Epaiak Arabako Hiesaren aurkako Batzordea zigortzen du askatasun sindikala etengabe urratzeagatik, eta 6.252 euroko zehapena ordaintzera kondenatzen du.

 

 Arabako Hiesaren aurkako Batzordea

 

«  Arabako Hiesaren aurkako Batzordeak galarazi egin zion  Enpresa Batzordeari langileak defendatzeko eginkizunak betetzea »

 

Uda baino lehen lan-arloko 3. zenbakiko epaitegiaren epaia jaso genuen. Epaiak ESK-k, ELAk eta LAB sindikatuek askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea babesteko Arabako HIESaren Kontrako Batzordearen aurka jarritako demanda baiesten du.

Puntuz puntu, hiru sindikatuek planteatutakoa baietsi du epaiak, jazotakoa oso larritzat jota eta enpresari 6.252 euroko zehapena jarrita, Konstituzioaren 28. artikuluan jasotako askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea etengabe urratzearen ondoriozko kalte moralengatik.

 

Askatasun sindikalari trabak

Gatazka 2019. urtean hasi zen. Enpresaren zuzendaritzan hainbat aldaketa egin ondoren, hau enpresa-batzordearekin zituen betebeharrak urratzen hasi zen. Une horretan, ESKko 3, ELAko 1 eta LAB sindikatuko ordezkari 1ek osatzen zuten batzordea, eta enpresak langileen defentsa-eginkizunak betetzea eragotzi zien, Langileen Estatutuaren 64. artikuluan aitortutako informazio-eskubidea sistematikoki urratuz. Gainera, enpresak ez zuen enpresa-batzordea langileen legezko ordezkaritza organotzat aintzat hartu. Hori dela eta, Enpresa Batzordeko kideek ezin izan dituzte plantillaren interesak babesteko legezko ordezkaritza-eginkizunak bete.

Epaia oso argia da. Garbi adierazten du enpresak ez duela informatzeko duen eginbeharra hala dagokion baldintzetan bete, ez orokorrean ez eta jarduketa zehatzei dagokionean ere. Zenbait kasutan, justifikatu gabeko atzerapena antzeman da, eta horrek ordezkaritza-lanak normaltasunez betetzea oztopatu du.

Frogatutzat eman da enpresak ez duela garaiz betetzen informatzeko duen betebeharra, enpresa-batzordeak etengabe eskatu duela informazioa bidaltzeko, eta eskari horri garaiz eta behar bezala erantzun behar zaiola. Ez-betetzeak denboran luzatu dira, eta ez da estimatu inolako argudiorik Konstituzioan aurreikusitako eskubideak eta interesak ez betetzeko arrazoi onargarriak direla ondorioztatzeko modukoa.

 

Ez betetzeak

Ez-betetzeen zerrenda amaiezina da eta hiru eremutan sistematizatzen da: informazio-eskubidearen urraketa generikoa (informazio ekonomikoa edo enpresaren absentismoaren ingurukoa); informazio-eskubidearen urraketa jarduketa zehatzei dagokienez (barne-sustapenei eta lanpostu hutsei buruzko informazioa, enplegu-poltsak, langileen subrogazioak, lan-egutegiak edo desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-kuota); eta informazio-eskubidearen urraketa, laneko arriskuen prebentzioaren arloko eginkizunei dagokienez (lan-istripuei buruzko informazioa, segurtasun- eta osasun-batzordearen bilerarik eza, COVID-19aren pandemiaren aurreko neurriei buruzko informaziorik eza, eta abar).

Azkenik, epaiak kontuan hartzen du Pilar Marijuan Koordinatzaileak duela hilabete batzuk arte ordezkarien eginkizunak oztopatu izana. Hau frogatuta geratzen da bere adierazpenengatik eta langileen legezko ordezkaritza-eginkizunak betetzeari argi eta garbi uko egiteagatik.

 

Arabako Hiesaren aurkako Batzordea

 

Zuzendaritza Batzordea eta AISA

Gertatutakoa are larriagoa da Arabako HIESaren Kontrako Batzordeko Zuzendaritza Batzordeak argi eta garbi babestu dituelako une hartan erakundearen koordinatzaile zenak egindako irregulartasunak, nahiz eta demandan azaldutako egitate guztien jakitun izan. Erakundearen helburu argia haren ordezkaritza sindikala ezabatzea izan da, eta, horretarako, oinarrizko eskubideak etengabe urratu ditu, epaiak argi utzi duen bezala.

Hasiera batean, sindikatu demandatzaileek hala eskatuta, epaiketa eten egin zen, hau saihesteko negoziazio bila. Negoziazioarekin, enpresaren jardunak eragindako kaltea konpontzeko bitartekaritza bat bilatu nahi zuten; izan ere, dirua ez da inoiz izan sindikatuek bilatzen zutena gertatutakoa salatzean. Zoritxarrez, bitartekaritza horren ondoren enpresak ez zuen inolako borondaterik adierazi gerora epaitegian frogatu den ezer aitortzeko.

Larritasuna ez da hor amaitzen. Izan ere, Arabako esku-hartze sozialeko erakundeen patronalak, AISAK, ez zuen inolako zalantzarik izan Arabako HIESaren Kontrako Batzordeari babesa adierazteko orduan, eta laguntza eskaini zion ESK-k, ELAk eta LABek jarritako demandaren berri izandakoan. Sindikatuei leporatu zien erakundearen biziraupena mehatxupean jarri izana eta aurkeztutako demandak (gerora epaitegian baietsi dena) ordezkatzen dituen erakundeen jasangarritasunerako ekar ditzakeen arriskuez ohartarazi zuen, sindikatuei plantilla osatzen duten pertsonen lanpostuak suntsitu nahi izana egotzita. Gogoan izan behar dugu AISA patronalak 2 urte baino gehiago daramatzala Arabako Esku-hartze Sozialeko Hitzarmenaren akordioa atzeratzen.

 

60.000 € ez betetzeetan

ESK sindikatuan oso kezkatuta gaude HIESaren Aurkako Arabako Batzordeak hartutako noraezarekin eta AISAk emandako erabateko babesarekin, defendatzen omen dituzten helburuen guztiz aurkakoa dena. Inoiz ez da berandu jarrerak zuzendu eta erakundeari eskatzeko sindikatuen eta langileen lan-eskubideen aurkako erabakiak bertan behera utz ditzala. Zoritxarrez, gaur egun, epaia argitaratu ondoren, AISAk ez ditu hain akusazio larriak zuzendu.

2019az geroztik Arabako HIESaren Kontrako Batzordeak lan-arloan egindako ez-betetzeak ugariak dira eta, guztira, 60.000 euro inguruko kalte-ordainak ordaintzera kondenatu dute enpresa. Askatasun sindikala urratzeagatiko epaiaz gain, azken urtean bidegabeko hiru kaleratze egiteagatik, epaitegietan baliogabetzat jotako lan-baldintzen funtsezko aldakengatik eta langile baten barne-sustapenerako eskubidearekiko errespetu-faltagatik ere kondenatu dute enpresa.

Diru hori diru-kutxa publikoetatik aterako delakoan gaude, eta guztion artean ordainduko ditugu Arabako HIESaren Kontrako Batzordeak lan-eskubideen aurka hartutako erabakiak.

 

Arabako Hiesaren aurkako Batzordea

 

Irregulartasunak formalki aitortzea

Eskari honekin, ESK sindikatuan ez genuen inondik inora ezohiko diru-sarrerarik bilatzen, enpresan azken urteetan zoritxarrez gertatutakoa aitortzea eta konpontzea baino ez. Horregatik, jasotako kalte-ordaina (gure kasuan, 2.084 euro) ekintza sindikala egiteagatik errepresioa jasaten ari direnei ematea erabaki dugu. Badakigu, gure kasuan, Administrazioak ordainduko duela eta erabaki dugu diru hori Administrazioak berak ekintza sindikalengatik jazartzen dituen erakundeei ematea. Zehazki, Korapiloa Askatu kanpainara bideratuko dugu dirua, Bilboko Langile Autodefentsa Sareko kideek jasandako errepresio sindikalari aurre egiteko.

