El Salto-Hordagotik Iratxe Álvarez kideari egindako lan-erreformaren inguruko elkarrizketa uzten dizuegu.

 

Iratxe Álvarez - ESK sindikatua

 

« Aurrerapauso gutxi eta hutsune gehiegi daude gure ustez, aukera ezin hobea galdu dugu ezkerretik langileen  eskubideak berreskuratzeko  eta berriak indarrean jartzeko »

 

Nola baloratzen dituzue lan erreforma berrian planteatzen diren balizko aurrepausoak eta hutsuneak?

ESK sindikatuak ez du lan erreforma honen balorazio onik egiten. Gure ustez iruzurra izan da, hau ez da langileok nahi eta behar genuena eta batez ere ez da koaliziozko gobernu honek agindu zuena; helburua aurreko lan erreformak  indargabetzea zen eta ez “makillaje” apurtxo bat jartzea zegoenari. Aurrerapauso gutxi eta hutsune gehiegi daude gure ustez, aukera ezin hobea galdu dugu ezkerretik langileen eskubideak berreskuratzeko eta berriak indarrean jartzeko, feministatzat jotzen den gobernu honek guztiz ahaztu ditu emakumeak lan erreforma honetan, aurrerapauso izan zitezkeen aldaketa gehienek tranpa dute, itxurakeria baino ez da.

 

Obra eta zerbitzuen araberako kontratuaren aldatzea, ultraaktibitatea, azpikontratazioaren inguruko hainbat neurri eta ABEEEen zabaltzea izanik erreformaren lorpen garrantzitsuenak, uste duzue neurri horiek aurreko lan erreformaren orube estrukturala aldatzen dutela? Edo, patronalak esan duen bezala, funtsezko neurriak ez dute aldaketarik jasan?

Guretzako Lan Erreforma honek funtsean ez du gehiegi aldatzen aurretik genuena. Elementu asko ditugu aipatzeko lan erreforma honen harira eta ontzat eman dezakegun bakarra ultraaktibitatearen berreskurapena da nahiz eta honetan ere ñabardurak egon.
Negoziazio kolektiboan adibidez estatuko markoa inposatzen da eta ez dago segurtasun juridikorik ez Euskal Erkidegoan ezta Nafarroan negoziatzen ditugun hitzarmenentzako. Lan Hitzarmen sektorialen prebalentziaren inguruan pentsa genezake ere, hasiera batean, nolabaiteko hobekuntza egon zitekeela baina hobekuntza bakarra soldaten babesa da beste edozein eremua alde batera utziz. Lan hitzarmen sektorialak osotasunean izan beharko lirateke minimoak eta ez bakarrik soldatan.
Adaketarik jasan ez dituzten arauak badira ere lan erreforma honetan esate baterako langileen kaleratze prozesuetan. Zentzu honetan lehendik onartezintzat hartzen genuena mantendu da eta badakigu orain arte izan dugu eskarmentuarekin horrek zer dakarren: prekarizazioa eta ziurgabetasuna. Gauza bera kaleratze kolektiboekin zeintzuk administrazioaren kontrolik gabe jarraitzen dute.
Esan behar dugu ere emakumeok guztiz ahaztu dituela lan erreforma honek, inolako perspektiba feministarik gabe egindako araudia bait da, kontutan hartu gabe bizi izan ditugun Greba Feministetan emakumeok egin ditugun aldarrikapenak lan arloan.
Aldi baterako kontratazioaren erreformak ez du egonkortasunik ekarriko ez duelako jorratzen momentu honetan dugun arazoa: kontratazioaren iruzurra eta. Honekin batera fijo-discontinuo kontratazioetan ezarritako malgutasuna eta ETTei kontratazio mota hauek egiteko gaitasuna ematea prekarizazio eta esplotasio mota berrien aurrean jarriko gaitu. Honetan kaltetuenak emakumeok izango garelarik gazteekin batera.
Lan erreforma batek, guk nahiko genukeen lan erreformak, ezin du helburutzat soilik eskubideen berreskurapena izan, haratago jan behar da eta zentzu horretan ESK sindikatuarentzat eskubide berriak sortzeko aukera ezin hobea galdu egin dute . Onartezina da esate baterako Etxeko eta Zainta langileak Erregimen Orokorretatik kanpo ustea beste behin ere.
Azpikontratazioei dagokienez guretzako galdutako aukera bat izan da ere. Badirudi, horrela saldu bait digute, honek aurrerapausoa dela baina bakarrik zerbitzu anitzetako enpresak mugatzen ditu. Ezin dugu onartu maila ezberdinetako langileak egotea; lan berdina egiten baldin badugu lan eskubide berberak izan behar ditugu.

 

« Jokabide hauekin gizartearen partetik politikarekiko dagoen  desafekzioa  guztiz ulergarria da, ezkerrak uko egin dio haien ustezko ideologari eta honekin hegoak baino ez dizkiote ematen eskuinari »

 

Uste duzue egungo indar korrelazio sozial, sindikal eta politikoarekin zerbait gehiago lortu zitekeela? Zer suposatuko luke erreforma hau ez onartzeak?

Noski baietz, ustezko gehiengo ezkertiarra izanda gobernuan aukera galdu bat izan da hau. Eta bestetik ere esandakoa, alderdi ezkertiarren papera beste behin ere lotsagarria izan da. Jokabide hauekin gizartearen partetik politikarekiko dagoen desafekzioa guztiz ulergarria da, ezkerrak uko egin dio haien ustezko ideologari eta honekin hegoak baino ez dizkiote ematen eskuinari. Horren gutxi duzunean, edozein lorpen, nahiz ta txikiegia izan, aurrerapausu izan liteke.
Hala ere ezin dugu ulertu ezkerrak dituen konplexuak, eskuina poterean dagoenean bere ideología eta moduak ezartzen ditu lotsarik gabe eta gu ez gara inoiz gai gure proposamenak aurrera eramateko gai nahiz eta jakin aurrerapausuak direla gizartearentzat, langileontzat. Erreforma onartuko dela nahiko argi dugu, baina ez adostuta dagoelako, baizik eta eskuinak aukera hau ezin duelako galdu.

 

Iratxe Álvarez - ESK sindikatua

 

Erreformaren akordioaren parte izan diren sindikatuek, CCOO eta UGTk, hau lehenengo fasea besterik ez dela aipatu dute, gradualtasunean oinarrituriko estrategia bat iradokiz. Perspektiba honekin bat egiten du ESKk edo ez duzue aukerarik ikusten bide hori jorratzeko?

Inolaz ere ez. Sindikalgintzaren betebeharra langileon interesak defendatzea da eta horri uko egiten baldin badiogu beste edozein gauza gara. Sindikatuok ez badugu sinisten langileon indarrean, gizartearen gaitasunean politikak aldatzeko, akabo. Gure betebeharra politiken aldaketak bultzatzea da, langileria antolatzea eta onura sozialak lortzea. Guretzako beste behin ere UGT eta CCOOek langileria saldu du.
Esan behar da ere bai Nafarroa bai Erkidegoko langileak ordezkatzeko zilegitasunik ez dutela sindikatu hauek ez baitute gehiengo sindikala ordezkatzen eta hori agerian geratu da emaitzan. Guretzako erreforma Honekin bi sindikatu hauek balioztatzen dute aurreko Lan Erreformek. Noski sindikatuen egin beharra ere negoziazioa badela, nola ez, baina negoziazio hori zintzoa izan behar da eta hemen ez da hori gertatu, negoziazioa baino antzezlana izan da. Aldez aurretik onartzen duzunean irabaztea ezinezkoa dela eta ematen dizutenarekin konformatuko zarela, zertarako esertzen zara negoziazio mahian? Guk ez dugu estrategia hori konpartitzen gure ustetan sindikalgintza borrokalaria eta ausarta izan behar da, zintzoa, baina batez ere duina, langileei zor diegu.

