Euskararen biziberritze eta normalizazio prozesuak ezinbestekoa du lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea. ESK sindikatuak azaroaren 4an Euskaldunatik aterako den manifestazioarekin bat egiten du.

 

 

«  Lan-harremanak euskaraz  burutzeko eskubidea defendatzen dugu »

 

Adierazpena

Eremu sozioekonomikoa ezinbestekoa da hizkuntza gutxitu baten biziberritze eta normalizazio prozesuan. Izan ere, gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta beste parte handi bat inoren lanaz baliatzen. Horregatik, herritar-erabiltzaile modura zerbitzua norbere hizkuntzan jasotzeko eskubidea aldarrikatu nahi du Kontseiluak, baita langile modura euskaraz lan egitekoa ere. Hain zuzen, langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan-harremanak euskaraz burutzeko eskubidea defendatzen dugu. Finean, hizkuntza eskubideak lan eskubide ere badirelako.

Aitortza hori ezinbestekoa da gure hizkuntza hautua modu librean egin ahal izateko. Are gehiago, lan munduaren euskalduntzea araubidean jartzea ezinbestekoa da, guztion eskubideak bermatu ahal izateko. Horrez gain, Euskal Herri osorako, baina tokian tokiko berezitasunei erantzungo dion hizkuntza politika eraginkorrak behar ditugu, hizkuntza eskubideak aitortu ez ezik, garatu ahal izateko.

 

 

Orain arte, haur eta gazteengan jarri izan dugu fokua: «belaunaldi berriak euskaldundu, etorkizuna euskaldundu dadin», baina denborak argi utzi digu hori ez dela horrela. Hezkuntza ezinbesteko oinarri bat da, bai, baina ez da nahikoa. Zertarako balio du inoizko gazte belaunaldi euskaldunena izateak, lan-mundua erabat erdalduna denean?

Euskararen normalizazioaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan eremu sozioekonomikoaren eragina eta izaera egituratzailea agerikoa da. Bai langile modura, baliabide eta zerbitzuen ekoizpenean, baita hauen erabiltzaile edo kontsumitzaile gisa ere. Geroz eta agerikoagoa da euskararen biziberritze eta normalizazio prozesuak ezinbestekoa duela lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea.

 

 

« Euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko  olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa  da »

 

Zoritxarrez, kontrako norantzan datoz azken aldian epaitegietatik jasotako sententziak. Gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela: oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Ikusi besterik ez dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren sententzia, non estatu-egiturek argi utzi nahi izan duten hemen hizkuntza-politikei dagokienez nork duen azken hitza.

Une historikoaren garrantzia aintzat harturik, eta mobilizazio soziala ezinbestekoa dela jakinda, euskaltzaleei, eta, orokorrean, hizkuntza-berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten duten herritar eta eragile guztiei datorren azaroaren 4an balio horien denen defentsan Bilboko Euskaldunatik egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu.

Aurreratutako guztia alperrik galtzen uzteko prest ez gaudelako. Urteetan eginiko lana eta landutako adostasun sozialak auzitan jartzen ezin diegulako utzi. Etorkizuna euskaraz lan eginez eraiki nahi dugulako.

 

Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat!

 

🏃‍♀️🏃Harro sindikatu!

Gaur, martxoak 14, ostegunarekin, 23. Korrikari emango diogu hasiera Irunen. Martxoaren 24 arte, amaika egunez Euskal Herritik zehar, hamaika zoro Irakurri

Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat!

Euskararen biziberritze eta normalizazio prozesuak ezinbestekoa du lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea. ESK sindikatuak azaroaren 4an Euskaldunatik aterako den manifestazioarekin bat Irakurri

Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez!

Hezkuntzari buruzko Legea izapidetzen hastera doala, lege-aurreproiektu honi ezezkoa ematen diogu berriro, eta ekainaren 9ko manifestazioetan parte hartzera animatzen zaitugu. Irakurri

Korrika 22 badator! 🏃‍♀🏃

Langileok har ditzagun kaleak, korrika, alaitasunez, guztiok bat eginez euskararen alde! Irakurri
  • 1
  • 2