 

Gasteizko Udala

Ezin dugu ahaztu Gasteizko Udalak laguntza argia eman diola enpresari, eta alde batera utzi zituela enpresa-batzordeak helarazi zizkion salaketak, azkenean epaitu direnak eta zigorra ekarri dutenak. Izan ere, Udalak, Gizarte Politiketako zinegotzi Jon Armentia jaunaren bitartez, guztiz ezagutzen zituen gai horiek, eta inolako zalantzarik gabe babestu zituen.

Udaleko Ostatu Zerbitzuetako arduradunak, Txaro Basterrak, zalantzarik gabe laguntza eman zion enpresa demandatuari epaitegietan, eta adierazi zuen ezin hobeto betetzen zuela laneko arriskuen prebentzioaren arloko lan-arloko legeria guztia. Bada, epaia argia da arlo horretako ez-betetzeei dagokienez: erakundeak dira beren kontrata eta enpresa subentzionatuetan lan-arloko legeria betetzearen zuzeneko erantzuleak. Hori dela eta, ez-betetzea frogatuta, jardutea besterik ez dute, baina ez Arabako HIESaren Kontrako Batzordearen erabakien kostuak ordainduta, baizik eta lan-arloko legeria zorrotz betetzeko eskatuta.

 

Aitorpena Enpresa Batzordeari

ESK sindikatuak eskerrak eman nahi dizkie enpresa-batzordeko kideei; izan ere, 2019. urteaz geroztik oinarrizko eskubideak urratu zaizkien arren, langileekiko konpromisoa erakutsi dute, bai eta gizarteko pertsona ahulenen lan-baldintzak eta bizi-baldintzak behin eta berriz hobetzeko nahia ere. Harrotasunez betetzen gaitu horrelako pertsonek gure sindikatua ordezkatzea lantokietan.

Azkenik, mezu argi bat helarazi nahi genuke: “irabazi asmorik gabeko” elkarte batzuetan oso zabalduta daude langileen artean beldurra eragiteko praktikak, eta instituzioek guztiz babesten dituzte lan-baldintzak prekarizatzeko. Ohar honen bitartez gure poza helarazi nahi dugu, gero eta langile gehiagok gainditzen dutelako beldur hori eta beren lan-eskubideak defendatzen dituztelako baita elkarteen munduan ere.

Bada garaia Araban ehunka pertsona gizarte-zerbitzuen kudeaketan enplegatzen dituzten “irabazi asmorik gabeko” elkarteek (erakundeek azpikontratatzen dituztenak) jarrera argia izan dezaten lan- eta sindikatu-eskubideekiko errespetuaren alde. Oraindik garaiz dabiltza ehunka pertsonen osasuna eta lanpostuak arriskuan jartzea saihesteko.

Arabako HIESaren Kontrako Batzordea, horrela ez!

Ez Sidalavan ez beste inon, jazarpen sindikalik ez!

 

Bizkaiko esku-hartze soziala: Gizardatzi seriotasuna eta negoziatzeko borondatea eskatzen diogu

Oso positiboki baloratzen ditugu baraualdiko hiru egunak eta gaurko greba eguna, eta Gizardatzi seriotasuna eta negoziatzeko borondatea eskatzen diogu Bizkaiko Irakurri

3 barau-egun eta greba-egun 1 Bizkaiko esku-hartze sozialaren sektorean

Gaur hiru eguneko baraualdia hasi da Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, eta apirilaren 17an greba-eguna deitu dugu Bizkaiko esku-hartze sozialeko sektore Irakurri

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko patronala mugiarazteko proposamena eta mobilizazioak

Gizardatz, Esku-hartze Sozialeko Hitzarmen Kolektiborako akordioa eragozten ari da, eta hura osatzen duten erakundeetako batzuk akordiorako edozein hurbilketa eragozten ari Irakurri

Mobilizazio berriak Bizkaiko Esku-hartze sozialan

Martxorako eta apirilerako mobilizazio gehiago iragartzen ditugu. Mobilizazioak bakarrik ahalbidetuko digu patronala eta erakundeak mugitzea eta 2021etik hitzarmenik gabe jarraitzen Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9

 

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua