COP26ko kideei eta estatuko, erkidegoetako eta tokiko gobernuei eskatzen diegu larrialdi klimatikoko adierazpenen erosotasuna alde batera uzteko, eta ekintzara jotzeko.

 

COP26 Euskal Herria Aldaketaldia 2021 justicia climatica

 

Azaroaren 1etik 12ra, aurreikusitako datatik urtebetera, munduko agintariak berriro bilduko dira Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioko Aldeen 26. Konferentzian (COP26) Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen organo gorenean, oraingoan Glasgowen. 1995etik hogeita sei konferentzia joan dira, eta bost 2015eko Parisko Akordiotik, non berotze globala +2 ºC-tik oso behera mugatzeko helburua adostu zen, eta +1,5 ºC ez gainditzeko ahalegin handiak egitea. Goi-bilera hau partziala izango dela salatu nahi dugu, Hegoalde globaleko herrialdeen partaidetza oso txikia izango baita –horiek ari dira ondorioak gehien jasaten–, ezarritako murrizketengatik eta txertoen
eskasiagatik.

 

« Urtero  markak hausten  dira berotegi-efektuko gasen emisioetan »

 

Aurreko 25 goi-bileretako akordioak gorabehera, neoliberalismoak bizitzaren eta gizartearen euskarriak suntsitzen jarraitzen du, eta urtero markak hausten dira berotegi-efektuko gasen isuriei dagokienez. Horregatik, planetaren batez besteko tenperatura, dagoeneko, industria aurreko aroan baino 1,1 ºC altuagoa da. Horrela, aldaketa klimatikoa errealitate saihestezina bihurtu da, eta haren ondorioak ez dituzte bakarrik etorkizuneko belaunaldiek jasango; gu gara hurrengo belaunaldia. Horren adibide dira, besteak beste, biodibertsitatearen galera, gero eta ohikoagoak diren muturreko fenomenoak –bero boladak, lehorteak, uholdeak, suteak...–, permafrosta eta glaziarrak urtzea, uzta-galerak eta errefuxiatuen aurkako apartheid globala. Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) epe motzeko aurreikuspenak beldurgarriak dira.

 

 

Arazo sozial eta globala

Klima larrialdiarekin batera, erregai fosil eta material merke eta ugarien aroa amaitzen ari da. Energia iturri berriztagarriak beharrezkoak dira deskarbonizaziorako, baina IPCCk ohartarazi digunez, ezingo dute gure egungo kontsumoa bermatu, are gutxiago hazkundea. Horregatik, klima larrialdia arazo sozial eta globala da, agerian uzten ditu ekoizpen- eta kontsumo-sistema kapitalista osoaren gabeziak. Etengabeko hazkundearen logikak talka egiten du planetaren mugekin eta gehienon beharrizanekin, eta klima-aldaketa hazkunde zentzugabe horren albo-ondorioetako bat da. Erro sakoneko arazo horri aurre egiteko, ez da nahikoa azaleko aldaketak egitea; energia- eta material-kontsumoa murriztu behar da, hazkunde ekonomiko globalaren helburua alde batera utzita.

 

« Etengabeko hazkundearen logikak talka egiten du  planetaren mugekin  eta gehiengoaren beharrekin »

 

Berotze globala saihestezina da, baina ezin dugu arintzeko konponbideak atzeratzen jarraitu. Orain, hamarren bakoitza borrokatzea da erronka, 2100. urterako 1,5 ºC-ko berotzea ez gainditzeko, eta trantsizio ekologiko eta soziala bultzatzeko. Klima aldaketaren ondorio larrienak saihesteko bidean, Iparralde globaleko herrialdeok erantzukizun handia dugu; are handiagoa bertako eliteek.

Esaterako, 2018an 8,7 tona CO2 isuri ziren Euskal Herriko biztanle bakoitzeko, EBko (8,6 t) eta munduko (6,6 t) batez bestekoaren gainetik; munduko % 10 aberatsenak, bestalde, isurketa guztien erdia sortzen du.

 

COP26ko kideei exijitzen diegu

Hori guztia dela eta, COP26ko kideei eta estatuko, erkidegoetako eta tokiko gobernuei eskatzen diegu larrialdi klimatikoko adierazpenen erosotasuna alde batera uzteko, eta ekintzara jotzeko. Premiazkoa da material- eta energia-kontsumoaren murrizketa demokratikoki planifikatzea, bidezkoa izan dadin. Horretarako, ondorengo neurriak proposatzen ditugu:

  • Erabili eta botatzeko kontsumoa eta zaharkitze programatua alde batera uztea. Konponketak eta lotutako enpleguak sustatzea.

  • Herritar guztien aukerak bermatzea oinarrizko diru-sarrerak eta zerbitzu publiko iraunkorrak (osasuna, hezkuntza, etxebizitza, zaintza, energia, elikadura, aire eta ur garbiak...) eskuratzeko.

  • Lanaldia murriztea, enplegua banatzea eta bizitzarako ezinbestekoak diren ordaindu gabeko lanen banaketa bultzatzea.

  • Mugikortasun iraunkorrerako politikak sustatzea, oinez, bizikletaz eta garraio publikoz egindako joan-etorriak lehenetsiz, eta alferrikako desplazamenduak murriztuz, errepideen beharra ez areagotzeko.

  • Autokontsumoa eta tokiko energia-komunitateak sustatzea, energia berriztagarrietan oinarrituta.

  • Desberdinkeriarekin amaitzea, aberastasuna birbanatuz eta zerga-politika progresiboak ezarriz.

  • Klima-aldaketan erantzukizunik handiena duten enpresei diru-laguntzak emateari uztea.

  • Mirari teknologiko faltsuak saltzeari uztea (hidrogenoa, zentral nuklearren belaunaldi berria, karbonoa harrapatu eta biltegiratzea...).

  • Hazkunde ekonomikoaren bidea alde batera uztea. Kapitalismoa da krisi klimatikoaren sorburua, eta ez da irtenbidea izango, berdez margotu arren (greenwashing, 3.0 industria, CO2 isurketen merkatua...).

  • Hondakinen kudeaketan, murrizteari, berrerabiltzeari, birziklatzeari eta konpostatzeari lehentasun osoa ematea, klima-larrialdiaren eragile diren gasen isurketa handia sortzen duen erraustea baztertuz.

 

 

Borroka globala, tokiko erantzunak

Klima larrialdiak, borroka globala izanik ere, tokian tokiko erantzunak behar ditu. Izan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu ageri-agerian uztea hemen, gurean, Euskal Herrian, egiten diren hondakin-, biodibertsitate-, lurralde antolaketa- edota energia-politikek larrialdi-egoera globalarekin zerikusi zuzena dutela. Politika horiek iraunkorra ez den eredu ekonomiko eta sozial batean sakontzera bideratuta baitaude, eta, horrela, larrialdi klimatiko eta ekologikoa areagotu baino ez baitute egiten. Norabide-aldaketa sakona behar dugu, trantsizio justu baterantz. Eta garbi dago ezin dela trantsizio justurik egin baldin eta aldaketa egoera honetara ekarri gaituzten esku berberetan uzten bada. Eta, hain justu, bertako agintariak horixe egiten ari dira, esaterako, pandemiatik suspertzeko europar funtsak jasotzeko lehen-lehen lerroan Iberdrola edota Repsol bezalako enpresak jartzen dituztenean.

Beraz, norabide-aldaketa sakona behar dugu, eta hori ez da posible izango baldin eta euskal jendarte aktiborik ez badago. Horregatik, COP26 dela eta, Euskal Herriko hainbat sektoretako talde eta elkarteak erantzunak antolatzen ari gara. Beharrezkoa da, eskualdez eskualde, klima larrialdiaren kausak areagotzen dituzten enpresa eta gobernuak salatzea, agintariei benetako aldaketak eskatzea, eta bestelako gizarte eredu baterako bidean antolatzea. Klima-aldaketari aurre egitea justizia klimatikoko ekintza bat da Hegoaldeko gizarteekiko, historian zehar Iparralde industrial eta kolonialak beren baliabideak lapurtu baitizkie, eta elkartasun-ekintza bat da etorkizuneko belaunaldiekiko.

 

Ekitaldiak


  Hauek izango dira antolaturiko ekitaldiak.

 

Denbora agortzen ari zaigu, jusztizia klimatikoa orain!

 

Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde

Interes ekonomiko nabarmenak dituzten enpresa handiek, erakundeen laguntzarekin, baliabide naturalak eta landa-ingurunea suntsitzeko proiektuen aldeko apustua egiten jarraitzen dute, krisi Irakurri

Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik!

Larunbat honetan, maiatzaren 20a, ESK-k “Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik!” ekimenak deitutako manifestazioan parte hartuko du, 18.00etan Gasteizko San Anton Irakurri

Munduko Bankuak klima-aldaketa finantzatzen du. Zuen negozioa, gure kolapsoa!

Maiatzaren 23, 24 eta 25ean kaleak hartzera gonbidatzen zaituztegu, Munduko Bankuak klima-aldaketa finantzatzen duela eta bere negozioa gure kolapsoa dela Irakurri

COP26, denbora agortzen ari zaigu, justizia klimatikoa orain!

COP26ko kideei eta estatuko, erkidegoetako eta tokiko gobernuei eskatzen diegu larrialdi klimatikoko adierazpenen erosotasuna alde batera uzteko, eta ekintzara jotzeko. Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3

 

 

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua