Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Lege berria iragarri du 2024rako. Lege horrek, berez, ez du egoera batere hobetuko arazoei heltzen ez badie. Neurriak hartu behar dira 2024ra arte itxaron gabe.

 

Euskal eskola publikoaz harro! Topagunea

 

Pasa den abenduaren 14an, Hezkuntza sistema publikoaren alde egitea helburu duen Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Topagunea aurkeztu genuen. Orduko hartan, gure hezkuntza- sistemaren diagnostikoa azaldu eta hainbat datu jarri genituen mahai gainean, bi sareetako datuak, publikokoak eta pribatu-itundutakoak, gaur egun errealitate gordina den eskola-segregazio jasanezina islatzen dutenak. Ez dugu Eusko Jaurlaritzatik inolako erantzunik jaso.

 

Ikasturtearen balantzea

Orain ikasturte gogor honen balantzea egitean, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuaren lehen ikasturte honetan, zoritxarrez, lanak izan ditugu:
Topagunea osatzen dugun plataformen arteko harremanak finkatu eta indartu egin ditugu.

Otsailean, matrikulazio garaian, “Euskal Eskola Publikoaz Harro” kanpaina babestu nahi izan zuten pertsona ezagun askok eskola publikoarekiko harrotasuna azaldu zuten.
Martxoan, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean parte hartu genuen alderdi politikoak zuzenean interpelatuz.

 

Sailburu berria, politika berberak

Bildarratzek kargua hartu zuenetik ez da ezer mugitu eta Jaurlaritzaren hezkuntza politikak merkatuaren interesen menpe jarraitzen du. Diru publikoa banatzeko irizpide bakarra oraindik orain kontzertazio unibertsala da. Madrilek markoa jarri eta EAEko Hezkuntza Sailak areagotu baino ez du egin sufritzen dugun sistema duala. Honen ondorioz, gaur egungo datuek lotsagarri izaten jarraitzen dute:

Adibide bat ematearren, pasa den apirilaren 21eko "Diversidad y Libertad" izeneko txostenaren arabera (Esade-Save the Children), EAE laugarren postuan kokatzen du, ELGAko herrialdeen artean (Turkia, Lituania eta Madrilen ondoren) lehen hezkuntzako eskola-segregazioa neurtzen duen zerrendan. Estatu espainolean bere jatorriagatik ikasleak gehien segregatzen dituen erkidegoa da EAE, eta bigarren tokian dago egoera sozioekonomikoagatik egiten duen ikasleen bazterketan.

 

Publikoa denona eta denontzat

Bi hezkuntza-sareak ez dira berdinak eta ezin dira parekatu bere tratamendu politikoan eta administrazioak emandako babes mailan. Publikoa denona eta denontzat den bitartean, sare pribatua kuotak ordaintzen dituztenentzat edota erlijio bati atxikitzen direnentzat da, eta klasismo arrazistari jarraiki egoera zaurgarrian dauden familiei sarbidea ukatzen die, familien aukeratzeko delako eskubidea aitzakia hartuta. Aukeraketa honek ondorio zuzena du hezkuntza-sisteman eta gizarte osoan: eskola-segregazioa. Edozein kuota ekonomikok, sareen dualizazioak, segregazioa sortzen du.

Topagunearen iritziz, ikasle guztiek elkarbizitzarako gaitasuna lantzeko aukera izango dutela bermatu behar da, aniztasun kulturalean eta sozioekonomikoan murgilduta, pertsonalki eta sozialki aberastu ahal izateko, aniztasunera irekitako gizarte inklusiboaren oinarriak ezartzeko. Hori ez da gertatzen ez familia pobreen indize handia duten eskoletan, ezta, diru publikoarekin finantzatuta, estratu sozioekonomiko ertain-altua duten haurrentzako soilik irekita dauden eskoletan ere. Guztiak galtzen ari dira, guztiok galtzen ari gara eta etorkizuneko gizartearen ongizatea kolokan jartzen ari da. Eta ez dezagun ahaztu, euskalduntze prozesuan, segregazioa oztopoa dela, euskararen normalizazioaren aurka jokatzen duena.

EAEko hezkuntza-sistema inflexio puntu batean dago. Agerikoa da Jaurlaritzan dauden alderdiei hezkuntzan gertatzen den giza eskubideen urraketak ez diela gehiegi axola eta Bildarratzen hitz eta irribarreez harago, ez dagoela ezer ez: eskola segregazioa eragiten duten pribatizazioari eta ikasleen baztertze dinamikei aurre egingo dien neurri eraginkorrik ez dago. Gizarte kohesioa ardatz dituen neurri errealak urgenteak dira.

 

PSEk eta EAJk pribatuarekiko babesa handitu dute

Baina datozen urteetako jaiotze kopuruaren jaitsierak ezinbestean eramango ditu EAJ eta PSE erabakiak hartzera. Nahi edo nahi ez, Jaurlaritzak hartu beharreko sakoneko erabaki politikoek EAEko hezkuntza-sistemaren eta gizartearen etorkizuna baldintzatuko dute. Tamalgarriak dira zentzu honetan Sailburuak LOMLOEren onarpenaren ostean eginiko adierazpenak: “Gure iritziz (irakaskuntza kontzertatuen patronalek), ez daukate kezkatzeko motiborik. Guk pentsatzen dugu lege honen aprobazioarekin ez dagoela inongo arazorik orain arte itunpeko ikastetxeekin egin dugun lanaren inguruan jarraitzeko, orain arte bezala”.

Azken hamarkadetako bilakaerak erakutsi digu zein den Jaurlaritzaren norabidea PSEren eta EAJren eskuetan: %20 igo da sare pribatuko itunen finantzaketa (2008-2021), eskola publikoek murrizketak jasan dituzten bitartean eta azken bi ikasturtetan eskola publikoan 160 gela gutxiago daude .

 

Hezkuntza-legea 2024rako

Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza-lege berria 2024rako aurreikusten duela jakinarazi du. Lege berri bat izateak, berez, ez du ezer hobetzen ez badie heltzen aipatutako arazoei eta dugun sistema duala diskriminatorioa sendotzeko izango bada. Neurriak hartu behar dira balizko hezkuntza-legeari itxaron gabe. Laster, hezkuntza-itunak beste sei urtetarako berritzeko garaia helduko da eta jakin nahiko genuke ea gaur egungo gelak itunduko diren. Diru publikoa luzatuko du EJk inolako baldintzarik gabe, gizartearen kohesioarekiko konpromisorik exijitu gabe?

Eskola publikoa indartzeko ordua da, azpiegiturak hobetuz, ratioak jeitsiz eta baliabide pertsonal eta materialetan inbertituz, murgiltze eredua unibertsalizatuz eta denona eta denontzat den hezkuntza publikoa ardatz bilakatuz. Bide batez, herriz-herri segregazio mapa osatu eta neurriak planteatu behar dira.

 

Mobilizazioak

Honegatik guztiagatik, Euskal Eskola Publikoaren alde mobilizatzeko garaia iritsi dela uste dugu eta horretarako, Hezkuntza publikoan sinisten duten herritar guztiei dei egiten diegu datorren udazkenean elkarrekin kalera ateratzera manifestazio erraldoia osatuz: familiak, langileak eta ikasleak.

Bitartean beste proposamen bat egin nahi diegu ikastetxe guztiei: mobilizazioko kartelean agertzen den zurigunean, ikastetxearen izena jarri eta ikastetxeko toki ikusgarri eta esanguratsu batean itsatsi, gaurtik udazkenera bitartera. Gero, kartelarekin, hezkuntza-komunitatearen argazkia egin eta Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera bidaltzeko gonbita egiten dugu. Ikastetxe guztien atxikimendua jaso nahi dugu Euskal Eskola Publikoaz harro gaudela berriro ere adierazteko.

Bada, hemen gaude, gero eta gehiago eta gero eta lotuago hezkuntza publikoaren alde eta pribatizazioari ez esateko!
Udazkenean denok kalera!

 

Topagunea

Kide hauek osatzen dugu Topagunea:

  • Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Donostialdeako, Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak. Goieskola.
  • EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea)
  • HEIZE (Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa)
  • Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, Ikasle Abertzaleak
  • Sindikatuak: LAB, STEILAS, CCOO, ESK

 

Euskal eskola publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez!

Euskal Eskola Publikoaz Harro elkarteak Euskal Eskola Publikoa lehenesteko eta Hezkuntza Lege hau baztertzeko eskatu die alderdi politikoei. Urriaren 29an Irakurri

Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez!

Hezkuntzari buruzko Legea izapidetzen hastera doala, lege-aurreproiektu honi ezezkoa ematen diogu berriro, eta ekainaren 9ko manifestazioetan parte hartzera animatzen zaitugu. Irakurri

Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez!

Azaroaren 5ean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera animatzen dugu, pertsona guztientzat eskubide berdinak bermatuko dituen kalitatezko hezkuntza publiko eta Irakurri

Hezkuntza akordio txar honetatik, lege berri on batera

Hezkuntza Akordioaren irakurketa ezkorra egiten dugu, ez duelako jasotzen eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunea eta lehentasuna izatearen beharra. Ekainaren 5ean Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3

 

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua