Amorruz eta minez salatzen dugu aurten gure lurraldean gertatutako lehen hilketa matxista. Mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu. Tatianaren senideei gure elkartasun eta babes osoa adierazten diegu. Ez zaudete bakarrik.

« Eraso hau feminizidio bat da , indarkeria zisheteropatriarkalaren adierazpen gordinena»
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik, amorruz eta minez salatzen dugu gure lurraldean aurten izandako lehen erailketa matxista. Sarrigurenen Natalia erail du bere bikotekideak arma zuri batez, eta haren ama ere larri zauritu du erasotzaileak. Eraso hau ez da gertaera isolatu bat: feminizidio bat da, gure kale eta etxeetan dirauen indarkeria zisheteropatriarkalaren adierazpen gordinena.
Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu Nataliaren senideei, bereziki haren semeari - zeinak erasoa etxe barruan ikusi behar izan duen-, eta zauritutako emakumea lehenbailehen sendatzea opa dugu. Ez zaudete bakarrik.
Eraso berri honen aurrean, honako hau adierazten dugu:
- Sistema zisheteropatriarkal, kapitalista arrazista eta kolonialaren ondorioa: lndarkeria matxista ez da kasualitatea, sistema zapaltzaile honen ezinbesteko tresna baizik. Kapitalismoak, kolonialismoak eta patriarkatuak gure gorputzak eta bizitzak kontrolatu nahi dituzte, eta kontrol hori mantentzeko bortizkeriarik gordinena erabiltzen dute emakume* identitate zein gorputz disidenteon aurka.
- Gure bizitzak ez dira gizonen jabetza: Erailketa hau banatze prozesu baten testuinguruan gertatu da. Patriarkatuak gizonei ematen dien zigorgabetasunak eta "jabe" izatearen usteak elikatzen du indarkeria hau: emakumeak* bere bidea egitea erabakitzen duenean, gizonak indarkeria erabiltzen du bere nagusitasuna berresteko. Ez da pasio-kontu bat, boterearen erabilera hiltzailea baizik.
- Gizonei interpelazioa: Hartu zuen ardura! Behin eta berriz galdetzen dugu: non zaudete gizonok? lndarkeria matxista ez da emakumeon arazoa, gizonok sortzen eta elikatzen duzuen egiturazko arazoa baizik. Zuen isiltasuna konplizitatea da. lnterpelazio zuzena egiten dizuegu: apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen. Erantzukizuna zuen gain dago.
- Erakundeei interpelazio zuzena: Justizia feminista exijitzen dugu orain! Erakundeei diskurtso hutsak eta keinu sinbolikoak alde batera uzteko exijitzen diegu. Benetako baliabideak jar ditzatela emakumeen eta haien seme-alaben babeserako. Sistema honek ez gaituela babesten erakusten du behin eta berriz; instituzioek ardura zuzena dute prebentzioan eta arreta integralerako baliabide publikoen gabeziagatik.
- Protokolo berritua martxan: Berriki erailketa matxistei aurre egiteko gure protokoloa berritu dugu. Bertan aipatzen dugun bezala, erantzun kolektiboa da gure indarra. Horregatik, Euskal Herriko herri eta auzo guztietan mobilizazioak egitera deitzen dugu. Salaketa plazetara eraman behar dugu eraldaketa politiko bultzatzeko.
- Autodefentsa feminista gure hautua: Ez gara biktimak, subjektu politikoak gara. Autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea; gure arteko aliantzak eraikitzea da, elkar zaintzea eta biolentziari aurre egiteko gaitasun kolektibo eta politikoa garatzea. Gure bizitzak defendatzeko prest gaude, elkarrekin eta tinko.
Tatiana, gogoan zaitugu! Erasorik ez erantzunik gabe! Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte! Gora borroka feminista!
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa
Ez digu ematen! Emakumeen pobretzearen aurka
Sarrigurengo hilketa matxista salatzen dugu
Arrakalaren aurkako neurriak hartzeko garaia da
Borondaterik gabeko instituzioak, aukerarik gabeko emakumeak
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11









