Sektorean presentzia dugun sindikatu guztiak 3 greba egun deitu ditugu Bizkaiko metalean FVEM patronalaren blokeoari aurre egiteko.
Joan den maiatzaren 26an izan genuen azken negoziazio bilera. Bertan, patronalak ezetz erantzun zien sindikatuek batera planteatutako 17 puntuei. FVEMek mespretxatu egin zuen Bizkaiko metalgintzako langile klasea. Bilera horretan, sindikatuek FVEMi adierazi genion beste proposamenik izanez gero bilera batera deitu behar gintuela. Ez dugu haien berririk izan.
Bada, patronalaren blokeo horren ondorioz, ELA, CCOO, LAB, UGT eta ESK, USO, CGT eta CNT sindikatuek publikoki adierazi nahi dugu:
- 3 greba egun deitu ditugu Bizkaiko metalgintzan.
- Greba egunak ekainaren 23an eta 30ean eta uztailaren 1ean izango dira.
Grebak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari jakinarazi zaizkio jada, eta prentsaurreko hau amaitzen denean deialdiak patronalean, FVEMen, erregistratuko ditugu.
Sektorean mobilizazio eta sozializazio dinamika duela aste batzuk hasi zen. Lantokietan mozioak jasotzen ari dira, eta Bizkaiko metalgintzako enpresei zuzendutako idazkiak erregistratzen, enpresak interpelatuz, FVEMekin harremanetan jar daitezen negoziazioa desblokeatu dadin.
Joan den ostiralean, ekainaren 3an, sindikatuetako militanteek hainbat elkarretaratzetan parte hartu genuen patronalaren batzorde exekutiboko kide diren enpresa batzuen aurrean (Tecuni, ITP Aero, Arteche, Astilleros Murueta, Sidenor, Eldu edo Ormazabal). Enpresa horiek FVEMen parte hartzen dute eta blokeoaren erantzule direla salatu genuen. Egun horretan, Patronalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak mobilizazio horiei (baketsuak eta aldez aurretik jakinaraziak) emandako erantzuna pertsona ugari identifikatzea eta isunak eta salaketak jartzeko mehatxua izan zen. Badirudi hori dela gure eskubideen alde mobilizatzea erabaki dugun langileontzat nahi duten errezeta.
Hemendik aurrera, Bizkaiko metalgintzan ordezkaritza duten sindikatuok badakigu oso egun intentsoak geratzen direla greba lantzeko. Ehunka batzar izango dira lantokietan. Sozializazio dinamika desberdinak eskualdeetan. Eta datorren ekainaren 13an, Barakaldoko BECen egingo den Makina Erremintaren Bienala dela eta, manifestazio bat egingo dugu Bizkaiko Metalgintzaren Hitzarmen bat eskatzeko, hobekuntza nabarmenekin.
Bizkaiko metalgintzako enpresek oso urte ona izan zuten 2021ean emaitzei dagokienez. 2022 hau ere oparoa izango da. Sektorean lan karga handia dago. Hala ere, patronalak negoziazio mahaian eskaintzen diguna eros ahalmena galtzea da, eta ez du jakin nahi sindikatuek proposatutako beste hobekuntza batzuen berri. FVEMen jarrera arduragabe horren aurrean, gurena denaren alde borrokatzeko garaia dela uste dugu. Bada garaia sortzen den aberastasunaren banaketa justua eskatzeko. Bizkaiko metalgintza grebara joateko ordua da.
Eusko Jaurlaritzari tresna publiko gehiago eta Mecaner-en instalazioak erosteko eskatzen diogu
Tubos Reunidos: diru publikorik ez, irabaziak dituzten enpresentzat!
GUASCOR-rek metalaren hitzarmena aplikatu eta soldatak erregularizatu behar ditu
Sindikatuen topaketa automobilgintzaren sektorearen erronken aurrean
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9