2021eko martxoaren 8rako ESKk patriarkatua apurtzea aurrean dugun erronkarik nagusiena dela azpimarratu nahi du.

 

cartel 8 de marzo de 2021 sindicato ESK

 

Patriarkatua apurtzea: horixe da, zalantzarik gabe, aurrean dugun erronka. Nagusi den sistema patriarkala behingoz suntsitzea, emakumeok arlo publikoan eta pribatuan menpe egoten jarraitzea eragiten duena. Sistema patriarkala kapitalismoaz baliatzen da tandem kriminala sortzeko; emakumeon etengabeko pobretzea betikotzen du, eta baztertu egiten gaitu gizartean eta ekonomian gutxien balioesten diren zereginetara, enplegu prekarioetara. Hala, eremu pribatua gainditzen duen indarkeria eragiten digu, erakundeek ere ahalbidetzen eta justifikatzen duten indarkeria. Patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko aliantzak emakumeak mespretxatzen ditu, eta soilik kapitalaren intereserako baliatzen ditu.

 

Covidek gure egoera okertu du

Oraindik pandemia gainditzen ari garen honetan, ikus dezakegu gehienbat emakumeok arduratzen garela zaintzarekin lotutako guztiaz; izan ere, emakumeok lehen lerroa hartu genuen 2020ko konfinamendu gogorreko funtsezko zereginetan. Horrek guztiak gugan izan dituen ondorioak ez dira aitortu, eta, gainera, gure egoerak okerrera egin du.

Emakumeok gara, oraindik ere, lanaldi partzialeko lanpostu prekarioenak ditugunak, eta langabezia-tasa handiena dugunak. 2020. urtean, emakumeen langabezia-tasa %18,4koa izan zen, hau da, gizonena hirukoizten zuen. Gainera, emakumeei langabezian egoteko arrazoien inguruan galdetzean, 3tik 1ek zaintzari lotutako arrazoiak ematen ditu; gizonen kasuan, berriz, oso gutxi dira lan erreproduktiboez arduratzeagatik enplegurik ez dutenak. Gainera, lanaldi partzialeko 4 enplegutik 3 emakumeek gauzatzen dituzte, eta soldaten genero arrakala %21etik gorakoa da oraindik ere; ehuneko hori izugarri areagotzen da pentsioen arrakalari erreparatuz gero.

Datu horiek aztertuta, pentsa genezake lan-eremuan dagoela arazoa, baina ez da hala. Sistema patriarkala da baldintza horiek sostengatzen, sustatzen eta balioztatzen dituena. Sistema bera da —politika publikoak ez existitzea eta/edo eraginkorrak ez  izatea— emakumeok jasaten dugun diskriminazioa betikotzen duena.

 

Zaintzak, soldata-arrakala eta pentsioak

Osasun krisialdi honetan, 4 emakumetik 1ek uko egin dio bere enplegu osoari edo zati bati, zaintzarekin lotutako zereginak egiteko; horretarako eszedentziak, soldatarik gabeko egunak, lanaldi-murrizketak edo, kasuen %74an, oporrak erabili dituzte. Emakumeok, beraz, pandemia ordaintzen ari gara, eta, horren aurrean, ez gizonek, ez administrazioek, ez gobernuek, ez enpresek, ez dute ezer egiten, ez zaielako interesatzen. Izan ere, egoerak mesede egiten die ekonomikoki eta sozialki, eta horrela, beren pribilegioei eta etekinei eusten diete.

Soldata arrakala eta pentsioen murrizketa ez dira kasualitatearen emaitza, egiturazko sistema patriarkalaren emaitza baizik. Ez da neurririk proposatzen egoera zuzentzeko, eta zerbait proposatzen denean, egoera konpondu beharrean, emakumeak egoera are okerragora eramaten ditu, pentsioen osagarriarekin gertatu zen bezala. Izan ere, politika feministak egiten ez direnean, zeharkakotasunik ez dagoenean, lege hutsak eta zentzugabeak baino ez ditugu lortzen, zapaltzen gaituen sistemari eusten diotenak, ez besterik.

Krisialdi honetan, zaintza lanak ahulgune direla ikusi da; izan ere, zaintza lanak merkaturatzeak eta zaintza-karga eremu pribatura murrizteak, agerian utzi dute zaintzaren krisia. Administrazio publikoek zaintzak merkantilizatzeak eta enpresa pribatuak zaintzarekin salerosketan aritzeak erabateko prekarietate-egoeran jartzen ditu langileak (gehienak emakumeak). Era berean, zaintzak eremu pribatura mugatzen direnean, egoera berbera da: emakumeak dira, zaintzeko, beste kontuei uko egiten dietenak, eta emakumeak dira, halaber, etxeko langile eta zaintzaile gisa kontratatzen direnak, baldintza erabat prekarioetan. Azken horri gehitu behar diogu lan horietan emakume askok jasaten duten esplotazioa, baita emakume migratuen egoera are zaurgarriagoa ere; izan ere, lan-prekarietateari ez ezik, prekarietate sozialari ere aurre egin behar diote.

 

Enplegua ez da biziraupenerako bermea

Enplegua izatea ez da ez biziraupenerako ezta ongizaterako bermea ere, are gutxiago emakumeen kasuan. Enpleguen partzialtasunak, ezegonkortasunak eta lan erreproduktiboaz gu arduratu beharrak, emakume-aurpegia jartzen dio pobreziari. Lan-merkatuaren zailtasunek, esparru horretan emakumeok jasaten ditugun mota guztietako indarkeriek, enpleguaren ezegonkortasunak edo enplegua galtzeko beldurrak, lan-baldintza prekarioak onartzera garamatza, eta, azken batean, prekarietatea emakumeentzako enplegu-eredu gisa normalizatzera.

Sistema apurtu beharra dago. Ezinbestekoa da sistema patriarkala errotik suntsitzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da bizitzak erdigunean jartzea, esparru guztietan genero-desparekotasunak erabat eraldatzea. Eta soilik posible izango da, baldin eta berdintasunera bideratutako zaintza-kalitatearen, osasunaren eta hezkuntzaren inguruko politika publikoen alde egiten badugu. Baliabide naturalak modu publiko eta komunitarioan kudeatuko dituzten politikak behar ditugu, ekoizpen-eredua aldatuta. Ekonomia jasangarria eta feminista behar dugu. Bizi-baldintzak hobetuko dituzten eredu berriak behar ditugu, hala nola Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta, hileroko diru-sarrera ziurtatuta izatea ahalbidetuko duena, horrela zenbait erabaki hartzeko  autonomia handiagoa izateko, eta beste pertsona batzuen mende egon behar ez izateko baliabide ekonomikoak lortzeko orduan.

Emakumeok bigarren mailako langile izateari utzi behar diogu, gure lankideek baino eskubide gutxiago baititugu, eta behin betiko ezabatu behar ditugu soldata arrakala eta ezartzen dizkiguten lan-baldintzak, etorkizunean pentsio arrakalarik ere ez dadin egon. Horretarako, beharrezkoa da politika eraginkorrak sortzea eta existitzen diren arrakalak zuzentzea. Argi daukagu hori borondate politikoren araberakoa dela, kontu ideologikoa dela, eta mekanismoak daudela ez gertatzeko.

Ezin dugu onartu bigarren mailako emakume langilerik egotea, baina ezta ere beste batzuek baino eskubide gutxiago dituzten emakumeak egotea. Bada garaia patriarkatua apurtzeko, eta mugak eta harresiak hausteko, gure artean sareak eta zubiak eraikitzeko. Eta Emakumeen Mundu Martxak egiten duen bezala, guk ere transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak salatzen ditugu, sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkalaren tresna baitira.

 

#SistemaArrakalatu

 

Zaintzak, nori egiten die mesede?

Zaintzak emakumeek beren gain hartutako ardura izan dira, eta ez dute erantzuteko, konpentsatzeko eta ordutegirako eskubiderik izan. Zaintza horiek sistema Irakurri

Soldata-arrakala, bide luzea oraindik ere

Otsailaren 22a, emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasunaren aldeko eguna da Europan. Emakumeek aurrerapausoak eman arren, mugimendu feminista indartsu eta tinko Irakurri

Zainketa-sistema publikoa lortzeko abiaburua

Bestalde, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko arratsaldeko manifestazioetan parte hartzea eskatzen diogu Euskal Herritar orori. Denon bizitzaz ari gara Irakurri

Indarrez abiatu da Greba Feminista Orokorra

Egun osoko mobilizazioetara batzeko deia zabaltzen dugu, zaintza zerbitzuen pribatizazioa salatu, zaintza langileen egoera kolapsatuekiko ardura exijitu, sistema publikoaren alde Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8

 

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua