2020ko martxoaren 8an berriro ere kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat.

 

Martxoak 8 2020 8 marzo cartel kartela

 

Azken bi urtetan mobilizatzeko eta antolatzeko gaitasuna erakutsi dugu Greba Feministetan, gizarte-mugimenduaren beste borroka batzuetarako erreferente izan direnak. Aurreko urteetako arrakasta estimulu handia izan zen eta, horregatik, Euskal Herrian V. Jardunaldi Feministen antolakuntzan murgildu ginen, bertan ere parte-hartze maila oso altuak lortuz.

2018 eta 2019ko grebek milaka emakumeren inplikazioa bultzatu dute feminismo antolatuan, eta grebaren kontzeptua bera zabaltzeko eta birdefinitzeko balio izan digu, orokorrean emakumeok egiten dugun soldatarik gabeko lan ikusezinera hedatuz. Guztion artean gogoeta egiteko ere balio izan digute, baita indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko ere.

 

Autoantolakuntza eta presioa kaleetan

Aurten berriro ere kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat. Aurten Euskal Herrian ez dugunez grebara deitu, gure aldetik ezintasun bat edo su-eten bat dagoela ikusarazi nahi izan dute batzuek. Ez bata eta ez bestea. Borroka feminista beharrezkoa da oraindik, gaur duela urtebete bezala, horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean greba orokorrera. Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat baizik, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu.

Gaur feminismoan emakumeen autoantolaketaren beharra azpimarratzen jarraituko dugu. Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu.

 

Berdintasuna

Guk ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere, ez dugu munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi. Tokian-toki jarduten dugu planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin.

Haiekin eskubideen galera, hondamendi ekologikoa, gerra suntsitzaileak eta lurraldeen desjabetzeak salatu eta borrokatuko dituen feminismoa defendatzen dugu; herrien suntsiketa eta erabakitzeko eskubidearen ukazioa; pertsonak haien etxeak uztera behartzen dituzten derrigorrezko desplazamenduak, eta hesi arantzatuekin eta heriotza-politikekin jasotzen direnak; migrazio-politikek eta ultraeskuinak suspertutako arrazismoa eta xenofobia salatuko dituena. Gure feminismoak hainbeste ahaleginekin lortutako eskubide sozial zein politikoetan emandako atzerapausoari egin behar dio aurre. Baina, gaur ozen eta garbi diogu, aurrean gaituzue!!

Arrazoi horiengatik guztiengatik, martxoaren 8 honetan suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion, eta xenofobia gure sozializazioaren parte bihurtuz eskubideen zatiketa proposatzen duen arrazakeria instituzionala apurtzeko borrokatuko duen feminismoa aldarrikatuko dugu. Gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu, norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatuz. Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!

AURTEN ERE BORROKAN GAITUZTE! GORA BORROKA FEMINISTA!

 

2020ko martxoak 8ko deiladiak

  • Iruñea
    • 12:00etan mobilizazio deszentralizatuak herri eta auzoetan / Alde zaharra: Gaztelu enparantza
    • 18:00etan mobilizazio zentralizatuak eskualdeetan / Iruñerria: Antonutti

  • Gasteiz
    • 17:30ean San Anton Plazatik

  • Donostia
    • 12:00etan mobilizazio deszentralizatuak herri eta auzoetan
    • 18:00etan mobilizazio zentralizatuak

  • Baiona
    • 11:00etan Pausa aurrean (18 Lesseps kaia).

  • Bilbo
    • 13.00etan Jesusen Bihotzetik

 

Euskal Herriko Mugimendu Feminista

 

#AntolantuIndarrak

 

Arabako Foru Aldundiari eskatzen diogu bete dezala BAZ indartzeko hartutako konpromisoa

Gorka Urtarani eskatzen diogu bete dezala indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eta haien seme-alaben segurtasuna bermatzeko 24 orduz aurrez aurreko… Irakurri

30 urte diskriminazioa hausten: berdintasunaren aldeko borroka feminista

30. urteurren hau aprobetxatu nahi dugu duela hiru hamarkada Alardean parte hartzea erabaki zuten emakume guztien borroka aintzatesteko eta balioesteko.… Irakurri

Ez digu ematen! Emakumeen pobretzearen aurka

Aurten ere kalera atera behar gara lanaldi bikoitz eta hirukoitzak, indarkeria matxista, soldata-arrakala, zoru itsaskorrak, patriarkatua, egiturazko desberdintasuna eta gizarte-… Irakurri

Sarrigurengo hilketa matxista salatzen dugu

Amorruz eta minez salatzen dugu aurten gure lurraldean gertatutako lehen hilketa matxista. Mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu. Tatianaren senideei gure… Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12