 

« ESKren apustua mobilizazioa izan da beti hori baita gure  tresna boteretsuenetariko bat  »

 

Gobernuak egindako hainbat lege azken urteetako borroka ziklo oso baten ondorio izan dira, hala nola, Etxebizitza Legea. Lan erreformaren kasuan, 2012ko erreformaren aurkako mobilizazioak oso esanguratsuak izan arren, ez da agenda mobilizatzaile irmorik egon azkenaldian. Zergatik ez da egon gaitasunik sindikalismo alternatibotik mobilizazio indartsuak planteatzeko elkarrizketa sozialeko negoziaketak irauten zuen bitartean?

ESKren apustua mobilizazioa izan da beti. Hori da gure tresna boteretsuenetariko bat. konfinamendutik atera ginetik, kalea berreskuratzearen ideia izan genuen buruan eta badugu oraindik ere. Lan erreformatik haratago, gizartearen desmobilizazioa guretzako oso adierazgarria eta kezkagarria da aldi berean. Pandemiak ispiluaren aurrean jarri gaitu zentzu askotan eta ikusten ari gara nola egunero aitzaki ezberdinekin eskubideak murrizten dizkiguten, esnatzeko ordua da, bizi dugun egoeratik ateratzeko ordua da.
Zergatik ez dugu gaitasun hori izan? Arrazoi asko daude, egoera berak ez du batere laguntzen, testuingurua, bizi dugun ezegonkortasuna, beldurra, nekea, itsaropen falta, desinformazioa…. Gizartean eragina izan du baina sindikalgintzak ere ardura du honetan. Gure konfort zonaldetik atera behar gara, apustu ausartak eta trebeak egin behar ditugu eta uste dut ariketa hori egiten saiatzen ari garela. Kaleak berreskuratu behar ditugu bai, baina batez ere, ilusioa, itxaropena, gauzak aldatzeko grina piztu behar dugu gizartearengan, beste mundu bat posiblea dela sinistu eta hori lortzeagatik borrokatu.

 

Aste honetan bertan mobilizazioak iragarri dituzue urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Karta Soziala osatzen duten beste sindikatuekin batera. Estatu beste sindikatu batzuk ere agertu dira lan erreformaren kontra, baita ezker eraldatzaileko beste hainbat sektore. Badago estrategia konpartiturik maila sindikal eta politikoan, Euskal Herritik haratago, erreformaren aurkako indarrak batzeko?

Esan duzun bezala aste hasieran bertan mobilizazioak iragarri ditugu Euskal Herrian hurrengo egunetan eta lanean jarraitzen dugu lan erreforma honen kontra. ESKren interes bakarra jendea da, gure helburua langileen eskubideak defendatzea da eta ibilbide horretan bidelagun anitzak ditugu. Gure markua Hego Euskal Herria da hemen bizi eta lan egiten dugulako, baina gure sindikatuak bereizgarri bat baldin badu hori, dudarik gabe, elkartasuna da, hori bait da herrien arteko xamurtasuna. Harremanak ere baditugu beste herrietako sindikatuekin, borroka eta helburu asko konpartitzen ditugu ere eta guzti hori batzeko, indarrak gehitzeko aukera egon denean ESK-k erantzun du. Kasu honetan posiblea baldin bada ere horrela izango da, ez izan dudarik.

 

 

ESK-ren adierazpena U23ko hauteskundeen aurrean

Aldaketa erreakzionarioa ematen ari den testinguruan, igande honetan hautetsontziak betetzeko deia egiten diogu sindikatuko afiliazioari, gure klase interesak defendatuko dituzten Irakurri

Kazetaritza eta Elkartasuna ez dira delitu

    ARGIA aldizkariari elkartasuna adierazteko adierazpena. Ez kazetaritza, ez elkartasuna ez dira delitu. Irakurri

Maiatzak 1: kapitalak gehiago nahi du

Gobernuak, kapitalaren ordezkari, larrialdi galgari eragin beharrean, krisia sakontzen duten neurriak hartzen ari dira, bizitzaren prekaritatea eta herritar gehienen pobrezia Irakurri

« Erreforma hau iruzurra izan da »

 El Salto-Hordagotik Iratxe Álvarez kideari egindako lan-erreformaren inguruko elkarrizketa uzten dizuegu. Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3

 

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua