ESK-k bat egiten du Errusian eta Ukrainan kontzientzia eragozpenaren eta desertzioaren aldeko manifestuarekin. Apirilaren 9an manifestazioa Iruñean.

 

Intsumisioa gerra guztiei Ez Putin, ez NATO!

 

« Gaur, atzo bezala, gerraren aurkako  intsumisioa  aldarrikatzen dugu »

 

XX. mende bukaeran eta XXI. mende hasieran Espainiako erresuman Derrigorrezko Zerbitzu Militarra eta Ordezko Prestazio Zibilaren aurka abiaturiko kanpaina antimilitaristan parte hartu genuenok gara. Hamarnaka mila pertsona izan ginen, milioika lagunek sostengaturik, herri mobilizazio historiko batean kontzientzia eragozpenerako eskubidea lortu eta soldaduzkaren morrontza lotsagarria bukarazi genuenok. Milaka epaiketa, jazarpena eta espetxea jasan behar izan zuen komunitate desobediente eta antipatriarkal bat sortu genuen, eta horri eutsi genion elkar laguntzari, eta neurri handi batean, emakume antimilitaristen borrokari esker.

Gaur, atzo bezala, gerraren aurkako intsumisioa aldarrikatzen dugu, eta horren bidez, ejertzito eta autoritarismotik askaturiko gizateria. Orduan borrokatu genuen, eta gaur ere horretan gabiltza, gerrak sortzen dituzten injustizia guztien aurka, eta aldi berean bere sorburuak ezabatzearen alde.

 

Armei uko egiteko eskubidea

Estatuek gerraren basakeria propaganda patriotikoarekin apaintzen duten bitartean, armak errefusatzeko eta etorkizuna libreki erabakitzeko pertsonen eskubideak aldarrikatzen ditugu behin eta berriro. Inork ez luke behartua izan behar ez hiltzera, ezta inor hiltzera ere.

Ukrainako gobernuak derrigorrezko erreklutamendua ezarri du 18 eta 60 bitarteko gizonezkoen artean, borrokatzeari uko egiten dioten milaka gazte zein heldu klandestino bihurtuz. Gainera, talde paramilitarrek horiek atxilotzen dituzte errepide kontroletan zein hirietako irteeretan. Errusiako gobernuak gezurra eta indarra erabiltzen du bere soldaduekin, ejertzitotik alde egin ez dezaten. Europar Batasunak babes politikoa ukatzen die alde bietako desertoreei, armak bidaltzen ditu eskualdera, eta bere aurrekontu militarren gorakada iragartzen du. Gerrak energia eta ingurugiro krisi globala areagotzen du, eta are gehiago mehatxatzen du pertsona zaurgarri eta txirotutako herrialdeen ekonomia.

 

Ukrainiako gerra - zibilak
Argazkia: Diario de Navarra

 

«  Ukrainako gerra  luzatzeak sufrimendu gehiago eragiteko eta faxismoa elikatzeko baino ez baitu balioko »

 

Ez dugu obeditu nahi

Modu pasiboan obeditzeari eta erresistentziarik ez erakusteari uko egiten diogu. Gerren biktimekiko errukia agertze hutsari uko egiten diogu, ezin badugu gerrarekiko gure ezinegona adierazi. Soldaduaren figuran eta mitoan sorturiko maskulinitatea errefusatzen dugu, eta horrekin batera baita gure gogo eta gorputzen kolonizazio patriarkala ere. Ez dugu izaki kaltegarri eta arriskutsu bihurtu nahi, mota guztietako umiliazio eta tratu txarrak eragiteko gauza. Ez dugu adin guztietako emakumeen aurkako sexu bortizkeriaren konplize izan nahi, ezta adingabeen, erien edo babes gabeen heriotzarena ere. Bortizkeria gehiago sortzen duten sasi konponbideek menderakuntza iraunarazten dute.

  • Errusiar inbasioa bertan behera gelditzea ALDARRIKATZEN DUGU, eta horrekin batera, okupazio tropek alde egitea, eta Ukrainako zonalde ezberdinetan bizi direnen borondatea errespetatzea, beren etorkizuna askatasunean erabakitzeko, gutxiengo guztien eskubideak errespetatuz.

  • Europar Batasunak eta Espainiako Erresumak gerratik desertatzen dutenen eta derrigorrezko erreklutamendutik ihes egiten dutenen babes eskaerak onartzea ESKATZEN DIEGU, kontzientzia eragozpenerako eskubide unibertsalari errespetua adieraziz. Gerra batean inor hiltzea ez da inongo “betebehar zibikoa”.

  • Europar Batasunak munduko edozein lekutatik ihesean datozen pertsona guztiei harrera duina ematea ESKATZEN DUGU, inongo diskriminaziorik gabe.

  • NATOko armak eta tropak eskualdera bidaltzea bertan behera uztea ESKATZEN DUGU, eta horrekin batera gatazkaren desmilitarizazioa eta paradisu fiskalen eraispena, bertan zuritzen baitituzte haien etekinak Europako oligarkiek eta armagintzako enpresek. Edozein aldeetako gerra krimenek ez dute inongo partehartze odoltsu berririk justifikatzen: sutara egur gehiago botatzea ez da konponbidea.

  • Gerran dauden lurraldeetako biztanleriari gorroto sozialarekin bat ez egiteko GONBITEA LUZATZEN DIOGU, sarraskian parte hartzeari uko egiten dioten soldadu eta desertoreei laguntza emanez.

  • Ukrainan zein Errusian helburu baketsuekin antolatzeagatik, desobedientzia zibila zein defentsa ezbiolentoa erabiltzeagatik, eta gerrari aurre egiteagatik errepresioa jasaten dutenei gure SOSTENGUA ESKAINTZEN DIEGU, bereziki lurralde horietako mugimendu antimilitarista eta feministei.

  • Ukrainako gerra desobeditu eta jazarpen politikoa jasaten duten bakezale eta desertoreei laguntza eskaintzeko Europa mailako sare bat antolatzeko DEIA EGITEN DUGU.

  • Espainiako zein Europako behar beste lege DESOBEDITUKO DUGU, gure etxeetan Errusiako zein Ukrainako bakezale eta desertoreei babesa emateko.

 

Gerren bukaerak haiek sortu eta haietaz etekina ateratzen duen sistema ekonomiko kapitalistaren diktaduraren bukaera dakar. Aitzindari hurbilenak 2014an dituen Ukrainako gerra luzatzeak norbaitentzat onuragarri izango dela uste duena oker dabil: planeta osoko bazterrotan sufrimendu gehiago eragiteko eta faxismoa elikatzeko baino ez baitu balioko.

 

Manifestazioa

Apirilaren 9an, larunbata, 18:00etan manifestazioa Iruñeko Gazteluko plazatik abiatuta.

 

Manifestua sinatu

insumisionalasguerras.org

 

Palestinaren aldeko ekarpen solidarioa egin ezazu

Palestinaren aldeko ekarpen ekonomiko solidarioa egitera animatzen zaitugu, proiektu humanitarioak bultzatzeko eta Netanyahu Nazioarteko Zigor Auzitegira eramateko. Palestina libre! Irakurri

Geldi dezagun genozidioa Palestinan!

Estatu mailan antolatu diren urtarrilaren 20ko mobilizazioetan parte hartzera animatzen dugu, Palestinari elkartasuna adierazteko, genozidioaren aurka eta armen merkataritzaren amaiera Irakurri

Palestinaren aldeko eta haren genozidioaren aurkako manifestazioa Iruñean

Abenduaren 30ean Iruñean egingo den manifestazioarekin bat egiten dugu. Hauek dira gure eskakizunetako batzuk: su-etena, blokeoa kentzea, zerbitzuak eta eskubideak Irakurri

Herri palestinarraren sarraskia gelditu behar da orain!

ESK-k bere afiliazioa eta herritarrak animatu nahi ditu Euskal Herriko elkartasun internazionalistaren mugimenduak deitutako mobilizazio guztietan parte hartzera. Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5