Nafarroako erakunde politiko eta sindikal ugarik komunikatu bat argitaratu dugu Europako berrarmatzearen aurka. Ez dugu armarik ez dirurik bidali behar.
« Ez dugu armarik ez dirurik bidali behar »
Gaur egun, Nafarroako ezkerrek ohartarazi behar dugu Europar Batasunak bultzatutako bilakaera gerrazalearen arriskuaz, horren gidariak direla Ursula Von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea, eta NATOko bere aliatuak. Iragarritako "ReArm Europe" plana beste urrats bat da gorakada militaristan, eta Europa zurrunbilo belizista batean murgiltzeko mehatxua dakar, eta ustezko kanpoko etsai bat asmatuta, oinarrizko baliabide publikoak desbideratzen dira armamenturako, defentsarako eta segurtasunerako; inbertsio gerrazale hori eskubide sozialetan eta politikoetan egindako murrizketen bidez ordainduko da, Nafarroako gehiengo sozialaren bizi eta lan baldintzak kaltetuta.
Europak, ordea, ezin du gerrarako eta suntsipenerako arma gehiagorekin erantzun, are gutxiago Estatu Batuetako industria militarraren onurarako. Gure iritziz, “gerrako jaunei” erantzun behar zaie nazioarteko legezkotasun gehiagorekin, diplomazia eta elkarrizketa gehiagorekin, eskubide gehiagorekin, subiranotasun ekonomiko eta energetiko gehiagorekin, baita elikadura burujabetza gehiagorekin ere. Azken finean, Europa soziala eta herriena, jasangarria eta batuagoa, herritarrei segurtasun handiagoa eskaini, desberdintasunei aurre egin eta ezinbesteko eraldaketa ekosoziala areagotuko duena. Bonbek Ukrainan, Palestinan eta munduko beste leku batzuetan hiltzen jarraitzen duten une honetan, benetako su-etena exijituko duena. Ez dugu arma edo diru gehiago bidali behar. Salatzen dugu ez dela baliozkoa Trumpen zein Europaren berrarmatzearen bidea. Diplomazia eta elkarrizketa dira munduan dauden gatazka armatu guztiak bukatzeko bideak.
Nafarroa intsumisoa
Historian, Nafarroa lurralde bakezale, antimilitarista eta intsumisoa izan da. Nafarroan, gogora dezagun beste behin, 1986ko martxoaren 12an Aliantza Atlantikoari buruz egindako kontsulta-erreferendumean, Nafarroako herriak zaplazteko ederra eman zion NATOri. % 62,64ko partaidetzarekin, 130.828 nafarrek (% 53,44) EZETZ esan zioten NATOri eta, aldiz, 99.815ek (% 40,77) baiezkoa eman zioten. Urte batzuk geroago, Nafarroa mugimendu antimilitaristaren eta intsumisioaren aitzindaria izan zen. Ehunka gazte espetxeratu zituzten bakea defendatzeagatik eta borrokatzeagatik armaden aurka eta gizarte desmilitarizatuaren alde. Horri gehitu behar zaizkio Bardeako tiro-poligonoaren aurkako borrokaren hamarkadak, NATOren eta gerraren zerbitzurako gune gisa. Poligonoak kalte larriak egiten dizkie ingurumenari eta ondoko herrien segurtasunari. Gaur egun, Nafarroa guztian izandako mobilizazio indartsu haietatik urte batzuetara, belaunaldi berriek Bakearen eta borroka antiinperialistaren defentsari heldu behar diogu berriro, funtsezko gaia baita.
Ezker politiko, sozial eta sindikalok giza segurtasuna defendatzen dugu une honetan, berrarmatze militarraren ordezkotzat. Nafarroako langile gehienek ez dute behar ez bonbarik, ez dronerik, ez tankerik. Segurtasuna behar dugu lan esparruan eta etxebizitza eskuratzeko, osasun eta hezkuntza segurtasuna behar ditugu, baita elikadura subiranotasuna eta ingurumen edo kultura segurtasuna ere. Eskubide eta berme sozialak behar ditugu.
Saihets daiteke
Gaur adierazi behar dugu Berrarmatze Planak, zalantzarik gabe, sortuko dituen gerra, gosea, pobrezia eta desberdinkeria saihestu daitezkeela (Europako herrialde batzuek beren gain hartu dituzte, jadanik, zenbait murrizketa zerbitzu publikoetan). Gaur egun, berretsi behar dugu Europako herriek dugun konpromisoa bakearekin, herrien subiranotasunarekin eta gehiengo sozialaren eskubideen defentsarekin.
Gerrako jauntxoek ezarri nahi diguten bide-orriaren oso bestelakoa da erakunde politiko, sozial eta sindikal horien proposamena munduarentzat. Etengabe aldatzen ari den mundu multipolarraren aurrean, diplomaziaren eta elkarrizketaren aldeko apustua egiten dugu, armagabetze prozesuen aldeko apustua egiten dugu armategi nuklearrei arreta berezia eskainiz, NATO bezalako erakunde militaristak desegitearen alde egiten dugu, eta munduko herrien arteko alde anitzeko lankidetza proiektuak garatzearen alde.
Beharrezkoa eta premiazkoa da paradigma aldaketa, Europan eta munduan nagusi den belizismoari gailenduko zaiona. Bake eta elkarrizketa kulturak eraiki behar dira, gatazka politikoak konpontzeko tresnatzat harturik. Segurtasun proiektu propio bat eraiki behar da, Europa guztirako egonkortasuna eta bakea bermatzeko, Errusia barne. Eredu sozioekonomiko bakarrak berma dezake bizikidetza baketsua. Eredu horrek, herri eta herritarren eskubideen begirunean oinarritutako bizi-baldintza duinak eta nazioarteko harremanak ekarriko ditu eta kapitalaren logikari ihes egingo dio.
Gaur, 1986an bezala, nafarrok adierazten dugu Bakea dela bide bakarra munduko herrien arteko bizikidetzarako.
Berrarmatze planari ez. Gerrari ez. Bakeari bai.
CCOO - CGT - Contigo/Zurekin - EH Bildu - EHNE - ESK - HIRU - IU - LAB - PCE/EPK - Solidari - STEILAS
Berrarmatzearen aurkako eta bakearen aldeko ekimena Nafarroan
Maiatzak 1: industria militarra ez da alternatiba
Ez ordaindu gerra, egin eragozpen fiskala zure errenta-aitorpenean
Intsumisioa gerra guztiei Ez Putin, ez NATO!
- 1
- 2