira. Neurriren bat hartu den arren (egoera salatzeko WhatsApp bat, adibidez), ez da nahikoa izan. Beste behin ere, mugimendu feministek eta haien saretze lanak hartu dute egoeraren ardura.

Osasun zentroak soilik COVID-19arekin lotutako larrialdiak eta osasun-arazoak artatzen zeudenez, ezer gutxi egin ahal izan da indarkeria-kasuak detektatzeko. Farmazietan “maskara moreak” ezarri dira, banatzen dituztenei prestakuntzarik eman gabe eta kontuan hartu gabe farmazia askok, Nafarroan kasu, arrazoi ideologikoengatik (ideologia baino fanatismoa litzatekeen arren) antisorgailurik ere ematen ez dutela. Zaila da guretzat sinestea neurri segurua dela eta behar duten emakumeengan konfiantza pizten duela.

Arduradun politikoen adierazpenak guztiz onartezinak dira, eta indarkeria matxistari buruz duten ezjakintasuna agerian uzten dute. Indarkeria salaketen jaitsiera goraipatzeak arduragabekeria eta gaiarekiko ezagutza falta erakusten digu. Indarkeria pairatzen duten emakumeei arreta emateko telefono-zenbakietara egindako deiak areagotu egin dira, eta badakigu alarma egoeraren ondoren igo egingo direla salaketak, beste herrialde batzuetan ere hala gertatu delako. Horrek esan nahi du konfinamendu asteetan milaka emakume egon direla hiltzeko arriskuan, eta inork ez dituela beren bizitzak eta ongizatea bermatu.

Deseskaladako planetan ez dira egoera horiek kontuan hartzen, ezer gutxi dakigu indarkeria pairatzen duten emakumeentzako laguntza-baliabideen kudeaketari buruz; bitartean, konfinamendu garaian Euskal Herrian 2 emakume erail dituzte, eta hainbat eraso sexista ere egon dira.

 

Kontutan hartu behar gaituzte

Aspalditik ohartarazi dugun moduan, guk badakigu gure lana, egiten ditugun lan guztiak hain zuzen ere, bizitzari eusteko beharrezkoak direla, eta iragan asteetan inoiz baino argiago geratu da hori. Gu gelditu izan bagina, dena geldituko zatekeen. Funtsezkoak gara, eta horregatik hain zuzen ere, gure aldarrikapenak eta gure borroka inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur egun, ezin baita ezer aldatu gu kontuan hartu gabe.

Feministok eta sindikalistok Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenak babesten ditugu, zaintza lana ikusarazteko eta balioesteko, ahaztu ez dadin. Zaintza krisia egiturazko krisia da. Horregatik, beharrezkoa da paradigma aldatzea, inposatutako eredu neoliberala eraldatzea eta bizitza erdigunean jartzea.

 

Zaintzak, nori egiten die mesede?

Zaintzak emakumeek beren gain hartutako ardura izan dira, eta ez dute erantzuteko, konpentsatzeko eta ordutegirako eskubiderik izan. Zaintza horiek sistema Irakurri

Soldata-arrakala, bide luzea oraindik ere

Otsailaren 22a, emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasunaren aldeko eguna da Europan. Emakumeek aurrerapausoak eman arren, mugimendu feminista indartsu eta tinko Irakurri

Zainketa-sistema publikoa lortzeko abiaburua

Bestalde, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko arratsaldeko manifestazioetan parte hartzea eskatzen diogu Euskal Herritar orori. Denon bizitzaz ari gara Irakurri

Indarrez abiatu da Greba Feminista Orokorra

Egun osoko mobilizazioetara batzeko deia zabaltzen dugu, zaintza zerbitzuen pribatizazioa salatu, zaintza langileen egoera kolapsatuekiko ardura exijitu, sistema publikoaren alde Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8

 

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua