ESK sindikatuaren parte-hartze eta erabakitze-organoak zabalik daude etengabe bazkideek parte hartu dezaten.
ESKren antolakuntza honako hau da:
- Atal-sindikala: Organo hau enpresa edota lantoki bakoitzean sortzen da eta bertan parte har dezakete bazkide guztiek. Sindikatu-atalean pertsona orok du hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea.
- Delegatuen Biltzarra: Herrialdeka egiten den biltzar honetan parte har dezakete ESKk sekzio sindikala duen enpresa guztietako ordezkariek. Pertsona orok du hitz egiteko eta bozka emateko eskubidea.
- Herrialdeko Batzordea: Herrialde bakoitzean Batzorde bat dago. Batzorde hauek eguneroko jardunaren sindikatuaren zuzendaritza dira. Edozein bazkidek bere iritzia emanda parte har dezake. Herrialdeko biltzarretan hautatutako ordezkariek dute hitz egiteko eta bozka emateko eskubidea.
- Lantaldeak: Hainbat lantalde daude jardun jakinetan aritzen direnak, eta bertan edozein bazkidek du hitza eta bozka emateko eskubidea.
- Ekintza-sindikala: talde honen ardura da baliabideak sortzea, baita gure sindikatu-ataletako eguneroko lana elikatzea ere.
- Lan-osasuna: espazio honek antolatzen ditu, lan-baldintzak hobetu asmoz, lantokietako prebentzioaren eta lan-osasunaren alorretako formakuntzak, tailerrak, materialak...
- Estrategia-gogoeta: espazio honetan inguratzen gaituen errealitatea aztertzen dugu eta gizartea eraldatzeko proposamen politiko-sindikalak egiten ditugu.
- Komunikazioa: Atal honek ESKren mezu orokorrak bazkideei eta gizarteari helarazten dizkio.
- Lantalde Feminista: diskurtso eta praktika feministak garatzen ditu ESKren kanpoko eragileetara nahiz barruko organoetara bideratuta. Organo hau harremanetan dago mugimendu feministaren espazio ezberdinekin.
- Pentsiodunak: erretirodunak eta pentsiodunak biltzeko espazioa da, zeinak borrokan jarraitzen baitute Pentsio-Sistema Publiko duin eta unibertsal baten alde.
- Ekintza-sindikala: talde honen ardura da baliabideak sortzea, baita gure sindikatu-ataletako eguneroko lana elikatzea ere.
- Koordinakunde Nazionala: organo honek dinamizatzen du sindikatua egunez egun. Batzar Nagusian hautatutako ordezkariek osatzen dute. Hitz egiteko eta bozka eskubidea dute eta bost urtean behin berritzen da.
- Batzorde Nazionala: organo honek ikasturteroko erabaki politiko, sindikal, ekonomiko edo eratzaile garrantzitsuenak hartzen ditu. Bazkide guztiek parte har dezakete. Herrialde batzordeetan ordezkari izendatutako pertsonek (60 lagun) dute bozka emateko eskubidea.
- Antolagunea: Koordinakunde Nazionalaren laguntza-organoa da. Batzar Nagusi batetik bestera erabakiak hartzen laguntzeko ardura du.
- Batzar Nagusia: Bost urtetik behin egiten da. Organo honek erabakitzen du hurrengo aldiaren sindikatu-lerroa. Koordinakunde Nazionala osatzen duten kideak hautatzen dira bertan. Bazkide orok du hitz egiteko eta bozka emateko eskubidea.
ESKn barne mailako desadostasunak onartu eta errespetatzen ditugu, eta organo bakoitzaren autonomia kontuan hartzen dugu.