Gaur 80 egun betetzen dira Gasteizko parke eta lorategiak eta eraztun berdea kontserbatzeaz eta mantentzeaz arduratzen den eta Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek greba mugagabea hasi zutenetik.
« Blokeo egoera dela eta, ekainaren 25ean PRECOn hiru aldeen arteko bilera eskatu dugu,Udalak gatazka behingoz desblokeatzeko giltza duela uste baitugu »
UDALAK KONPONBIDEAK BILATU BEHAR DITU ETA GREBALARIEI BEREN BIDEZKO ALDARRIKAPENEI UKO EGIN DIEZAIETEN INPOSATZEN SAIATZEARI UTZI BEHAR DIO
Gaur 80 egun betetzen dira Gasteizko parke eta lorategiak eta eraztun berdea kontserbatzeaz eta mantentzeaz arduratzen den eta Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek greba mugagabea hasi zutenetik.
Joan den astean, PRECOn adiskidetzeko lehen bilkura burutu zuten enpresak eta greba- batzordeak, eta asteazken honetan jarraipena izan zuen. Bi bileretan, agerian geratu da egungo baldintzetan ezinezkoa dela aldeen artean greba amaitzeko akordio bat lortzea. Blokeoa soldata arloan mantentzen da. Enpresak ez du mugitu urteko %3ko igoera proposamena, alegia hilean 43 euro gordin ingurukoa, argudiatuz soldatak modu erreal batean hobetzeko duen aukera bakarra Udalarekin duen kontratua amaitzen denetik aurrera aplikatzea dela, eta, beraz, sakoneko edozein hobekuntza 2028ko urtarriletik aurrera planteatzen dituelarik.
Greba-batzordea, plantillaren babesarekin, ez dago bere soldata eskasak 2028ko urtarrila arte hobetzeko itxoiteko prest; langileontzat benetako adarjotze bat da 80 eguneko greba mugagabearen ondoren. Beste behin ere, agerian geratu zen bi aldeen arteko negoziazio-mahai honek ez duela inolako etorkizunik zerbitzua kontratatzen duen erakundearen, Udalaren, esku-hartzerik gabe.
Joan den maiatzaren 21ean, espazio publikoaren batzordean, Beatriz Artolazabal zerbitzuko zinegotzi delegatuak honako hau adierazi zuen: "gatazkaren konponbidea enpresak eskaintza garrantzitsu bat egitea da, langileek egiten duten proposamenera hurbiltzeko, 2025ean soldata nabarmen handituta". Gainera, enpresari eta greba-batzordeari PRECOra jotzeko eta akordio bat bilatzen saiatzeko eskatu zien. Horixe egin du greba-batzordeak, eta enpresak erabateko ezezkoa eman dio eskaintza barregarria hobetzeari.
Blokeo egoera dela eta, ekainaren 25ean PRECOn hiru aldeen arteko bilera eskatu dugu, Udalak gatazka behingoz desblokeatzeko giltza duela uste baitugu. Enviserreko langileek espero dute Udala bilera horretara joatea eta gatazka behingoz konpontzen lagunduko duten proposamenekin egitea.
Batzorde horretan, zinegotziak udal-talde baten galderei erantzunez adierazi zuen adostasunezko kontratuaren etetea mahai gainean zegoela, eta bi egun geroago Maider Etxebarria alkateak berak berretsi zuen adierazpen hori, baina enpresaren borondatea behar zuela horretarako. Bost egun geroago, enpresak kontratuaren etete hori negoziatzeko erabakia jakinarazi zigun, eta, harrigarria bada ere, enpresaren proposamenaren aurrean, gidoi aldaketa gertatu zen Udalean, aukera hori ez zela bideragarria adierazten hasi zelako.
Ezer ez errealitatetik urrunago; Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 211.1.c) artikuluak argi eta garbi adierazten du: "Kontratua eteteko arrazoia Administrazioaren eta kontratistaren arteko adostasuna da." Beraz, Udalari ozen eta argi esaten diogu zorabiatzeari uzteko eta, behingoz, dagokion erabakia hartzeko, akordioa errazteko. Egungo kontratuarekin enpresarekin negoziazioa erabat agortuta dago. Alde horretatik, kontratua eteteko ordua da, greba amaitzeko adosten ditugun lan-baldintzak jasoko lituzkeen baldintza-agiri berri bat ateratzeko.
Halaber, zinegotziak maiatzaren 21eko batzordean esan zuen enpresak gutxieneko zerbitzuak eskatu zituela grebaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak ez zituela agindu eta enpresak berriro eskatuko zituela, Udalak ezin zuelako halakorik egin, "langileen kontratu-harremana ez baita Udalarekin, enpresarekin baizik, eta Udalak ezin ditu eskatu".
Bada, joan den astelehenean, bi aldeek, Udalak eta enpresak, gutxieneko zerbitzuak ezartzea eskatu zuten. Beste behin ere, esku hartzeko gaitasuna dutela erakutsi dute, eta, berriz ere, enpresarekin soilik ados jartzeko prest daudela erakutsi dute, greban dauden langileen bidezko aldarrikapenei bizkarra emanez eta greba indarrez amaitzen saiatzeko estrategia bateratua eginez, akordioa bilatzea erraztu beharrean.
Gutxieneko zerbitzuen eskaera horiei dagokienez, gaur alegazioak aurkeztuko ditugu, eta argi utzi dugu hori ez dela funtsezko zerbitzua komunitatearentzat. Parke eta lorategien mantentze- zerbitzuetan egiten diren grebetan, egungoa baino dezente luzeagoak, Eusko Jaurlaritzak ez du inoiz gutxieneko zerbitzurik ezarri; beraz, uste dugu ez dagokiola hori egitea, eta horrela justifikatu dugu.
Gainera, Udalak behin eta berriz errepikatu duenez, "ez dago inolako osasun-alarmarik eta ez dago inolako arriskurik osasun publikoarentzat, lorategietako greba batek eragozpen estetikoak ditu, baina osasun publikoaren ikuspegitik ez du inolako arazorik, osasun publikoaren eta ingurumenaren sailetik adierazi den bezala". Beraz, bere helburu bakarra grebarekin amaitzea da, abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarriz, eta, gainera, gutxieneko zerbitzu batzuk planteatuz, non langile guzti guztiek berriro lan egitera behartuta egongo liratezke, ziurrenik, ondorengo 4 hilabetetan zehar, ia lan guztiak egitea eskatu baitute.
Azkenik, datorren ostiralean, mozio bat aurkeztuko da Udaleko Osoko Bilkuran. Bertan, gobernu taldeak bere esku dagoen guztia egin dezala eskatzen da, greba akordio batekin amai dadin. Plantilla 10:00etan bilduko da Plaza Berrian, eta bertan herritarren babesa jasoko du berriro, hain une zailean langileentzat hain garrantzitsua izaten ari dena eta, berriro ere, biziki eskertzen duguna.
ELA-LAB-ESK
Gasteizen, 2025ko ekainaren 13an
Grebarekin amaietzeko, Enviser-en lan-baldintzak nabarmen hobetu behar dira
Gaur 80 egun bete dira Enviserreko langileen greba mugagabea hasi zenetik
Arabako egoitzetako eta Enviserreko langileak LGS duin baten alde
Astelehenean beteko dira 2 hilabete greba mugagabean Enviserren (Gasteizko lorategien kontrata)
- 1
- 2
- 3